Jose Ignacio Bermejo - ULMA Taldeko beste talentuak
| ELKARTASUNEAN BIZKORRENAK
ULMA Constructioneko bazkide Jose Ignacio eta Juan Carlos Bermejo anaiek rally solidario batean parte hartu dute Marokon.
“Niri betidanik gustatu izan zaizkit asko lur orotako ibilgailuak; hala, holako ibilgailu zahar bat erosi eta birmoldatu egin genuen. Gero jakin genuen rally solidario bat zegoela, eta han joan ginen nire anaia –mekaniko izandakoa– eta biok, abenturara”. Berba horiekin hasi du Jose Ignacio Bermejok bere kontakizuna. Izan ere, joan zen abenduan Atlaseko Klasikoak Rally Solidarioan parte hartu zuen, Atlas mendikate inguruetan.
10 egun irauten duen lehia solidario honetan, parte hartzaileek oinarrizko baldintza hauek bete behar dituzte: 20 urtetik gorako 4X4 ibilgailu bat edukitzea eta produktuz beteriko pakete bat eramatea, ibilbidean zehar banatzeko.
Gainerako parte hartzaileei eta parean tokatu zaizkigun guztiei lagundu diegu. Gu ez ginen lehiatzera joan
Parte hartzaileek, gainera, egoki ikusten duten hornigaiak eraman ditzakete Atlas inguruko herrixketako biztanleen artean banatzeko. Atlas mendikatea Afrika iparraldeko itsasertzaren eta Saharako basamortuaren artean dagoen muga naturala da.
Jose Ignacio eta Juan Carlos anaiak ia 20na urte egin dute ULMA Constructionen langile eta bazkide. Bidaiari ekin ziotenean ez zekiten zer topatuko zuten, eta errekonozimendurik onena jaso zuten, solidarioenen kategorian irabazle suertatu ziren eta.
“Mundu guztiari lagundu diogu. Gainerako parte hartzaileei eta parean tokatu zaizkigun guztiei. Gu ez ginen lehiatzera joan”, esan du zalantza izpi barik.
Egia esatera, beste parte hartzaile batzuen ibilgailuak atoian eraman zituzten, eta bertako herritarren aparatuak konpontzen ere ibili ziren.
“Motoa hondatuta zeukan batekin topo egin eta konpontzen laguntzen genion, piezak ematen genizkion…”,, adierazi du.
Baina egindako ekarpena eta banatutako pakete solidarioa gorabehera, Jose Ignaciok damu du hango herritarrentzat gauza gehiago eraman ez izana.
“Hurrengoan, traste gutxiago eta produktu gehiago eramango dugu banatzeko. Irudipena dugu ez garela ondo prestatuta joan. Ez genekien hainbesteko pobrezia topatuko genuenik”,, gehitu du.
Bidaian, Bermejo anaiek eremu mortuak eta ilargi itxurako lekuak deskubritu zituzten, baina betiko oroituko dutena pertsonek osatzen duten paisaia izango da.