Gipuzkoan irtenbidea, besteak beste, mugimendu kooperatibotik etorriko da
Krisi sakon baten barruan gaude. Batzuek Eredu krisitzat jotzen dute. Zer irizten dio Martin Garitanok Gipuzkoako egoera sozioekonomikoari?
Gure abiapuntua egiaztapen hau da: produkzio ekonomian bainoago espekulazioan, adreiluan eta zementuan oinarritu den eredua agortuta dago. Batzuk aspaldi ari ginen salatzen hori ez zela bidea, kale itsua baino ez zela, eta orain agerian geratu da zuzen genbiltzala. Emaitzak dramatikoak dira, eta denon bistan daude. Esanak esan, erantsi behar da Gipuzkoako egoera sozioekonomikoa, larria eta kezkagarria izanda ere, ez dela kaotikoa. Ez da kontsolagarria, baina gure ingurunean bertan, beste batzuk baino hobeto gaude. Gipuzkoako enpresa egiturak indartsu jo du nazioarteko merkatuetara eta gogor eutsi die ekonomia erlijio baten antzera gidatu duten tesi neoliberalak txikitu dituen krisi sistemikoaren oldarrei. Hemengo langile klasea kualifikazio handikoa da, enpresaburuak dinamikoak dira eta egitura soziala koltxoi lana egiten ari da krisiaren ondorioz kaltetuen dauden sektoreentzat.
Gure lurraldearen indarretako bat, betidanik, bertako egitura industriala izan da; gainera, Gipuzkoakoa ekintzailetzarako gizarte emankorra izan da beti. Uste duzu halakoak izaten jarraitzen dugula? Zer da erakundeetatik egiten ari dena aspektu horiek bultzatzeko?
Gipuzkoa betidanik izan da ekintzaileentzako lur emankorra. Arrasateko kooperatibak erreferenteak dira mundu osoan, eta hori ez da kasualitatea. Zalantza barik, dena hobetu daiteke, baina kontuan izan behar da hemen badugula Enpresa Txiki eta Ertainen eta kooperatiben egitura bat, erreferentziazkoak diren enpresa handiekin batera, ondo egindako lanaren, berrikuntzaren eta garapenaren eredu dena, eta egitura hori babestu egin behar dugula erakundeetatik, garapenean iraunkorra, arlo sozialean aurreratua eta lurralde arloan orekatua izango den eredu baten alde.
Gipuzkoako industri egiturak duen indar horretan, Mondragoneko kooperatibek zerikusi handia izan dute. Nola ikusten duzu, Gipuzkoako ahaldun nagusi zaren aldetik, mugimendu kooperatiboa?
Kualifikazio handiko langile klasea, enpresaburu dinamikoak, eta kaltetuekin koltxoi lana egiten duen egitura soziala ditugu.
Gipuzkoan zuztartuta dagoen mugimendu kooperatiboa, erreferentziazko elementua da XXI. mendeko euskal errealitatea ulertzeko. Zerikusi handia du gure gizarteak berak dituen ezaugarriekin, auzolanaren kulturarekin. Kooperatibismoaren oinarriak, hau da, erantzunkidetasuna, lanaren eta etekinen banaketa orekatuagoa, demokrazia, elkartasuna… denak ere elementu giltzarriak dira orain bizi duguna bezalako egoerei aurre egiteko. Jakitun izan behar dugu Euskal Herria sozialago, bidezkoago eta, ondorioz, demokratikoago batek bizirik iraungo badu denok irten beharko dugula batera putzutik, inor bazterrera utzi gabe. Eta filosofia horretan, kooperatibek zeresan handia daukate.
Krisia agerian uzten ari da mehatxu batzuk, eta baita aukera asko ere. Uste duzu gipuzkoar gizartea prestatuta dagoela datozkigun erronkei behar bezala heltzeko?
Gipuzkoar gizartearen ezaugarri bat aipatu behar izanez gero, esango nuke hori dela ezbeharrei aurre egiteko duen gaitasuna eta, Loiolako Inaziok esan zuenaren kontra, hondamendi garaian aldaketak egiteko duen erabakitasuna. Gaur, ezer ez da atzo bezalakoa, eta ezer ez da berdina izango biharko egunean. Hori dela eta, Gipuzkoako gorputz soziala ezaugarritu duen berrikuntzarako grina erabakigarria izango da krisi honetatik irteteko. Gehiago prestatu behar dugu, hezkuntzan inbertitu eta, krisiak gehien kaltetu dituenekiko elkartasunetik abiatuz, gure produktuak kokatzeko aukerak bilatu. Putzuaren hondora eraman gaituzten gabeziak non dauden ikusteko garaia dugu hau, eta konponbideak hautatzekoa. Konponbideak askoz sozialagoa izango den eredu bat eskatzen du ezinbestez, berehalako aberastearen kaltetan eta, batez ere, banaketa bidezkoago baten mesedetan.
Bukatzeko, ezagutzen duzu ULMA Taldea? Bizi ditugun garai zail hauetan, mezuren bat helarazi nahi diozu bazkideen eta langileen kolektiboari?
Ezagutzen dut ULMA –Bergarakoa naiz, mugimendu kooperatiboan zuztar sakonak dituen familia batekoa– eta ezagutzen ditut ULMAko langileak ere. Lagun onak dauzkat hor. Mezu bat bidali beharko banie, adorez eta itxaropenez betetakoa izango litzateke. Denok dakigu garai latza bizi dugula. Baliteke egoera are latzagoa bihurtzea, inork ez baitaki noiz bukatuko den modu eufemistikoan “merkatu” deitzen zaien baina funtsean elkarri lapurretan dabiltzan espekulatzaile batzuk baino ez diren horiek ezarritako tiraniaren ondoriozko krisi ekonomikoa. Ziur nago uste baino lehenago ikusiko dugula berriro argia. Eta Gipuzkoan, irtenbidea mugimendu kooperatibotik ere etorriko da, eta horretarako, zalantza barik, iraganeko tik batzuk zuzendu eta ekonomia produktibo, erreal eta soziala izatearen zentzuan sakondu beharko du. Eta ULMA hor egongo da.