Amaia Ugarte - ULMA Taldeko bestelako talentuak — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Construction

Amaia Ugarte - ULMA Taldeko bestelako talentuak

Taldeko langileek eta bazkideek beren ibilbide profesionala eta eskakizun handiko zaletasunak bateratzen dituzte, erakutsiz talentuarekin eta esfortzuarekin horma guztiak botatzen direla.
Amaia Ugarte - ULMA Taldeko bestelako talentuak
2016/07/21

| BEGIRADA BESTEENGAN JARRITA

Hainbat herrialdetan, esaterako, Haitin edo Dominikar Errepublikan lankidetza proiektuak garatzea ahalbidetzen duten ekimen solidarioetan laguntzen du.

Amaia Ugarterentzat hurbil egon gaitezke, urrutian dagoena bistatik galdu gabe. Horregatik, hainbat ekimen solidariotan parte hartzen du, Oñatitik irten gabe beste herrialde batzuetan bizi direnei bizitza pixka bat errazago egiteko asmoarekin, besteak beste, Dominikar Errepublika, Haiti, Kolonbia eta Beninen bizi direnei.

Amaiak ULMA Constructioneko kalitate departamentuan lan egiteaz gain, bizilagunak sentsibilizatzeko hainbat ekintza antolatzen parte hartzen du, Oñatiko Unitate Pastoraleko Misio Taldeko kideak dauden lekuetan garapen proiektuak aurrera eramateko behar den dirua biltzeko.

Amaiaren inplikazioarekin egin diren ekimenetako batzuk afari solidarioak, inauterietako txokolatadak, Gabonetako eskarietako mahaiak eta antzerki ikuskizunak dira eta horiei esker, proiektuak aurrera eramateko beharrezko baliabideak eskuratu ahal izan dira, hala nola, Kolonbian harrera etxe bat eraikitzea, Dominikar Errepublikan etxebizitzak egitea eta Haitin anbulatorio bat sortzea.

Ekimen horiek guztiak Gipuzkoako herriko misiolariekin elkarlanean egiten dira, “Itzela da jendearen erantzuna. Herrian ezagunak gara. Afari solidarioetan une horretan Oñatin dauden misiolariak gonbidatzen ditugu, beraien bizipenak eta proiektua nola dagoen kontatzeko”, zehaztu du Ugartek.

Hemen denetik dugu, ez zaigu ezer falta. Honelako ekimenak bizitzarako ikasbideak dira

Ekimen jakin baterako, gutxi gorabehera bi urtetan aritzen dira dirua biltzen. Denbora tarte hori igaro eta gero, bildutako dirua transferitzen dute, eta beste ekimen batean zentratzen dira. Bildutako diruarekin ez da proiektu osoa estaltzen, baina une jakinetako premiak ordaintzea ahalbidetzen duen koltxoia da.

“Une honetan bukatutzat eman dugu Haitin ikastetxe bat eraikitzeko proiektua eta beste bat jarriko dugu martxan, seguruenik Beninen”, gehitu du Amaiak.

Amaiaren iritziz, honelako jarduerak positiboak dira, “gauzen beste ikuspegi bat ematen dizute eta”. “Hemen denetik dugu, ez zaigu ezer falta. Honelako ekimenak bizitzarako ikasbideak dira”, gehitu du.

Bere misioaren mamia Oñatin zentratzen da, baina behin hiru aste eman zituen Dominikar Errepublikan bertan garatzen ari zen proiektua eta herrialde horretako errealitatea ezagutzeko.

Esperientzia horri esker, kanpoan lanean diharduten kooperante horiek guztiek irakatsi diotena bere egin du: “gauzak ez dira oparitu behar”. Helburua da ekintza sozialaren onuradunak inplikatzea eta mundua denontzako etxea bihurtzea.