• Ulma Taldea

ULMA, urruntasunetik

2016/07/21
Mugimendu kooperatiboa oro har, eta ULMA bereziki, oso sustraiturik daukagu inguru hauetan, eta urte asko eta askoko bilakabide etengabea izan du enpresaren zein gizartearen arloan. Izan ere, ULMA eta mugimendu kooperatiboa eragile garrantzitsuenetako bi izan dira, bai Oñatin bai eskualdean, azken 50 urteetan bizi izan den aldaketan.

Hori dela eta, jabetzen gara ULMA Taldearen eta bere balioen garrantziaz, eta ikuspegi kooperatiboak ematen duen mundu ikuskeraz. Talde lana, kooperazioa, gizarte garapena, parte hartzea eta lehiakortasuna: horra hor, esponentziala izan den hazkundean giltzarri izandako eta giltzarri izaten jarraituko duten balioetako batzuk, bai Oñatin bai ULMA dagoen leku guztietan.

Baina, zer irizten diote mugimendu honi ULMAren delegazioetan diharduten langileek? Zer iritzi daukate mugimendu kooperatiboa horren gertutik bizi izan ez duten pertsonek?
Erreportaje batzuk plazaratzeko asmoa daukagu, zelakoa den pertsona horien pertzepzioa transmititzeko, mundu kooperatiboaz duten ikuspegia, egunerokoan lantokian bizi duten errealitatea, ULMA bezalako kooperatiba baten eta bestelako arrazoi juridikoak dituzten enpresen dauden aldeak. Eta hori guztia bazkideen eta langileen beraien ikuspegitik, lehen pertsonan kontatuta. Goazen ba!

 

Sentitzen duzu ULMA desberdina dela beste enpresa batzuen aldean? Zer diferentzia ikusten duzu?

> Juan Manuel Varela: Enpresa bakoitzak bere izaera dauka. Eta horretan, eragin erabakigarria du zer sektoretara zuzenduta dagoen eta, batez ere, nortzuek osatzen duten enpresa. Alderik handiena, beharbada, pertsonek proiektuan duten inplikazioan dago.
> Luis Miguel Jurado: Jakina sentitzen dela; nire kasuan, ULMA Packagingekin lehen harremana izan nuen une beretik, lehenik Madrilgo delegazioan eta gero Oñatin. Ondoren, are gehiago sentitu nuen ULMA Hormigon Polimeron (gaur egun ULMA Architectural Solutions), hala elkarrizketetan nola harrera egitean. Harrera horretan ikusten da dagoen aldea, zeren beste enpresa batzuetan ez baitago hain definituta. SL batetik edo SA batetik etorriz gero, atentzioa ematen du enpresaren antolaketak eta pertsonen balorazioak.

 

Zer dakizu mundu kooperatiboari buruz? Zertan uste duzu desberdintzen dela enpresa tradizionalagoen aldean?

> Juan Manuel Varela: Mugimendu kooperatibistaren historiaz eta bilakaeraz zertxobait badakit. Esango nuke diferentziarik nabarmenena negozio berri bat abiarazteko moduan dagoela beharbada, eta arazoak daudenean beste kooperatiba batzuek ematen duten laguntzan.
> Luis Miguel Jurado: Mugimendu kooperatiboaz neukan ezagutza, ULMAn sartu aurretik, Arrasateko lagun bati zor diot. Laguna kooperatiba bateko kidea zen eta atentzioa eman zidaten hark kontatzen zituen gauzak. Enpresa molde desberdina iruditu zitzaidan, nire ideiekin baterago zetorren enpresa molde bat.
Gainera, noizbehinka MONDRAGON Korporazioari buruzko gauzak irakur daitezke hedabideetan, eredua nola aztertzen den mundu guztian, etab. Halako gauzek zer pentsatua ematen dute. Dauden diferentzietan handiena, kooperatibako langile eta bazkide izatea da; horrek gehiago sentitzera bultzatzen zaitu, inplikatuago egotera, non lan egiten dugun muturreraino ezagutzera. Laburbilduta, parte hartu dezakezu eta parte hartu behar duzu.
> Elena Martin: Enpresa berean eta helburu komun bat lortu guran lan egiten duten pertsonen arteko kooperazioa da, berez. Kooperatibetako langileek, elkarri lagunduz, enpresan dauden arazoei soluzioak topatu behar dizkiete, eta erabaki kolektiboen bitartez kooperatiba kudeatu behar dute.
Enpresa tradizionalaren aldean, kooperatibetan bazkideek helmuga eta helburu berbera daukate eta denon onura bilatzen dute. Bazkide guztiek dauzkagu betebehar eta eskubide berberak eta badago enpresaren erabakietan aktiboki parte hartzeko aukera; hala, norbera inplikatuago eta arduratsuago sentitzen da enpresan. Aldiz, enpresa tradizionalean aukera hori askoz ere txikiagoa da, eta, ondorioz, motibazioa eta inplikazioa murritzagoak dira. Gainera, enpresa kooperatiboan, soberakina bazkideei itzul dakieke; enpresa tradizionalean, berriz, soberakina inbertsiogileen esku dago eta jabeak baino ez du horren gainean erabakitzen.

 

Nola bizi duzu kooperatibismoa urruntasunetik? Zein da zure irudipen orokorra?

> Juan Manuel Varela: Zalantza barik, inguru honetan baino askoz ere indar apalagoz. Nire ustean, kooperatibaren ideia diluituz doa urruntzearekin batera.
> Luis Miguel Jurado: Gai honek betidanik eman dit zer hausnartua, zeren eta hain urrun egonda, norberaren kooperatibari loturiko alderdi asko ez baitzaizkizu iristen, esaterako, ekintza sozialak, organo desberdinetan parte hartzeko aukerak, etab. Jakina, ateak zabalik daude, eta norberari dagokio, kanpoan egonda ere, inplikatzea. Inpresio orokorra oso ona da; hala ere, nire iritziz, aurrera egin behar dugu, aspektu hau berrikusi, izan ere, gero eta bazkide gehiago gaude egoitza zentraletik urrun.
> Elena Martin: Kooperatibismoa, guretzat, eredu ezezaguna da, ez baita gu bizi garen lan ingurunean gailentzen den enpresa eredua. Hala ere, behin kooperatibako kide zarenean eta kooperatiban zelan lan egiten den eta bertako ikuspegi globala zein den ulertzen duzunean, zentralean diharduen edozein langile kooperatibistaren parekoa zarela sentitzen duzu.
Urrun gaudenon arazoa da ezer gutxi dakigula kooperatibaren gainerako negozioez eta dibisioez. Baina Batzar Nagusiari, BEGIRAri eta web korporatiboari esker, ULMAtik gertuago egon gaitezke, eta, horrela, kooperatibaren enpresa errealitatearen partaide sentitzen gara.

 

Zure ustean, kooperatiba beste eredu batzuk baino gertuago dago berdintasunetik, justuagoa da?

> Juan Manuel Varela: Ez, ni lanean ibili naizen enpresa batzuetan, askoz ere aurrerago zebiltzan baja, prestakuntza eta seme-alaben ikasketetarako laguntza kontuetan. Kanpotik etorrita, gainera, betidanik harritu nau ikusteak zer emakume gutxi dagoen zuzendaritza postuetan eta are erdi mailako arduradunen artean.
> Luis Miguel Jurado: Bai, horixe da hasiera-hasieratik ikusten den aspektuetako bat. Organo desberdinetan sartzeko aukera izateak ideia hori edukitzen laguntzen du. Bazkideei helarazten zaigun informazioa lagungarria zaigu iritzia emateko eta erabakiak hartzeko aukera izateko, eta horrek justuagoak egiten gaitu, eta berdintasunetik gertuago jartzen.
> Elena Martin: Bai, eredu kooperatibista berdintasunetik gertuago dago soldata eta antolaketa egiturari dagokionez. Horri esker, gizarte berdinzaleago bat eta, ondorioz, sistema sozial justuago bat garatzen da.

 

Beste enpresa batzuekin alderatuta, ULMAn erabakimen handiagoa duzula sentitzen duzu?

> Juan Manuel Varela: Aldea ez da garrantzitsua. Nire ikuspegitik, erabakimena diluitu egiten da enpresaren tamaina handitu ahala.
> Luis Miguel Jurado: Bazkide bakoitzari bere botoak ematen dio erabakimena; baina horretaz gain, urteko batzarra daukagu, non, gure enpresari buruzko informazio guztia ez ezik iragana eta etorkizuna ere partekatzen baita.
> Elena Martin: Sozietate kooperatiboetan, erabakimena, nagusiki, bazkidearena da; beste enpresa batzuk, berriz, hierarkikoagoak dira. Erabakitzeko, hor dugu, beste tresna batzuen artean, Batzar Orokorra, bertan erabakitzen baitugu, demokratikoki, zein izango diren enpresa kudeatzeko ildo garrantzitsuenak. Ondorioz, bilkura horretan bazkideek funtsezko erabakiak hartzen dituzte; beste enpresa batzuetan, ordea, ez dago halako aukerarik.

 

Enpresa eta Gizarte Erantzukizunari dagokionez (ingurumenarekin, ongizate sozialarekin eta ingurunearen garapenarekin hartzen den konpromisoa), zure ustean ULMAk gehiago egiten du beste enpresa batzuek baino?

> Juan Manuel Varela: Ez beti. Hori faktore askoren mende dago: kooperatiba den, SA den, SL den… edozelan ere, kooperatiba errotuago dago sortu den ingurunean.
> Luis Miguel Jurado: Urrun gaudenoi, aspektu horietako asko ez zaizkigu iristen, baina zerbait sumatzen da, bai. Nire ustean, bestelako enpresa batzuek baino gehiago egiten dugu, eta hori gure batasunari, osatzen dugun taldeari zor zaio.
> Elena Martin: Niretzat, kooperatiba baten oinarrizko printzipioak dira horiek. Kooperatiba ez den enpresa batentzat, berriz, horiek ez dira lehentasunezko aspektuak, eta batzuetan enpresatik kanpoko kontuak dira. ULMAn, pertsonak eta pertsonok lan egiten duten ingurunea funtsezkoak dira enpresarentzat. Hala, enpresaren erantzukizuna ez da mugatzen balio ekonomikoak sortzera, baizik eta, baita ere, gizarte eta ingurumen balioak sortzera.

 

Langile bakoitzaren erantzunetan ikusten denez, denetariko iritziak daude. Argi dagoena zera da: bide luzea dugu ibiltzeko. ULMAk bere langileekin ibili nahi du bide hori, ULMAren balio nagusia bertan diharduten kideak dira eta.
ULMA, urruntasunetik