Soluzio berritzailea gaixotasunak erretinaren bitartez diagnostikatzeko
| ULMA TALDEAREN sustapen jarduera
Egitasmoa ULMAko sustapen zentroan azken urteotan garatzen ari diren ekintzen barruan aurkitzen da, eta Taldeak sustapen berriak garatzeko ezarritako politikan oinarritzen da, hurbileko etorkizunean kooperatiba berriak sortu ahal izateko eta, horrenbestez, ULMA Taldearen eta bere Negozioen posizionamendua indartzeko.
ULMAk garatutako soluzioak erretinaren bidez hainbat gaixotasunen diagnostiko goiztiarra erraztuko du
ULMA Innovacionen garatu da proiektu hau, osasun arloko prestigio handiko erakunde ezberdinekin elkarlanean, horien artean Osakidetza, Vall d´Hebron ikerketa institutua, Vicomtech-IK4, IDIAP Jordi Gol eta Valentziako Unibertsitatea daudelarik. Proiektua begiaren erretinan dauden lesio eta alterazioen azterketa automatikoan oinarritzen da, eta nola hauek informazioa eman dezaketen prebalentzia handiko gaixotasunei buruz (diabetesa, hipertentsio arteriala), eta hauekin lotuta dauden beste hainbat gaixotasun kardiobaskular, zerebrobaskular eta neurologikoen inguruan..
Gaixotasun horiek gizartean eragiten duten gastu sozial, sanitario eta ekonomikoaren ondorioz, osasun publikoko lehen mailako arazo bihurtu dira eta, horregatik, gizarte publiko zein zientifikoarentzat eragin handiko soluzio beharra dago.
Gizartean dagoen behar horri aurre egiteko ULMAren proposamenak errekonozimendua lortu du Europar Batzordearen eskutik, bere proiektua hautatua izan baitzen 2015eko azaroan, ETE tresnako 1. fasean “Open Disruptive Innovation Scheme” kategorian beste 17 proiekturekin batera, guztira 543 proposamen aurkeztu zirelarik, eta kontuan hartzekoa da Horizonte 2020 programaren barruan ETE tresna egitasmo zorrotza dela, non kategoria honen arrakasta tasa %3,3koa izan den.
ETE Tresna, berez, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Europan dagoen programa nagusia bezela dago kontsideratuta, eta hautatutako proiektuek finantzaketa jasotzen dute enpresei soluzio berritzaileak merkaturatzen laguntzeko. Momentuz, IBMEIk 1. fasean jasoko duen finantzaketa hauxe izan da: 50.000 euro - sei hilabete, kontzeptuaren bideragarritasun teknikoa eta merkaturatze ahalmena aztertzeko, proiektu berritzaile bat aurrera ateratze aldera.
| Merkaturako soluzio integrala
Proiektuaren xedea merkatuari irudi oftalmologikoaren arloko soluzio integral bat eskaintzea da. Soluzioa, begiko lesio eta gaixotasun desberdinak detektatzeko erretinako irudiak automatikoki aztertu eta prozesatuko duen software modular batez eta erretinaren irudia ateratzen duen kostu baxuko gailu espezifiko batez osatuta dago.
Erabilitako teknologiak ULMA Taldearen Sustapen zentroak egindako ikerketa eta garapenetan oinarritzen dira
Proiektuaren teknologia, berriz, azken urteetan ULMA Innovacionek garatu duen Retinal proiektuan oinarritzen da. Hala, AVR software moduluaren prototipoa garatuta dago, erretinako irudi batean arterien eta zainen diametro erlazioa automatikoki kuantifikatzen duelarik. Parametro hau gaixotasun desberdinekin lotzen da, horien artean iktusa, alzheimerra eta esklerosia, besteak beste.
Gaur egun, mikroaneurismak automatikoki detektatzeko software modulu berri baten garapenean ari dira lanean, erretinopatia diabetikoa duten pazienteen baheketa egiteko (horixe da diabetesaren begi seinale nagusia, ikusmena galtzea eta are itsutasuna ere ekar dezakeena).
Modulu hau balioztatzeko fasean aurkitzen da Osakidetzaren partetik eta lehen mailako arretan aplikatuko litzateke nagusiki, erretinopatia diabetikoko baheketa programetan, prozesua automatizatu eta arintzea ahalbidetuko bailuke, espezialistaren lan karga gutxituz.
Bi software modulu hauekin, ULMA Innovacionek alor baskularreko eta diabetesaren alorreko beharrak asetutzat jotzen ditu, eta softwareari modulu berriak eransteko aukera baloratzen ari dira, beste lesio eta gaixotasun batzuk detektatu ahal izateko.
Gainera, erretinaren irudia ateratzeko kostu baxuko gailu optiko espezifiko baten prototipoa garatzen ari dira, lehen mailako arreta zentroek eta baliabide gutxien duten zentroek eskuratzeko modukoa.
| Hainbat ikerketa eta saiakuntza klinikoetarako aplikazioa
Profesional ezberdinek erabili ahal izango dute orokorrean lehen mailako arreta zentro, anbulatorio eta zentro oftalmologikoetan
Praktika klinikoan duen aplikazioaz gain, soluzio honek unibertsitate eta erakunde sanitarioetan aplikatzeko ahalmen handia dauka, ikerketa klinikoaren esparruan, gaixotasun jakin batzuen ikerketa epidemiologikoak egiteko. Izan dezakeen beste aplikaziotako bat farmazia sektoreko saiakuntza klinikoen arlora zuzentzen da, hipertentsioaren aurkako botiken eraginkortasuna neurtzeko hain zuzen ere.