ULMA Agricola 10,5 milioi euro inbertitu ditu planta berri batean
Plan Estrategiko berriaren esparruan, ULMA Agricolak abangoardiako ekoizpen planta bat inauguratu du, eta jasangarritasunean, eraginkortasunean eta sektorearen etorkizuneko eskaeretara egokitzeko gaitasunean erreferente izango dela espero da. Guztira 10,5 milioi euro inbertitu dira azpiegituran eta teknologian, eta, inbertsio hori eginda, 9.000 m² baino gehiagoko espazio hori konpainiak berrikuntzarekin eta hazkunde jasangarriarekin duen konpromisoaren adierazgarria da.
Plantak eraginkortasun energetikoko eta funtzionaltasun aurreratuko hainbat neurri ezarrita ditu, etengabe aldatzen ari den merkatuaren erronkei erantzuteko. Testuinguru horretan, Alberto Galdos ULMA Agricolako zuzendari gerenteak adierazi du “berotegiko laboreak direla, gaur egun, nekazaritza produkzioaren apustu seguruena, baldintza meteorologiko, izurrite eta gaixotasun gero eta aldakor eta oldarkorren aurrean; produktuaren kalitatea eta hornidurak ezarritako datan egiteko konpromisoak ziurtatzeaz gain, uraren kontsumoan %40era arteko murrizketa eta uraren erabileran aurrezpen nabarmena dakarte.
Planta berriak plantilla %25 handitzea ahalbidetuko du, batez ere ingeniaritza industrialeko eta klima kontroleko teknologiako arloetan.
Bisita instituzionala
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua eta Izaro Elorza Oñatiko alkatea ULMA Agricolaren lantegi berrian izan dira, bisitan.
Instalazio berrietatik egindako ibilbidean hau nabarmendu dute: Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredoren ustez, "Euskadin, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan bezala, lehen sektoreak teknologia eta ezagutza eguneratze etengabea eta bizia behar du, eta, ziur asko, sartzen ari diren belaunaldi gazteek ekarpen handiagoa egin dezakete".
Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak pozik hartu du ULMA taldeak egindako apustua, hau da, inbertitzea eta ekoizpen planta bat garatzea, “elikagai jasangarrien eta kalitatezkoen ekoizpenean jauzi kualitatiboa emateko”.