Granadako Ordezkaritzan ibilitako ULMA Constructioneko aurre-erretiratuek beren esperientzia “kooperatiboak” kontatu dizkigute — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Construction

Granadako Ordezkaritzan ibilitako ULMA Constructioneko aurre-erretiratuek beren esperientzia “kooperatiboak” kontatu dizkigute

Oñatiko ingurunetik kanpo ziharduten Kooperatibako enplegatuak duela urte asko hasi ziren bazkide gisa integratzen. Ordezkaritzetako pertsonak proiektu kooperatiboan inplikatzeko apustua izan zen hura; horretarako, kanpoan ari zirenei zentraleko bazkideek zeukaten estatus berdin-berdina eman zitzaien. Bazkide horietako hiruk ULMA Constructioneko kooperatibista gisa bizi izandako esperientziak kontatu dizkigute.
Granadako Ordezkaritzan ibilitako ULMA Constructioneko aurre-erretiratuek beren esperientzia “kooperatiboak” kontatu dizkigute
2014/03/31

Noiz hasi zineten ULMAn lanean? Zenbat urte egin duzue kooperatiban?

E.S.: Ni 1976. urteko azaroan hasi nintzen lanean; 37 urte egin ditut enpresan.

J.E.B.: 1980ko ekainean.

E.A.: Nik 37 urte ken 17 egun egin ditut enpresan. Urtarrilaren 17an 37 urte egingo nituzkeen. 1977ko urtarrilean sartu nintzen.

Eta urte hauetan guztietan lanpostu berean egon zarete, edo aldatuz joan zarete?

Enpresan eman dudan denbora guztia ez dut bazkide gisa eman, baina hasieratik sentitu dut enpresa nirea zela eta etxean bezala egon naiz beti.
>> E.S.

E.S:76. urtean hasi nintzenean, Azegrako industrialdeko instalazioetan hasi nintzen, Peligron. Gerora, 2001eko ekainean, Camino Nuevoko instalazioetara aldatu ginen, gaur egun oraindik ere bulegoak dauden lekura, Peligron. Ni nerabezarotik egon naiz nahiko lotuta kooperatibari, izan ere, Granadan instalatu zen lehenengo biltegia tabako lehortegi bat izan zen. Lehortegi hura Granadan izandako lehenengo ordezkariak hartu zion errentan gure aitonari. Hara nola diren gauzak: garai hartan gure aitak nekazaritzan lan egiten zuen, baina lan hark segurtasun eta egonkortasun handirik ematen ez zionez, biltegiko arduradun lanpostua eskaini ziotenean baietz esan eta halaxe hartu zuen Granadako lehenengo biltegiaren ardura. Harrezkero, txikitan, aitona bisitatzera joaten nintzenean, hantxe ikusten nituen aldamioak pilatuta, eta eskorak, astoak, garai hartan erabiltzen ziren piezak. Ez zegoen aukera handirik, baina huraxe zegoen. Harrezkero, enpresarekin bat eginda eta berari lotuta ikusi nuen neure burua. Bertan, gure aitak bulego txiki bat zeukan, eta sarrera eta irteera albaranak egiten zituen kamioiak kargatzen eta deskargatzen zituenean, nik ikusminez begiratzen niola. UBI ikasketak amaitu nituenean bulego berrian administrari bat behar zuten, eta horrela sartu nintzen, aurre-erretiroa hartu dudan arte.

E.A.: Muntaketa arduradun sartu nintzen eta gero muntaketa buru izan nintzen –horixe jartzen zuen nire nominan–, eta gero arduradun. Kontua da lehen denetarik egiten genuela… Hara, berotegi mordoa muntatutakoa naiz ni. Espainian muntatu zen tunel anitzeko lehen berotegia Arcos de la Fronteran egin zen, Holanda Txikia izeneko gune batean, non Holandatik aberriratutako espainiar batzuek enpresa bat sortu baitzuten. Aldi berean irekitzen ziren leiho zenital ugari muntatu nituen, Lazkanoiturbururekin. Berotegien gaia tarte batean martxan izan genuen baina, gerora, Agricolakoek kanpoko muntatzaileak bilatu zituzten eta eurek jardun zuten horretan.

J.E.B.: Teknikari komertziala naiz. Lehen saltzen ziren hodiak saltzen ibili nintzen tailerretarako, hamabi metroko hodiak, borobilak, karratuak...; baita aluminioa ere sarrailagintzarako ere, eta leihoak eta denetarik. Denboraren joanarekin, lanpostu bat atera zen Granadan, hodiak saltzeari utzi zitzaion eta nik eraikuntzan jardun nuen. Teknikari komertzial gisa, ULMA Constructionen produktu guztiak saltzen nituen: eskorak, sistemak, enkofratuak, hau da, denetarik. Ni kaleko ingeniaria naiz. Kalea gustatzen zait. Txikitan gurasoekin jostailuak saldu nituen gisa berean saldu nituen denboraldi batez museoko erreprodukzioak… Oso maite dut salmenta, egokitzea pixka bat nekeza egin zitzaidan arren, ez bainuen ez obraren mundua ez eraikuntzarena ezagutzen. Dena den, galdetuz eta ikusten duzun horretan arreta handia jarriz, lana gustuko nuenez eta lekua ere bai, ba azkenean denbora kontua izan zen.

Denbora horretan guztian, zelan aldatu da ULMA? Jendea, antolamendua, lan egiteko modua…

E.S.: Dezente aldatu da. Lana, egia esateko, lehen beste egiten da, baina gaur egungo bitartekoek asko laguntzen dute. Lehen, lan guztia eskuz egitekoa zen, askoz ere ahalegin handiagoa eskatzen zuen. Gaur egun dauden baliabideekin errazago lan egiten da. Ni idazteko makina batekin sartu nintzen eta oinarri-oinarrizkoa zen dena. Telefonoz deitzeko, linea eskatu behar izaten genion herriko telefonoguneari, eta operadoreari deitu behar zitzaion hark linea eman zezan bezeroekin berba egin ahal izateko. Gero, denborarekin, eboluzionatuz joan zen dena. Ordenagailuarekin lanean, 1980an hasi ginen gutxi gorabehera.

J. E. B.: Tira, tira, tira… ezin duzu imajinatu ere egin zelan aldatu den dena! Nik neuk ikusia dut, hemen nenbilen zerbait idazten… baina burutik ateratzen dena sanoagoa eta garbiagoa da! Garai hartan nik uste nuen enpresa nirea zela. Kontua dezente aldatu da. Enpresa gidatzeko modua desberdina zen, baita pertsonak tratatzekoa ere… Orain jainkotuago gaude, uste dugu norbait garela, eta bagara, jakina, baina lehengo lan egiteko modua desberdina da oraingoaren aldean. Jendeak gozatu egin behar du. Lehen zapatu eta domeketan lan egiten genuen eta hori bizi egiten zen, bizi egiten zen kooperatiba. Oñatiko jendea Andaluziara etortzen zen, Granadara, eta orduak eta orduak ematen zituzten inbentarioa eta abar egiten, konpromisoa transmititzen zizuten. Orain, nire irudipena da jendea erlojuari begira dagoela. Niri dagokidan kaleko arlo komertziala ere asko aldatu da. Ez dut esango orain daudenek gaizki egiten dutenik, baina lehen talde trinkoa osatzen genuen denon artean eta orain, berriz, irudipena dut bakoitza bere gauzetan baino ez dabilela. Euren lana egin eta kito. Horixe da nire irudipena. Ni kalean ibilitakoa naiz, lan handia egin dut nire lana gustukoa izan dudalako eta nire enpresa maite izan dudalako. Sinetsita nengoen nirea zela. Horixe da betidanik Pepe Garcia Almeriako nire lankidearekin komentatu izan dudana: oraintxe egon behar dugu luzaroen kalean. Bezeroekin harreman handiagoa eduki. Lehen ez geneukan horrenbeste ordenagailu eta probintzia goitik behera ibiltzen genuen egun batean, eta hurrengoan, eta hurrengoan… harremana lantzen zen eta bezeroen lagun egiten ginen, emazteaz galdetzen genien, eta seme-alabez, eta gero, esku artean zerbait zeukatenean, ba jakina, nori erosi behar zizkioten eskorak? Ba Peperi, nori bestela? Tira, deitu Peperi! Guk materiala eramaten genien eta… pasatuko naiz gero zure etxetik, ordainduko didazu… pentsatzeko era desberdina zen.

E.A.:ULMAren eboluzioa, ba atera kontuak! Ni lanean hasi nintzenean unibertsitateko tituludunak 3 edo 4 baino ez ziren. Hola, bat-batean, gogoan dauzkat J.L. Madinagoitia, J.A. Ugarte, Javier Igartua eta inor gutxi gehiago. Beste guztiak industri maisuak ziren. Orain, Granadan bakarrik, orduan ULMA osoan zeuden baino tituludun unibertsitario gehiago daude, eta delegazioetan denetarik egiten genuen. Berdin muntatzen genituen aldamioak nahiz karga jasotzaileak. Lehen, espiritu kooperatibista indartsuagoa zen. Orain jendea erosoagoa dela uste dut.

Eta zuei zer ekarri dizue kooperatiba batean lan egiteak?

E.S.: E.S.: Ni hasieran ez nintzen kooperatibista gisa sartu. ALFREn lan eginez sartu nintzen. Oñatitik kanpo kontratatzen ziren langileak ALFREk kontratatzen zituen. Gero aldaketak etorri ziren, ALFREk ezin baitzuen horrenbeste langileren ardura bere gain hartu. Enpresa asko hazi zen eta ULMAra pasatu gintuzten, baina besteren konturako langile gisa. 1989. urtean kooperatibara pasatzea proposatu zidaten eta bazkide egin nintzen. Enpresan eman dudan denbora guztia ez dut bazkide gisa eman, baina hasieratik sentitu dut enpresa nirea zela eta etxean bezala egon naiz beti. Nik hasiera-hasieratik sentitu dut kooperatiba.

J.E.B.: Ni kooperatiba batean sekula lan egin gabea nintzen eta gustatu egin zait. Gozatu egin dut lanean. Kooperatiba batean lan egin behar nuela esan zidatenean, zera pentsatu nuen: denok batera. Izan dira erori diren kooperatibak ere. Gogoan dut hemen bazegoela bost bazkidek osatutako kooperatiba bat. Egin zuten lehen gauza, ez zait sekula ahaztuko, Citröen BX berri bana erostea izan zen, nork bere autoa izan behar zuen eta. Urtebetean hondoa jo zuten. Hemen, Andaluzian, kooperatibak bestelakoak dira, beste pentsaera bat dago. Uste dut espiritu kooperatibista galdu egin dela, eta, zerbait gelditzen bada, oso gutxi gelditzen dela. Eta pena ematen dit, nik kooperatibak aurrera egitea eta goiari eustea nahi dut. Garai onetan jo eta egur ibili gara eta denok irabazi dugu dirua; garai txarretan gerrikoa estutu beharra dago eta bezeroaren gainerago egon, gero eta gehiago saiatu eta, finean, kalean gehiago ibili.

E.A.: Ni beti sentitu naiz enpresako parte. Egia esan, askatasun handia izan dut, eta erantzukizun handia ere bai. Inork ere ez dit esan zer egin behar nuen, beti izan naiz egin dudanaren erantzule. Beti egon naiz oso eroso eta lana nirea balitz bezala hartu dut, inoiz ez naiz esplotatua sentitu, beti eroso nire lanean, oso ondo.

Eta ULMAn lanean eman dituzuen urte hauen guztien ostean, zer balorazio egiten duzue enpresan egin duzuen ibilbideaz?

E.S: E.S: Egia esateko, nahiko ona. Urte hauetan bederatzi ordezkari izan ditut arduradun gisa. Oso lankide onak izan ditut eta beti sentitu dut euren eta arduradunen babesa. Oso gustura ibili naiz lanean. Izan dira tentsio uneak ere, logikoa denez, leku guztietan moduan, bizikidetza ez baita samurra, baina axola duena ingurunea da, eta horren parte zarela, bazkide zarela, eta zurea duzun zerbaitetan ari zarela sentitzeak erraztu egiten du zure lana momentu batzuetan. Ni sentitu naiz nirea nuen zerbaiten parte, eta nire lana ahalik eta ondoen eta erantzukizunez egiteaz gainera, ULMA nire bigarren etxea izan da.

J.E.B.: J.E.B.: Oso ona! Zoragarria. Ni ez naiz lehen baino komertzialago bihurtu, baina kaleko ikasketak ditut eginak, eta ULMAn gozatu egin dut. Ez dut arazorik izan. Beti bete ditut helburuak. Ordaindu gabe zeudenak lehenetsi izan ditut, uste dut horretan zorrotza izan beharra dagoela. Hobe da gutxiago saldu, baina seguruago. ULMAtik alde egin dut eta kontua zeron utzi dut 32 urteren ondoren. Lan egiten utzi didate, enpresan maitatua sentitu naiz. Dakienak badaki, horregatik izan dut kooperatibako jendea gidari. Niretzat gurasoak bezalakoak izan dira. Entzun, ikusi eta aditu egin behar da esaten dizutena, eta gero hori guztia kalera eraman, enpresara, zure pentsamoldera...

E.A.: E.A.: Oso positibotzat jotzen dut ULMAn egin dudan bidea. Pertsona gisa garatzen lagundu dit; langile gisa, lagun asko egin dut enpresa barruan. Batzuk erretiroa hartuta dauden arren, honako hauek gogoratu gura ditut: Javier Galdos, Javier Lizarralde, Javier Zabala, J.L. Madinagoitia, J. A. Ugarte, Javier Ugarte, Enrique Zubia, Enrique Urkia, Felipe Vals, Javier Murua, etab. Dena izan da oso positiboa.

Zer esango zenigukete ULMAn lanean ari garenoi?

E.S.: Saia zaiteztela ondo pasatzen. Lana, egin beharreko esfortzu bat da. Batzuek esaten dute gozatu egiten dutela lanean, baina horretarako inguru atsegin batean egon beharra dago, lankide onez inguraturik.

J.E.B.:J.E.B.: Ez zaiteztela erlojuari begira egon! Nik maratoiak egin ditut, maratoi erdiak. Behin ondoezik jarri nintzen eta medikuak esan zidan: ahaztu erlojua, egin ezazu egin behar duzuna, nahiz eta ordu erdi geroago iritsi. Nik esango nizueke gogor lan egiteko, eta umilagoak izateko. Denok gehixeago ematen badugu, garai txar hau gainditu egingo dugu. ULMAn lanean segitzen duen jendeak espiritu horri eutsi behar dio, espiritu horretara bueltatu behar da. Bidaltzen didazuen eta nik bildumatu egiten dudan aldizkari horretan, nire lankide eta arduradun izandako Enrique Zubia ere espiritu kooperatibistaren alde agertu zen, espiritu hori desagertuta zegoelakoan. Nik ere espiritu hori aldarrikatu nahi dut. Bizi arteko enpresa bat lortzea da kontua, nork bere lanpostua edukitzea.

Enpresan dagoen inportanteena pertsonak gara, pertsonok funtzionatzen ez badugu gauzek ere ez dute funtzionatzen. Enpresari %100 eman behar zaio.
>> E.A.

E.A.: E.A.: Ba espiritu kooperatibista horri eusteko. Enpresan dagoen inportanteena pertsonak garela pentsatu behar da, pertsonek funtzionatzen ez badugu gauzek ere ez dutela funtzionatuko. Enpresari %100 eman behar zaio. Enpresa ondo badabil, norbera ere ondo ibiliko da. Enpresa gaizki badabil, gainerakoa nekez ibiliko da ondo. Enpresaren eta bertan dauden pertsonen alde egin behar da. Egia da, baita ere, orain lan gutxiago dagoela eta dagoena ez dela nahi genukeen bezain ona. Hartzen duzu obra bat eta ez dakizu pozik ala disgustura egon behar duzun, ez dakizu-eta dirurik irabaziko duzun ere. Lehen, berriz, ziurra zen dirua irabaztea.

Zer plan dituzue aurrera begira jarrita?

E.S.: Ba oraintxe bertan oporretan bezala nago, ia bi hilabete daramat horrela. Hasieran behintzat relax moduan hartu dut, eta poliki-poliki gustuko gauzak egiten hasiko naiz, denborarik eskaini ezin izan diedan zaletasunei helduz eta familiari ere denbora pixka bat eskainiz. Normala denez, lanak denbora asko kentzen dizu eta familia alde batera utzi behar duzu apur bat. Orain familiarekin denbora gehixeago egon nahi nuke. Adineko gurasoak ditut, amaginarreba ere oso zaharra da. Kontuak kontu, atseden pittin bat hartu gura dut. Pertsona askok esaten dute erretiro aurreratua hartzen dutenean zahartuta ikusten dutela euren burua, baina ni orain ondo nago bai fisikoki bai mentalki. Ondo onartu dut nire egoera eta aurrerantzean ere hala jarraitzea espero dut. Edozelan ere, amona naiz dagoeneko eta biloba urruntxo daukadan arren –Madrilen bizi da–, nahi dudanean joan naiteke hara bisitan; gainera, beste biloba bat dator bidean… Lehen asteburuetan baino ez nuen denbora librea hartzen; orain, berriz, gura dudanean har dezaket inora joateko.

J.E.B.:Begi sarea erori egin zitzaidan eta, jainkoaren laguntzaz, ikusmena berreskuratuko dut. Nire asmoa etxean egotea da, eta bere garaian ikasi ez nuena ikastea. Pintura gustatzen zait, eta oinez ibiltzea maite dut. Ziur nago ez naizela eserita eta aspertuta geldituko.

E.A.: Niri oraingo zuzendaria den Aitor Igartuak esan zidan orain disfrutatzeko ordua dela… Eta nik esan nion: tira, nahikotxo disfrutatu dut nik lanean ari nintzen bitartean.

Komentarioren bat edo esperientziaren bat gehitu nahi baduzue…

E.S.: Nire ibilbidean zehar Granadako bulegotik irten behar izan dut beste lantoki batzuetara joateko, esaterako, lantoki horietan langile aldaketak egin behar zirelako administrazioan, edo pertsona berriak kontratatu, eta ni gauzak prestatu, martxan jarri eta laneko programak irakasten ibili izan naiz. Kanarietara ere birritan joandakoa naiz. Tenerifen birritan egon nintzen, lankide batzuei laneko programak erabiltzen erakusten, eta Sevillan ere egon nintzen lanean hasi berria zen lankide batekin. Beraz, Granadatik kanpo ere badut esperientziarik.

Ordaindu gabe zeudenak lehenetsi izan ditut, uste dut horretan zorrotza izan beharra dagoela. Hobe da gutxiago saldu, baina seguruago.
>> J.E.B.

J.E.B.: J.E.B.: Ni kalean hazia naiz eta horrenbeste gauza ikusi dut… Gogoan dut ordezkaria eta biok Linaresera joan ginenekoa, bezero bat bisitatzera. Nik betidanik jarri izan diet arreta oinetakoei... Hara iritsitakoan, konturatu nintzen txarolezko zapatak zeramatzala bezeroak, eta nik pentsatu: txarolezko zapatak obra batean… seinale txarra! Gainera, plastikozkoak ziren. Eta esan nion ordezkariari: honek ziria sakatu nahi digu! 1.000 eskora bidali genion eta lehen ordainketan itzulinguruka hasi zitzaigun. Azkenean obratik bota zuten… Nik esan nion ordezkariari haren zapatek argi erakusten zutela jakin beharrekoa… Arreta handia jartzen diet oinetakoei. Badago jende mota bat zapatekin itxurakeriatan ibiltzen dena, baina zapatekin ez dago engainatzerik…

E.A.: E.A.: Behin kontatu zidaten Jose Maria Arizmendiarrietak esaten zuela enpresan, jende asko, bultzatzeko gaudela, eta gero badaudela gutxi batzuk benetan tiratzen dutenak, eta horiei lagundu behar diegula tiratzen. Badago jende bat besteak baino harantzago ikusteko gai dena gauza berriak sortzeko, berritzeko. Azkenik, zorterik onena opa gura diot ULMA Taldeko zuzendari nagusia den Iñaki Gabilondori. Zortea alde izan dezala bere erabakietan, beharko du eta. Erabakiak borondaterik onenarekin hartuta ere, batzuetan horrekin ez da nahikoa izaten, zortea ere alde eduki behar da.