Euskararen Eguna; ULMAren euskara planak 20 urte
Euskararen Eguna ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu genuen Gandiaga Topagunean. Bertan izan ziren ULMAko 80 langile baino gehiago, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko Kultura batzordeko presidentea eta Amaia Balda Etxarte Emun Aholkulariak elkarteko koordinatzailea.
Ekitaldian ULMAk azken 20 urteetan euskararen arloan egindako ibilbidea errepasatu zen eta Ibon Calvo ULMA Taldeko presidenteak ULMAren euskara planaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin zuen. Aurkezpenaren ondoren, bertaratutako guztiek taldekako lan batean parte hartu zuten: 2044an euskarak ULMAn izango duen egoera irudikatu zuten.
Horren ostean, Kontrapas proiektua aurkeztu zen eta egunari amaiera emateko, Eñaut Elorrietaren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Jardunaldiaren laburpen-bideoa
Kontrapas, euskararen aldeko collage kolektiboa
Bertaratutako guztiek Kontrapas abestiaren collage kolektiboa ikusi ahal izan zuten primizian. Proiektu horretan ULMAko 300 langilek hartu dute parte, eta hemen ikus dezakezu:
Ikus-entzunezko emaitza hau urte osoko lanaren ondorioa da eta eskerrak eman nahi dizkizuegu euskararen alde abestera animatu zareten guztioi. Gainera, zorionak eman nahi dizkiogu ULMA Packagingeko Haritz Igartua Mendietari, Kontrapas abestian parte hartu duten pertsonen artean zozketatutako Oñatiko Zumeltzegi Dorreko jatetxeko bi lagunentzako Gebara menua irabazi duelako.