Erik Fuente eta Asier Mugarza - ULMA Taldeko beste talentuak — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Lifting Solutions

Erik Fuente eta Asier Mugarza - ULMA Taldeko beste talentuak

ULMA Taldeko Erik Fuente eta Asier Mugarza langileek motorrarekiko eta txapelketako lasterketekiko duten zaletasuna partekatzen dute lanetik kanpo.
Erik Fuente eta Asier Mugarza - ULMA Taldeko beste talentuak
2015/12/02

Geldiezinak dira lanean eta are gehiago handik ateratzen direnean. Erik Fuentek eta Asier Mugarzak hainbat gauza partekatzen dituzte. Biak dira Gipuzkoako Oñati udalerrikoak, ULMA Taldean egiten dute lan eta antzeko adina dute, baina beren bideak elkartu dituen lotura berezia motor, rally, lasterketa eta abiadurarekiko sentitzen duten pasio sakona da.

| ABIADURAREKIKO PASIOA

Mugarzak 38 urte ditu eta ULMA Packagingen egiten du lan. Lasterketekiko zaletasuna haurtzaroan sortu zitzaion, eta nahiz eta jakin kirol garestia eta arriskatua dela berea, ez du atzera egiteko inolako asmorik.
“Lasterketekiko eta txapelketarekiko zaletasuna haurtzaroan jaio zen. Aitarekin eta anai-arrebekin joaten nintzen txikitan. Egia esan, nire lagun talde guztiari gustatzen zaio”, dio Asierrek.
2002an hasi zen lehiatzen Citroën Saxo autoarekin, baina handik bi urtera ibilgailua saldu eta 2010era arte ez zion berriro ekin bere afizioari. Urte hartan, mendiko 4. klaseko Euskadiko txapelduna izan zen, lehiatutako 6 lasterketetatik 5 irabazi ostean, Renault Clio Sport bat gidatuta. Auto hori bera du gaur egun ere lagun, eta ez du bertatik jaitsi nahi.
2011n, istripu baten ondorioz, txapelketak utzi behar izan zituen eta, handik urtebetera, azken lasterketan txapelketa jokoan zela, lehen postua galarazi zion ezbeharra nozitu zuen. Horren ondorioz, kategorian Euskadiko txapeldunorde izendatu zuten.
2013an ezin izan zen lehiatu eta, joan den urtean, aurrekonturik ez zuelako, hiru proba bakarrik egin ahal izan zituen.
“Babesten gaituzten babesleak ditugu. Zaletasun garestia da; kontuan izan behar da gurpil bakoitzaren kostua 300 eurokoa dela”, dio Asierrek. Bere laguntzaileen sare zabalaren baitan dago ULMA Taldea.
Gidaria arduratzen da ibilgailuaren mantentze eta egokitze lanez ia oso-osorik. Salbuespen bakarra txaparekin eta pinturarekin lotutako lanak izaten dira.
“Beti neu arduratzen naiz. Mekanikako behar adinako ezagutzak ditut”, baieztatu digu.
Bere alboan esertzen da Erik Fuente, iaztik pilotukidea dena. 34 urte ditu eta ULMA Orgetan egiten du lan. 2015. urte honetan, 9 lasterketa egin dituzte elkarrekin. Azkena Gernikako rallya izan zen: eskakizun handiko proba luzea da, 10 tarte biltzen ditu, eta egun osoa irauten du.
Lasterketa aurretik, Asierrek eta Erikek elkarrekin egiten dute ibilbidearen azterketa lehiaketako antolatzaileek ezarritako arauen arabera, eta ibilbidearen ezaugarrien inguruko oharrak hartzen dituzte. Ezinbestekoa da kurbak zailtasun mailaren arabera neurtzea, tarte bakoitzean arriskurik gabe zer abiadura har dezaketen jakiteko.
“Estresa askatzea ahalbidetzen didan errutinarekiko deskonexio modukoa da. Zaletasun arriskutsua da, baina aurrera jarrai dezakegun bitartean, dena ematen jarraituko dugu”, dio Asierrek. Ez du ahaztu nahi bere ametsarekin aurrera jarraitzen laguntzen dioten guztiekin.
“Eskerrak eman nahi dizkiet babesle, lagun eta senide guztiei haien laguntzagatik; izan ere, haiek gabe, ezinezkoa litzateke lasterketetan lehiatzea eta parte hartzea”, hausnartu du.
Bere ustez, Eriken lana eta lankidetza ezinbestekoak dira; bere iparrorratza, gidaria eta orientazioa izaten da lasterketetan.
“Oso pilotukide ona da. Rol hori jokatzeko ezinbestekoa da oso pertsona lasaia izatea”, gehitu du.
Erikek ere iraganean atzera egiten du, abiadurarekiko bere pasioa noiz hasi zen oroitzapenetatik berreskuratu nahian. Hamalau urte zituen bera baino zaharxeagoak ziren eta gidabaimena zuten lagunekin Oñatiko autokrossera, autoarekin mendian ibiltzera eta lasterketak ikustera joaten zenean. Duela lau urte bihurtu zen lur gaineko eta asfaltoko lehiaketetan pilotukide.
“Beti gustatu izan zaizkit autoak. Gehien gozatzen dudana izaten da bi lagunen artean erabakiak horren denbora gutxian hartu behar direnean sortzen den tentsio unea. Hau da, arriskua gure gain hartze horrek ematen digun motibazioa. Ateratzen zarenean, tentsioan zaude, eta helmuga zeharkatzen duzunean, aldiz, lasaitasun sentsazioa bizi duzu”, azaldu du Erikek.
Bere ustez, lur gainean egiten diren lehiaketak asfalto gainekoak baino zailagoak dira. Izan ere, horien araudiak aztertzeko buelta bakarra egiten uzten du. Hori dela eta, ezin da zuzenketarik egin. Arrakastarako edo porroterako aukera bakarra da, guztia abiadura bizian.