ULMA Inoxtruckek jardunaldi tekniko eta erakusketa gisakoa antolatu du haragi sektoreko enpresetarako.
Beraien produkzio gela zurietan bete behar dituzten baldintza higienikoak modu eraginkorrean betetzen lagunduko dieten soluzio berritzaileak ezagutu eta gozatu nahi dituzten haragi sektoreko enpresei zuzenduta dago.
Bertaratuek kutsadura mikrobiologikoarekin lotutako arriskuen prebentzioari buruz egin diren ikerketa berrienak ezagutu ahal izango dituzte, gaian aditu diren Teresa Aymerich IRTA Ikerketa Institutuko segurtasun biotikoko programaren zuzendariaren eta Rafael Soro AINIA Teknologia Zentroko Kalitate eta Ingurumen departamentu eta EHEDG (European Hygienic Engineering & Design Group) erakunde europarrak Espainian duen zentro ordezkariko zuzendariaren eskutik. EHEDG erakunde europarra erreferentea da munduan elikagaiak prozesatu eta ontziratzeko prozesuan zehar higienea bermatzera bideratutako ekipamenduen eta instalazioen ingeniaritza eta diseinu higienikoari dagokionez. EHEDGk elikagaien sektoreko hainbat enpresa, ikerketa institutu, osasun alorreko agintaritza publiko eta ekipamenduen fabrikatzaileak ditu bere kideen artean, eta ULMA Inoxtruck kide horietako bat da.
Jarraian, Fernando Odriozola, ULMA Inoxtruckeko gerenteak, altzairu herdoilgaitzez eta patentatutako diseinu higienizagarrian egindako ekipamenduak aurkeztuko ditu. ULMA Inoxtruck ekipamenduek diseinu esklusiboa dute, merkatuan beste inork eskaintzen ez duena, izan ere, diseinu horrekin ekipamendua erabili ondoren oso-osorik garbitu ahal da, mantentze lanen gastuak nabarmen murriztuta. Bere azalpenean Fernando Odriozolak produkzio prozesu osoan higienea bermatzen laguntzen duten ekipamendu horietako bakoitzak lehiarako eskaintzen dituen abantailak zehaztuko ditu.
Jardunaldiaren zati teorikoa osatzeko erakusketa praktikoa egingo da IRTAn horretarako berariaz prestatu den gela pilotu batean. Bertaratzen direnek ikusi ahal izango dute zer irtenbide ematen duten ULMA ekipamenduek elikagaiak garraiatu, biltegiratu eta manipulatzeko ohiko lanak modu ergonomikoan egiteko. Behin ekipamenduen funtzionamenduaren erakusketa eginda, produkzioko gela zurien higienizazio egokirako funtsezko prozesua egingo da, garbiketa integrala, alegia, ULMAk patentatutako diseinu berezi higienizagarriari esker erabat eroso eta erraza dena.
“Prebentzioa eta bermatutako arrakasta elikagaien manipulazio higienikoan” jardunaldia ULMA Inoxtruckek bere sorreratik beraiek duten etengabeko ikerketa eta garapenaren aldeko filosofia bera duten enpresa, erakunde eta institutuekin modu aktiboan lankidetzan arituta lortu diren emaitzen beste adibideetako bat da.