ULMA Piping-ek Koreako ingeniaritza batekin brida berezien hornidurarako akordioa sinatu du. — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Forged Solutions

ULMA Piping-ek Koreako ingeniaritza batekin brida berezien hornidurarako akordioa sinatu du.

ULMA Piping-ek eskaera estrategikoa lortu du Koreako ingeniaritza-enpresa garrantzitsu batekin, Arabia Saudin gasa prozesatzeko fabrika baterako bridak hornitzeko. Enpresa honek, besteak beste, baterako sorkuntzarako fabrika bat, gasaren tratamendurako lantegi bat eta errekuperazio-planta bat ere baditu.
ULMA Piping-ek Koreako ingeniaritza batekin brida berezien hornidurarako akordioa sinatu du.
2012/11/15

Proiektu honen berezitasuna, brida guztiak arauditik kanpora daudela da. Horregatik, bezeroarekin harreman estua mantenduz, ULMAko ingeniaritza taldeak bridak ondo diseinatzeko beharrezko kalkulu guztiak garatu ditu. Balio erantsi handiagoa eskaintzeko asmoarekin, ULMAk, (FEM) elementu finituen analisiarekin egiaztatu ditu emaitza guztiak, azkenik bezeroak balioztatuak izanik.

Ez da ULMA Piping-ek ingeniaritza enpresei zerbitzu hau eskaini dien lehen aldia, baina kasu hau oso berezia da, diseinatutako bridek 5 tonatako pisua gainditzen dutelako, 17 tonara arte ere iritsiz.

Elkarlan estu honen ondorioz, bezeroak konfiantza osoa jarri du ULMArengan, gainera, historian lehen aldiz, bridei dagozkien estankotasun-junturak modu integralean hornitzea eskatuz. Horretarako, azken bezeroak onartutako (proiektuan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da azken bezeroak onartuta eta homologatuta izatea) zenbait fabrikatzailerekin harremanetan jarri da ULMA eta elkarlanean garatu da lan-baldintzak jasateko gai diren juntura egokienen diseinua.

Momentu honetan, bezeroari proba hidrostatikoak egiteko aukera emateko lanean jarraitzen du ULMAk. Proba hauek funtsezkoak dira era honetako proiektuetan, linearen behin betiko instalazioa baino lehen funtzionamendu egokia eta multzo osoaren (bridak+junturak+torlojuak) estankotasuna ziurtatzeko.

Eskaera  honek, ULMA Piping-en posizionamendu estrategikoa indartzen du, duela urte batzuk hasitako proiektuen negozioan, eta batez ere, Koreako merkatuan, non 2011n bere bulego komertziala zabaltzea erabaki baitzuen.