ULMA Constructionek bere irudi digitala berritu du, bezeroarengana duen orientazioa indartuta
ULMAk duen presentzia digitala optimizatzea eta horren bitartez bezeroekin harremanetan egoteko bideak eskaintzea eta erraztea da proiektu digital hau garatzeko motibazio nagusia. ULMAren webgune bakoitzari emandako irudi berrituaren ezaugarria da batez ere ikus-entzunezkoen lengoaia erabiltzen duela, komunikazioan balio eta eragin handia duten irudiei leku nabarmena eskainita, baina irudi berriak batez ere erabiltzaileek gure webguneetan nabigatzeko duten lehentasunak aztertu eta lehentasun horietara egokitu eta gero atera denari erantzuten dio, erabiltzaileek gehien kontsumitutako eta positiboki baloratutako eduki eta guneak indartu baitira, bezeroen esperientzia hobetzera bideratutako gune berriak sartzeaz aparte.
Hurbiltasuna, proiektu osoan bezeroaren ondoan egotea, analisia, ulermena eta herrialde bakoitzeko kulturara eta eraikuntza metodoetara egokitzea dira ULMAk duen filosofiaren eta lan egiteko moduaren bereizgarriak, eta eremu digitalean ere ageri dira bereizgarri horiek.
ULMAren webgune bakoitzaren izateko arrazoia eta helburua da enkofratu, aldamio eta segurtasun sistemetan eskaintzen dituen soluzioak erakustea, bereizita eta bezero bakoitzarengan pentsatuta, herrialde bakoitzeko errealitateari eta proiektu bakoitzak planteatutako eskakizunei egoki erantzuteko.
Horrela, beraz, proiektu bakoitza segurtasunez, eraginkortasunez eta errentagarritasunez garatzeko ULMAk hartzen duen konpromisoa eta horretan duen inplikazioa dira nagusiki ULMAren bezero eta lankideek gehien estimatzen duten balioetakoa. Hurbiltasun hori funtsezkoa da proiektu bakoitzaren hasieratik proiektua erabat bukatu arte konfiantzako zerbitzu bat emateko, hau da, obra bakoitzaren aukerak aztertzeko, enkofratu eta aldamio soluzio teknikoa aukeratzeko eta obra mota bakoitzean beharrezkoa den eraikuntza materiala hornitzeko aukera izateko.
ULMAren eta bere bezeroen arteko elkarlana eta elkar ulertzea gune berri baten bitartez jarriko da agerian. Gune horretan, ULMAko zuzendariek, komertzialek, teknikariek, eta ekoizpeneko zein logistikako pertsonek, hau da, xehetasun bakoitzaz arduratzen diren pertsonek, eta horiekin guztiekin talde bakarra osatzen duten bezeroek eta lankideek, beren esperientzia azalduko dute, batera garatutako eraikuntza proiektuen inguruan.