Ulma Taldea
Negozioetako lehendakariak, Eraldaketa Soziala
ULMA Taldeko lehendakarien iritzia ezagutu nahi izan dugu, azken hilabeteetan ireki den eztabaida prozesuaz zer pentsatzen duten azaltzeko.
Batzuek besteek baino denbora gehiago daramazue kooperatibetako negozioen lehendakaritzan, eta, berez, zuen esperientzia ezagutu nahi dugu.
R.G.: Niretzat, oso esperientzia ona izaten ari da. Sei urte baino gehiago daramat karguan, eta jende askorengandik gauza asko ikasteko aukera izan dut. Hainbat lehendakaritzatan nabil aldi berean, eta oso aberasgarria da, nahiz eta etsipen puntu hori duzun, eremu instituzionalean zaudelako eta erabakiak hartzeko ahalmena mugatua delako. Aldatu nahi zenituzkeen gauza asko ikusten dituzu, baina kudeaketa beste pertsona batzuen esku dago, eta, horregatik, aukera mugatua da.
L.D.G.: Nik bi urte eta erdi daramatzat karguan eta nire esperientzia, baita ere, aberasgarria da. Edonola ere, osagarria da, izan ere, dagoeneko 19 urte daramatzat ULMAn, ULMA Packagingen zehazki. Teknologia eta proiektuetara oso zuzenduta dagoen arlo tekniko batetik nator, bezeroekiko harreman apur batekin.
[...]