Mundukidek Brasilen duen proiektuaren parte izan nahi duzu? — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Mundukidek Brasilen duen proiektuaren parte izan nahi duzu?

ULMAko bazkide baten bila ari gara , Brasilen, Mundukiderekin lankidetzan, Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) mugimenduarekin batera lan egiteko.
Mundukidek Brasilen duen proiektuaren parte izan nahi duzu?
2024/11/19

Bestelako kultura eta gizarte batean lan egiteko aukera izango duzu, autogestio, antolaketa eta komunikazio gaitasunak garatu ahalko dituzu. Azken finean, balio kooperatiboak biziberritzeko esperientzia izango da, eta ULMAk 2018tik parte hartzen duen programa bati jarraipena emateko aukera paregabea.

ULMAko azken kooperantea ULMA Forged Solutions-eko Itziar Aranburu izan da, eta Mundukide eta MSTrekin amaitu berri du bere lana. Hiru urtez, Mundukidek bultzatzen duen Garapen Sozioekonomikorako eta Antolakuntza Indartzeko Programaren koordinatzaile gisa aritu da. Bere gaitasunak, ezagutzak eta ULMAren esperientzia kooperatiboa, beste errealitate kooperatibo batzuetatik datozen pertsonekin partekatu ahal izan ditu.

Itziarrek bidalitako bideo honetan bere egonaldian bizitako eta ikasitako guztia kontatzen digu.

Zer eskaintzen dizute ULMAk eta Mundukidek?

Mundukidek proiektu honetarako eskaintzen dituen baldintzak honako hauek dira: lan-kontratu bat Espainian eta bere soldataren % 100eko kotizazioa Espainiako Gizarte Segurantzan. ULMAk Mundukideri soldata-kostuaren pareko dohaintza egingo dio, eta bazkideak Mundukiderekin duen lan-kontratua indarrean dagoen bitartean (erretiroa, alarguntza eta baliaezintasuna) Lagun-Aro BGAEri kotizazioa erraztu eta konpentsatuko dio.

Gainera, bazkideari 2 urteko eszedentzia negoziatua ematen dio, luza daitekeena, Brasilen Mundukideren programan sar dadin eta akordioa betetzean, 3 hilabete lehenago jakinarazita, bazkidea ULMAra itzuliko da, eszedentzia negoziatuaren aurretik zuen kontratu-egoerarekin. Horretarako, talde profesional bereko lanpostu baten bilaketa aktiboa egingo da, ULMAra itzultzea errazteko.

Lanpostuaren lan-baldintza eta ezaugarri guztiak hemen aurkituko dituzu.

Mundukideren proiektuan parte hartu nahi baduzu, jarri harremanetan azaroaren 30a baino lehen ULMA Taldeko Pertsonen Arloko Laura Beitiarekin (lbeitia@ulma.com).