Jesus Maria del Río, ULMA Packagingeko atzerriratua Alemanian.
“2006an esperientzia handiko talde txiki bat osatu genuen Alemanian eta I+G-ko zentro bat irekitzeari ekin genion, denborarekin jarduera komertzialean integratzeko eta lehiakideen maila teknologikoetatik hurbilago egon ahal izateko.
Nik 6 urte neraman ULMAn Arloko Manager gisa Mendebaldeko Europako hainbat herrialdetan, tartean Alemania. Gure lanpostuetan kontaktua beti egoten den arren, gauzak ikuspegi desberdin batetik ikusten dira, oso ikuspuntu operatibotik. Dena den, badira beste faktore batzuk, baita kulturalak ere, ulertzen ez direnak. Bestalde, Packaging negozioan, zerbitzua oso faktore inportantea da; hori dela eta, kontua ez da salmentarekin amaitzen. Makina bakoitza, bezero bakoitza, produktu berarekin ere, mundu bereizi bat da eta, horregatik, bezeroaren ondo-ondoan egon beharra dago. Nik betidanik uste izan dut gauzak errazago eta modu eraginkorragoan gestionatzen direla benetan ondo ezagutzen dituzunean eta bertatik bertara bizi izaten dituzunean, herrialdea gorabehera, hori guztia Matrizera eraman ahal izateko. Egiten genituen hausnarketa estrategikoetan premia biok bat egin zuten eta ia-ia egun batetik bestera niri atzerriratzea zekarkidan proiektu honen garapenean murgilduta geunden.
Nire emazte Ane konbentzitzea ez zitzaidan oso nekeza egin, nahiz eta hark lanpostua utzi behar izan erabat berria zen zerbaitetan murgiltzeko. Ane Alemanian ibilia zen ikasten, beraz, ez zitzaion arraroegi egin. Atzo balitz bezala gogoratzen dut e-mailez bota niola, eta berak baietz erantzun zuela, sinesgogor bezain hunkiturik. Jakina, gerora ideia pixka bat ontzen ibili ginen… Azkenean, 2007ko abuztuaren 8an, atzera begiratu barik, maletak egin eta bizitza berri bati ekin genion. Gure seme-alabak, Gaizka eta Jone, artean 4 eta 5 urte bete gabe, adinik egokienean zeuden. Urtebete lehenago edo geroago izan balitz, kontua planteatu ere ez genuen egingo. Alemanian 4 hilabete pasatxo generamala, ez zekiten gaztelaniaz, euskaraz edo alemanez hitz egin behar zuten. Hiruretan pare-pareko maila zeukaten. Hori bai, sekula ere ez zituzten hizkuntzak nahasten. Haurren gaitasunak beti txundituko gaitu.
Esperientzia oso positiboa da eta denboran atzera egingo bagenu, gaur egun ez dut zalantzarik gauza bera egingo nukeela, nahiz eta nik neuk ez nukeen behin baino gehiagotan egingo
Alemania hegoaldeko Bavaria estatuan, ULM ondoan dagoen Illertissen herrian bizi gara. 15.000 biztanle inguru bizi da bertan, gezurra badirudi ere. Euskadiko herri bateko bizimodua, baita herririk txikienekoa ere, ezin da konparatu, ezta urrundik ere, hemengoarekin. Baina Alemanian ondo bizi gara, hezkuntzak eta sanitateak oso ondo funtzionatzen dute eta segurtasun handia dago. Azken finean, ondo funtzionatzen duen herrialde bat da. Beste leku batzuetan ez bezala, hemen ez dago urrezko kaioletan bizi beharrik, aldeak ez dira horren handiak eta ez dago hondartza paradisuzkorik, basamorturik edo beste toki batzuetan egon daitekeen berezitasunik. Bertako bizimodua egiten eta alemaniar kultura ahalik eta gehien ezagutzen saiatzen gara. Gaur egun, 5 urte igarota, oso ondo integratuta gaude, hasieran zaila izan bazen ere. Batzuetan, norberak pentsa dezakeena baino zailagoa, izan ere, badira norberaren kontroletik kanpo dauden faktore emozionalak, baita denborarekin bakarrik gainditzen diren zailtasun eta oztopoak ere.
Ikuspegi profesionaletik, beti izan dut Oñatiko laguntza indartsua, eta horrek lagundu egiten du. Ezin da ahaztu talde txikiak gestionatzen baditugu ere, kasuak eta arazoak enpresa handi batean bezalatsu agertzen direla eta arazook gestionatzeko baliabideak murritzak direla. Horixe da, beharbada, bizitzea tokatzen zaigun parterik zailena. Distantzian eta beste kultura batean sortzen diren arazoak are zailagoak egiten dira. Hala ere, esperientzia oso positiboa da eta denboran atzera egingo bagenu, gaur egun ez dut zalantzarik gauza bera egingo nukeela, nahiz eta nik neuk ez nukeen behin baino gehiagotan egingo. Ikuspegi pertsonaletik, nire ustean esperientzia errepikaezina da eta horrekin geratzen naiz".