• Ulma Architectural Solutions

ULMA Architectural Solutionsek 25 urte bete ditu

2015/07/17
Aurten urteurren berezi bat ospatuko da eraikuntzaren sektorearentzat: ULMA Architectural Solutionsek 25 urte betetzen ditu bere jardueran, bete-betean lanean, eta nazioarteko proiekzio gero eta handiagoarekin.

| TAILERRETIK INDUSTRIARA

Enpresa ULMA Taldearen baitan sortu zen, ULMA CyEren promozio berri moduan, 80ko urte gogorren ondoren lana sortzeko helburu argiarekin.
Hasieran material berritzaile eta aukera asko eman zituen baten alde egin zen: “polimero hormigoia”. Kalitate handiko materiala da, poliester erretxina egonkorren bidez loturiko silize eta kuartzozko agregakinen konbinazio bikain batez osatua. Bere erresistentzia mekaniko bikaina nabarmentzen da (konpresioarekiko erresistentzia hormigoi tradizionalean baino lau aldiz handiagoa da), eta elementu arinak eta neurri txikikoak ekoiztea ahalbidetzen du. Fundatzaileen lan gogorrari esker, eta artean zuzendari nagusi zen Iñigo Aguirreren babesa tarteko, kooperatiba gazte honek bere bideari ekin zion.
1990. urtean lehendabiziko piezak fabrikatu ziren leiho isurki eta gailurretarako. Urte batzuen buruan lehen inbertsio teknologikoak egin ziren, eta eraikuntzako soluzio berriak garatzen hasi ziren, negozioaren ikuspegia beste merkatu nitxo batzuetara zabaltzeko. Horrenbestez, drainatzeko kanalak eta fatxada aireztatuaren sistema berritzailea sortu ziren. Hainbat urtez hazi zelarik, tailer txikia izatetik 2001ean 12.000 m2-ko fabrikazio planta bat duen industria izatera igaro zen.

 

| NAZIOARTEKOTZEA

 

2009. urtean, hainbat urtetako esperientziari esker lortutako pertsona talde kualifikatuarekin, teknologiarekin eta know-howarekin, ikuspegi estrategiko berria landu eta nazioartekotzeko politika ezarri zuen, mundu gero eta globalizatuago batera zabaltzeko.
Gaur egun, ULMA Architectural Solutions, bizkarrean mende laurdena duelarik, sektorearen erreferentzia da Espainian, eta filialak ditu Portugal, Frantzia, Brasil, Mexiko eta Italian, eta banatzaileen bitartez mundu zabaleko 20 herrialde baino gehiagotan du presentzia..

 

25. urteurrena ospatzeko ekimenen artean daude:

 

| OROITZAPEN BIDEOA

Bideo bat argitaratu da, kooperatibaren historia modu hurbil eta humanoan kontatu nahi duena, mugarririk garrantzitsuenak azpimarratuta. Bideoan barruko pertsona askok lagundu dute, eta hori zen hain zuzen bere helburuetako bat, “pertsonen inplikazioa”. Bazkideek aktore, esatari eta gidoilari moduan parte hartu dute.







| GERNIKAKO ARBOLAREN ALDAXKA

Gauzatu diren ekimenetako beste bat Gernikako Arbolaren aldaxka ofizial bat landatzea izan da, Bizkaiko Batzar Nagusiek emandakoa, indartsu hazteko helburu sinbolikoarekin, kooperatibaren etorkizuna bezala.

Halaber, urtean zehar Lantegiko fatxada berritzeari ekingo zaio, Fatxada Aireztatuen sistemarekin.





TESTIGANTZAK


FRANCISCO BENITO,
Fabrikazioko arduraduna

" Tailer txikia zelarik iritsi nintzen enpresara, eta laguntasun handia zegoen eta lan asko egiten zen. Denok egiten genuen pixka bat denetik, beharrezkoa zenean, juxtu planta berrira aldatu baino lehen. Jauzia oso handia izan da, tailerra izatetik nazioartekotzen ari den Enpresa izatera igaro gara. Eta hori krisia jasaten laguntzen ari zaigu. Nire ustez, urteak igaro ahala, laguntasuna eta enpresa gure delako sentimendua galdu da. Baina uste dut hori bizi garen gizartearen eragina dela, kooperatibetan ere islatzen dela. Nozitzen ari garen egoera ekonomiko honetan, uste dut orduko esfortzu eta sakrifizio espiritu hartara itzuli garela pixka bat. Kolektiboa ahalegin handiak egiten ari da egoera aldatzen saiatzeko. Lan moduak eta baldintzak goitik behera aldatu dira urte haiekin alderatuta. Inbertsio handiak egin dira. Baina orain faltan botatzen dudana da orduan pertsonekiko zegoen errespetua, maila guztietan.
Urte hauetaz egiten dudan balorazio oso positiboa da, enpresa nola hazi den ikustea harro egoteko motiboa baita. Etorkizuna baikor ikusten dut, eta uste dut igarotzen ari garen uneak enpresa indartsuago bihurtuko gaituela. Prestatuago egoteko balio behar digu. Baina uste dut oso beharrezkoa eta garrantzitsua dela ULMA Architectural Solutions osatzen dugunon eta osatuko dutenen “ilusioa eta inplikazioa”."


NICANDRO FALCO,
Product Manager

” Kooperatiba honetako bazkiderik beteranoenetakoa ez banaiz ere, hasierako ULMA Hormigon Polimerotik gaur egungo ULMA Architectural Solutionsera arte nolako bilakaera izan duen egiaztatu dezaket. Nostalgiaz gogoratzen ditudan laurogeita hamarreko azken urteetako garai hartatik, Otadui pasealekuko 3ko instalazio txiki haietatik, Zubillagako fabrika handira. Hitz gutxitan, tailerra izatetik industria handia izatera eduki duen bilakaeraren lekuko izan naiz.
Benetako poza ematen du ikusteak enpresaren neurria nola hazi den, bazkide kopurua, ordezkaritzak, merkatu berriak, eta, proiektua sendotzeaz gain, nazioartean gero eta gehiago zabaltzen ari dela ikusteak, potentzial itzelarekin.
Baino hori guztia enpresa hau osatzen dugun guzion ahalegin, sakrifizio eta konpromisoarekin baino ez da lortu. Inork ez digu ezer oparitu. Denbora honetan guztian jende asko igaro da hemendik, baina egiazki konpromisoa eta proiektuaren jabe izatearen sentimendua erakutsi dutenek, horiek sentitu dezakete familia handi honetako kide izatearen harrotasuna."


AMAIA RAMOS,
Egingarriaren teknikaria

"Ni ULMAn hasi nintzenean bazituen urte batzuk dagoeneko: oso enpresa txikia zen, eta Eraikuntzako banantze prozesuarekin zebilen oraindik. Beste kudeaketa sistema batekin hasi ginen lanean, eta geure prozedurak eta prozesuak ezartzen; oso aldaketa handia izan zen.
Fisikoki, hainbat urtetan egoera xelebrean ibili ginen. Oso leku txikian geunden, eta hazten hasita geunden, oso ohikoa zen laneko mahai berean bi edo are hiru langile egotea lanean. Denok denaz enteratzen ginen.
Baina aldaketa handia planta berria eraiki zenean etorri zen. Proiektuak ahalegin handia eskatu zuen denon aldetik baina, aldi berean, indarra eman zigun, eta nortasun bat.
Nire ustez, gure enpresak duen gauzarik onena bere jende talde handia da, langilea, proiektua aurrera ateratzeko gogo handiarekin.
Une hauetan uste dut aldaketa beharraren fasean gaudela, zer gertatuko den zain, gerentea berriki aldatu baita.
Etorkizunari dagokionez, uste dut merkatua hobetzen ari dela eta ongi posizionatzen ari garela: Prozesu guztiak ondo ixteko gai izan beharko genuke, aukera honi egiazki errentagarritasuna atera ahal izateko."

ULMA Architectural Solutionsek  25 urte bete ditu

Taldearen argazkia 25. urteurrena ospatzeko bazkariaren ondoren.