Beste urtebete jarduera bizian — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Beste urtebete jarduera bizian

Aurtengo helburuen artean aipagarri: bilketa solidarioak, lan bizitza eta familia bateratzea, eta euskararen sustapena.
Beste urtebete jarduera bizian
2016/12/15
| Errefuxiatu siriarrekin elkartasuna
2015. urtearen bukaerara arte egindako kanpainaren fruitu, ULMA Fundazioak ia 6.000 euro batu zituen zu bezalako pertsonek egindako ekarpenei esker. Diru hori baliatu zen aurtengo urtarrilean ACNURrek oinarrizko elikagaien 500 lote eta mantak bidal zitzan Siriara, Madaya herrian errefuxiatu familien artean banatzeko.

 

| Bazkide kanpaina: Berria eta Goiena Klub
ULMAn lan egiteagatik, Berrian eta Goiena Kluben urteko bazkidetza egiteko aukera eman genuen, urteko kuotan deskontu handiak eginda. Bi komunikabideok euskaraz argitaratzen dira osoki eta, kanpainaren bidez, erabilera ere sustatzen dugu.

 

| Start Innova: Ekintzailetza sustatuz
ULMA Fundazioak Start Innova programan parte hartzen du. Programaren bidez, enpresa, gizarte edo bestelako ekintzailetza proiektu bat garatzeko behar diren metodologia eta tresnetan trebatzen dira gazteak.
Edizio honetan, Oñatiko Elkar Hezi ikastolan batxilergoa egiten dabiltzan ikasleak trebatu dira, eta bertako hiru ikasle bost finalisten artean sartu ziren. Bigarren, hirugarren eta bosgarren postuak hartu zituzten azken sailkapenean, hainbat ikastetxetako 750 ikasle baino gehiagoren artean.

| Ibilketa nordikoari buruzko tailerra
“Izan osasuntsu” osasun programaren barruan, otsailaren 23an ibilketa nordikoari buruzko hitzaldi/tailer batera joateko aukera izan genuen, Nordic Walking Cluben eskutik. Bertaratutakoek aukera izan zuten ibilketa mota hau osasunerako zein mesedegarria den jakiteko eta teknika bikain honi ekiteko jakin beharrekoak praktikan jartzeko.

 

| Ilunbera irteera
Martxoaren 27an, ohiko irteera egin zen Ilunbera, Gipuzkoa Basket Cluben eta FC Barcelona Lassaren arteko saskibaloi partida ikustera. Aurreko urteetan bezala, autobus bidaia eta sarrerak doan izan ziren ULMAko langileentzat eta langileon familiarteko guztientzat.

 

| Eskolako materialaren bilketa Sahararako
Eskola materiala bildu zen Saharako Tindufeko kanpamentuetan bizi diren haurrei bidaltzeko. Guztira, 2.000 kilo koaderno, estutxe, pintura, boligrafo, etab. eta 242 motxila; horixe izan zen haraino bidaltzea lortu genuena, Hermansoloña (Oñatiko Anaitze Solidarioak) GKEaren ezinbesteko laguntzarekin, GKE hori arduratu baitzen bildutako material guztia sailkatu eta furgonetan bidaltzeaz. Furgoneta zuzenean joan zen Oñatitik saharar kanpamentuetaraino.

 

| Bidegorriak euskararentzat
ULMAn euskara erabiltzeko motibazio taldeak “Bidegorriak euskararentzat” izeneko proiektu soziokulturala bultzatu du. Helburua, hauxe: euskarak, mundu honetan hizkuntza gutxitua den aldetik, hemen bere espazio propioa eduki behar duela eta denok bereziki zaindu behar dugula aldarrikatzea. ULMAn maitasun bereziz zaintzen dugu.
Proiektuak hiru fase desberdin izan zituen:
· Martxoa-apirila-maiatza:
Hil horietan hizkuntza ekologiaren dekalogoa argitaratu zen. Hala, munduko hizkuntza desberdinen arteko bizikidetza arauak ikasi ahal izan genituen astero. Aldi berean, gaiari buruzko galdera eta erantzunen hizkuntza lehiaketara jolastu ginen.
· Ekaina-uztaila:
Euskararen hormairudiak zuhaitz itxurakoak ziren. Langileek hosto itxurako eranskailuetan idatzi zituzten beren konpromisoak, gero hosto horiek zuhaitzetan zintzilikatzeko.
· Iraila:
Proiektua amaitzeko, joan den irailaren 23an ULMAk euskararen erabilerarekin hartua duen konpromisoa erakutsi genion Oñatiko herriari; horretarako, Oñatin bizikleta martxa bat antolatu zen ULMAren negozio guztien aurretik doan bidegorrian zehar. 150 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten ibilbidean. Martxa plazan bukatu zen, Amaia Txintxurretaren musika ekitaldiarekin. Gauean KALAKAN taldearen emanaldia izan zen Parrokian, Oñatz Dantza Taldearen eta Ganbara Abesbatzaren lankidetzaz.

 

| Udako haur tailerrak
Guraso langileei laneko bizitza eta familia bateragarri egiten laguntzeko, ULMA Fundazioak lehen haur tailerrak antolatu zituen ULMA Taldearen Oñatiko instalazioetan. Tailerrak ekainean eta arratsaldez egin ziren, hots, etxeko gaztetxoenek eskolara soilik goizez joan behar dutenean; arratsaldeko ordu 2ak eta 6ak bitartean, ULMAko guraso langileen lan ordutegian.
Tailerretan 46 haur ibili ziren 4 monitoreren laguntzaz, eta inguratzen gaituen natura zaintzeak daukan inportantziaz jabetzeko aukera izan zuten jolas, esperimentu eta eskulanen bitartez. Gainera, irteerak egin eta ingurunea behatzen ere ibili ziren.
Halaber, beste parte hartzaile batzuek beren eskulanak bidali zituzten eta ekainaren 30eko jaialdira batu ziren, tailerrei amaiera emateko.
Bai gurasoek bai haurrek lehen edizio honen gainean egindako balorazioa oso positiboa izan zen, parte hartzaileek bete zuten inkestaren emaitzetan ikusten denez.

 

| Karamelu solidarioak
APANekin (Haurrei Laguntzeko Elkartea) eta minbizidun haurrei laguntzeko FLEXER Fundazioarekin lankidetzan, karamelu solidarioen erosketa antolatu dugu. Orduz geroztik, karameluak ULMA Taldearen Kontseilu Gelan jartzen dira. Negozio guztiak animatu nahi ditugu beren karameluak ere solidarioak izan daitezen kausaren baten alde.

 

| Elikagaiak biltzeko kanpaina
Bilketa solidario hau elikagaiak Elikagaien Bankura bidaltzeko antolatzen da.
Gero, Bankuak berak inguruko udaletxeetara bidaltzen ditu familia behartsuen artean banatzeko. Bilketan, batez ere esnea batu zen, une hartan gehien eskatzen zena esnea zelako, baina barazki, lekale eta arrain kontserbak ere bildu genituen. Eskerrik asko, beti bezala, zuen laguntza atseginagatik.

 

| Laguntza psikologikoa
Oñatiko San Martin Egoitzan bizi eta mendekotasuna duten adinekoen familiartekoei laguntza psikologikoa emateko zerbitzua. Taldean egiten diren saio hauek ULMA Taldeko Giza Baliabideetako zuzendaria eta era berean psikologoa ere den Joseba Martinezek koordinatzen ditu, bere borondatez zeharo, ostiral arratsaldeetan 6etatik aurrera.
Saioon helburua familiartekoen ondoan egotea eta beren egoera pertsonala ahalik eta onena izateko jarraibideak ematea da.
Horretarako, erlaxazio ariketak, programazio neurolinguistikoko eta talde laguntzako teknikak erabiltzen dira. Hori guztia, antsietatea nahiz ondoeza eragin dezaketen egoerei aurre egiten laguntzeko.
Ekain-uztaileko lehen fasea oso positiboa izan zen bertaratutakoek eta egoitzako langileek egindako balorazioaren arabera; hori dela eta, bigarren faseari ekin zaio, urritik urte bukaerara arte.

 

| Boluntario soziala Hondurasera joateko
ULMA Fundazioak deialdi bat egin zuen uztailean ACOES (Lankidetza eta Ahalegin Elkartea) GKEaren eskutik Hondurasera bidaiatzeko prest legokeen norbait identifikatzeko. Helburua boluntario gisa lan egitea da, hilabetez laguntza behar dutenei lagunduz, norberak ondoen egiten dakiena erakutsiz.
Baina deialdiak ez zuen erantzunik izan. Eutsi egingo diogu ideiari eta 2017an atzera ere planteatuko dugu proposamena. Pertsona hori zu zeu izan zintezkeela uste baduzu, has zaitez datorren urterako agenda planifikatzen eta opor solidarioetarako denbora tartea gordetzen.

 

| Grezian errefuxiatuta daudenentzako bilketa
Egun bertsuetan, Europako mugetara iristen diren errefuxiatuei laguntzen diharduen Hotz Oñati herritar plataformak materiala bildu eta Grezian errefuxiatuta daudenei bidaltzeko kanpaina bati ekin zion. Greziarainoko bidalketak ordaindu ahal izateko, bilketa antolatu zuten Oñatiko enpresa batzuetan, bertan itsulapiko solidarioak jarrita. ULMA Fundazioak bere negozio guztietan jarri zituen halako itsulapikoak eta hilabetean 100 euro pasatxo batu ziren. Batere eza baino hobe, dena baita lagungarri.

 

| Mundukide Fundazioaren kanpaina “Minutu bat egunero”
Urriaren 17an, hots, Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Mundukide Fundazioaren “Minutu bat egunero” kanpaina abiatu zen ULMAn, bazkide berriak erakartzeko helburuarekin. Sinplea da proposamena: gure hileko soldatan eguneroko minutu bati dagokion balioa Mundukideri ematea, hegoaldeko herrialdeetan martxan dauzkan proiektuetan lanean jarraitu ahal izateko.
Kanpaina hau gure kooperatibetan izango da abendura arte, eta gero Arrasateko beste kooperatiba batzuetara eramango da.

 

| ERRIGORA: Nafarroa hegoaldeko uzta, euskararen alde
Azaroaren 8ra arte, ERRIGORAren bitartez euskararen aldeko Nafarroa solidarioaren produktuak erosteko aukera eman genuen. Kontuan izan behar da biltzen den zenbatekoaren %20 euskara Nafarroa hegoaldean zabaltzeko proiektura bideratzen duela ERRIGORAk.

 

| Gurutze Gorriaren jostailu bilketa
Urtearen amaierarekin, Gurutze Gorriak jostailuak biltzeko egiten duen kanpaina solidariora batzen da ULMA Fundazioa. Biltzeko kaxak abenduaren 16ra arte egongo dira zure kooperatiban. Bertan utz ditzakezu 0 eta 15 urte bitartekoentzako jostailuak, berriak, ez sexistak eta ez belikoak, adierazitako adinerako segurtasun arauak betetzen dituztenak.
Ez badakizu zer jostailu erosi edo ez badaukazu astirik, badaukazu aukera kanpainan kolaboratzeko, izan ere, 5, 10 edo 20 euroko ekarpen ekonomikoa egin dezakezu Gurutze Gorriak faltan duena eros dezan; horretarako:
- Dirua sar dezakezu Gurutze Gorriaren kontuan: ES22 3035 0001 510010018156.
- Edo bestela zure Pertsonal Departamentuari eska diezaiokezu dena delako kopurua jartzeko eta 2017ko urtarrilaren 5ean ordainduko den abenduko nominatik deskontatzeko.
Eskuratutako jostailu guztiak inguruko udaletxeetan entregatuko dira, familia behartsuenen artean banatzeko.
Datozen Gabonetan, denon laguntzarekin, zure inguruan ez da egongo jostailu barik geratuko den umerik.