“Konbentzituta nago ULMA Taldearen laguntza gabe Kooperatiba honen etorkizuna oso konprometituta egongo zela”. — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Lifting Solutions

“Konbentzituta nago ULMA Taldearen laguntza gabe Kooperatiba honen etorkizuna oso konprometituta egongo zela”.

Beharbada, ULMA Orga Jasotzaileak azken urteotako krisiak Taldean gehien eragindako Negozioetakoa izan da. Josemari Arozena lehendakariarengana jo dugu, Negozioaren egungo egoerari buruz egiten dituen gogoetak jaso nahian.
“Konbentzituta nago ULMA Taldearen laguntza gabe Kooperatiba honen etorkizuna oso konprometituta egongo zela”.
2015/04/01

Lehenik eta behin, Josemari, zein unetan dago gaur egun Negozioa?  Okerrena dagoeneko igaro dela uste duzu?

Une honetan Negozioaren egoera orain dela bi urte eta erdi geneukana baino hobea da, eta etorkizunari beste perspektiba batetik begiratzen diogu. Duela bi urte eta erdi oso zorpetuta geunden, eta gehiegizko egitura zegoen geneukan negozio bolumenerako. Berregituraketa handi bati egin behar izan genion aurre, pertsona kopurua %30 baino gehiago murriztuta, eta austeritate eta murrizketa neurriak hartu behar izan genituen, orain gauden lekuan egotea ahalbidetu digutenak.
Okerrena igaro den ala ez, uste dut zaila dela azken urteetan izan dugun egoera baino okerragoa gertatzea: enpresaren ikuspegitik murrizketak, ordezkaritzak ixtea, proiektuak geldiaraztea eta abar gertatu badira, arlo sozialaren ikuspegitik izugarrizko sakrifizioa eragin du, eta berreskuratzen zaila izango den giza kapital eta ezagutza asko galdu da. Halere, orain dela 2 urte baino hobeto gauden arren, ezin dugu horizontea bistatik galdu, 5 urte daramatzagu Negozio Maila Erlatiboa %85etik behera dugula, eta beraz bide luzea dago egiteko, iraupen luzeko karrera da.

Zure iritziz, Taldearen elkartasuna izan da kooperatibak aurrera egiten laguntzeko giltzarrietakoa? Uste duzu Talde moduan kohesionatuta eta konprometituta gaudela?

ULMA Taldeak elkartasun tresna oso garrantzitsuak ditu, bai arlo sozialean bai finantzen arloan.
Inolako zalantzarik gabe. Konbentzituta nago ULMA Taldearen laguntza gabe Kooperatiba honen etorkizuna oso konprometituta egongo zela. Taldeak elkartasunerako tresna oso garrantzitsuak ditu, bai arlo finantzarioan, esaterako, emaitzen birmoldaketarekin edo kooperatiben arteko maileguekin, besteak beste, bai maila sozialean, birkokatzeko laguntzekin, birkokapenak oso garrantzitsuak baitira gu geunden bezalako une kritikoetan.

Zure ustez, kooperatibek/negozioek eta Taldeak zer tresna indartu behar dituzte inplikazio hori sendotzeko?

Ez dut uste tresna bat edo bestea lehenetsi behar denik, uste dut egin behar duguna dela dauzkagun tresnak behar bezain malgu izatea, aurreikusten ez diren egoerei aurre egin ahal izateko, azken urteetan gertatu den bezala. Tresnak diseinatzen direnean une horretan inguruneari buruz dagoen ikuspegitik egiten da, baina egoera berezi bat gertatzen denean, tresnak beste modu batera erabili ahal izateko behar bezain arin izan beharra dago, tresnak uneko eskakizunetara moldatzeko gaitasuna izan behar da.

Uste duzu kooperatibek behar besteko arintasuna dugula hain ingurune aldakorrean erreakzionatzeko? Hobetzeko zer neurri edo tresna ezarri litezke?

Hori gure erakundean antzematen dudan gabezia bat da. Talde mailan arau erraz bat onartzeko Negozioetako eta Taldeko organo guztietatik kontsulta erronda bat egin behar da, eta horrek behar baino gehiago atzera dezake arau horretan oinarrituta egongo den erabaki bat hartzea.
Kultura kooperatibaren barruan oso zaila da organoetan zehar egin beharreko ibilbide guztia saihestea, baina Taldean badaude batzorde tekniko batzuk, esaterako, Giza Baliabideak edo finantzen arlokoa, eskumen gehiago har lezaketenak.

Azken galdera denei egiten diegun bera da. Zure ustez, ULMA Taldeak, helburu sozial bat duen Taldea den aldetik eta Fundazio bat tresna gisa edukita, bere proiektu soziala indartu eta bultzatu beharko luke?

Kooperatiba garen heinean, xede soziala beti presente egon beharko litzateke, eta iraganean gauza asko egin dela aitortuta ere, uste dut azken urteetan, egoera ekonomikoak bultzatuta, ekintza soziala alde batera samar utzi dela, eta zeregin enpresarial hutsetan zentratu garela. Taldearen proiektu soziala, Taldeko kolektibora bertara zuzentzeaz gain, ingurunean ere islatu behar da, inguruneari bere zatia itzultzeko.

Amaitzeko, hurrengo Batzarrean agintaldia amaituko duzu; urte hauen guztien ondoren, mezu zehatzen bat ULMA Orgetako kolektiboari…

Nire mezua da norabidea aldatzea lortu dugula, baina oraindik bide luzea dagoela aurrean, eta urte hauetan erakutsitako jarrera mantendu egin behar dugula. Zorrotzak izan behar dugu egiten dugun lanarekin, bakoitza bere arloan, xehetasunik txikiena deskuidatu gabe, dauzkagun gabeziez ohartuta eta ezarritako helburuak betetzeko lan eginez.