• Ulma Construction

ULMAren soluzio integralak 2019ko Joku Panamerikarren kirol konplexuetan

2019/09/25
Callaoko Eskualdeko Kirol Hiria eta Villa Maria del Triunfo Kirol Konplexua dira Lima 2019 Joku Panamerikarren eta Parapanamerikarren egoitza nagusietako bi, eta haien eraikuntzan ULMAk hartu du parte, aldamio eta enkofratuen soluzio berritzaileak eskainita.

Callaoko Kirol Hiriko Koliseorako oinarri diren 14 metroko zutabeak ORMA enkofratu modularraren bitartez egin ziren, eta hormak hormigoitzeko, berriz, COMAIN enkofratu modular arina aukeratu zen. Lauzak eta harmailak zurkaizteko, BRIO zinbria izan zen aukerarik hoberena, eta BRIO aldamioa erabili zen gune guztietara iristea errazteko eta laneko leku seguruak bermatzeko.

Villa Maria del Triunfo kirol konplexuari dagokionez, askotariko egiturak dituenez, fast-track metodologia baten bitartez egin zen lan. Planifikazioa obra gauzatzen den une berean egitea da metodologiaren ezaugarria, eta horrek eskatu zuen astero planoak aldatzea. Bezeroarekin etengabe komunikazioan egoteari esker eta eszenatoki berri bakoitzaren eskakizunei kasu eginda, ULMAk enkofratu eta aldamio egokienen soluzioak planteatu zituen, bere ingeniaritza taldearen bidez, zeinak egoera konplexuak konpontzeko irtenbide bateratuak eskaini eta obrako muntaketa lanen gaineko trebakuntzaz arduratu baitzen.

COMAIN eta NEVI enkofratu modular arinak hormak gauzatzeko aukeratu ziren, eta ORMA enkofratu modularra, berriz, horma altuak eta gainazal zabalak gauzatzeko. ENKOFORM VMK Egurrezko habeen enkofratua ageriko hormigoizko hormak egiteko aukeratu zen, akabera apartak eskaintzen dituelako. ENKOFLEX lauzen enkofratuak ere ageriko hormigoizko akabera bikainak eskaintzen ditu, eta aldagelen eta bulego administratiboen gunerako aukeratutako sistema izan zen; izan ere, geometria desberdineko lauzetara ondo moldatzen da eta muntatzen erraza. Beraz, sistema oso moldaerraza da.

Villa Maria del Triunfo eta Callaoko Kirol Hiria eraikitzen parte hartzearekin batera, ULMAk aldamio eta enkofratu soluzio integralak eskaini zituen San Marcos estadioa birmoldatzeko eta Videna zabaltzeko lanetarako. Horretarako, 3.000 tona aldamio eta enkofratu hornitu zituen gutxi gorabehera eta 4.000 ordu baino gehiago inbertitu zituen ingeniaritzako soluzioetan, nazioarteko kirol ekitaldirik nagusietako bat hartuko duten egoitzen garapenean.