ULMA Taldearen elkartasunak eta konpromisoak krisiaren eragina jasan duten pertsonak babestu ditu — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Taldearen elkartasunak eta konpromisoak krisiaren eragina jasan duten pertsonak babestu ditu

Krisiaren ondorioz sufritutako nahasmendu ekonomikoak eragin handia izan du Euskadiko industri sarean, eta enpresa asko plantillak berregituratzera behartu ditu.
ULMA Taldearen elkartasunak eta konpromisoak krisiaren eragina jasan duten pertsonak babestu ditu
2015/12/02

Koiuntura ekonomikoaren egoera larria gorabehera, kultura kooperatiboa, Euskadin sustrai sendoak dituena, oinarrizko aliatu bihurtu da eta, horri esker, ULMA Taldeak eta MONDRAGON Korporazioak atzeraldiaren ondorioak arintzeko elkartasun sarea hedatu ahal izan dute.

Kooperatibismoaren oinarri diren lankidetza printzipioak dira asalduzko aldi honetan ULMA Taldeak abian jarritako ekintzen zutabea. Horren guztiaren misioa kasu bakoitzari irtenbiderik onena bilatzea izan da.

Helburua lortzeko bidean gaude. ULMAk krisi garaian lana galdu zuten pertsona guztiei irtenbidea ematea lortu du, baina, horrez gain, MONDRAGON Korporazioko kooperatibetako beste 100 bazkideren etxe ere bihurtu da.

Horren testuinguru zailean sartuta, ULMA Taldeak gogor egin du lan birkokapenen politika aktiboa aurrera eramateko, krisiaren eragina nozitu dutenek beren ibilbide profesionala berriz bideratzeko aukera izan dezaten. Horri lotuta, lan horietan sartutako eragile guztiek egindako kudeaketa lanaren inguruko balorazio positiboa egin du.

Eskerrik asko guztiei, birkokatu diren pertsonei zuzendutako irribarre eta hitz atsegin bakoitzagatik. Keinu txiki horiek dira garrantzi handiena dutenak.
Enpleguaren arazoa konpontzen laguntzen dugu gure balioetan dagoelako, halakoak garelako eta ULMA garelako.

Historian zehar une askotan errepikatu izan den arazoa da, eta ULMA Taldeko negozio ugarietan eragin du, baina Taldeak beti egin izan dio horri aurre. Oraingoan, 2009. urtetik, hainbat negoziok sufritu dituzte krisiaren erasoa eta horrek enpleguan dituen eraginak eta, horri lotuta, erantzuna eman ahal izateko beharrezko neurriak hartu izan dituzte.

MONDRAGON mailan, arazoa areagotu egin zen 2013. urtearen amaieran, Fagor Etxetresnak kooperatibaren egoerarekin, zeina Taldeko beste kooperatiba batzuen egoera zailari gehitu zitzaion.

Zehazki, 2014ko lehen hiruhilekoan, ULMA Taldeko 61 lagun zeuden oraindik ere birkokatu beharrean haien helmuga profesionalekin aurrera jarrai zezaten. ULMA Taldeak bazkide haietako 55 Taldeko zortzi negozioetakoren batean kokatzea lortu zuen. Beste 6 bazkidek, aldiz, postu bat lortu zuten MONDRAGON Korporazioko beste kooperatiba batzuetan.

Hilabeteek aurrera egin ahala, gainera, kopuru horiek hobekuntza nabarmena izan dute.  2014ko abenduan, berregituraketaren eragina jasan zuten bazkideak ia erdira gutxitu ziren ULMAn, eta 33 ziren.Kopuru horretatik, 27 ULMAren baitako enpresen familian birkokatu zituzten eta beste 6 Korporazioko beste enpresa batzuetara joan ziren.

Gaur egun, ULMAko 21 lagunek ez dute lanpostu kontsolidatua, baina inor ez dago langabezian; izan ere, 18 ULMA barruan birkokatu dituzte, eta 3 MONDRAGON Korporazioko beste enpresa batzuetara joan dira.

Hala, 18 hilabeteko epean, eragindako pertsona kopurua heren batera gutxitu da, eta gaur egun ez dago inor langabezi egoeran. Gehienek ULMA Taldearen baitan topatu dute irtenbidea.

2009. urtean krisia hasi zenetik, ULMA Taldeko negozioetan behin betiko birkokapena 45 bazkidek topatu dute. Horri, gainera, aurre-erretiroak kudeatu izana eta adostutako irteera batzuk gehitu behar zaizkio. Horiek guztiek erronkari aurre egiten lagundu dute.

Baina, ULMAk ez du krisiak eragindako langileen mugimenduak konpontzea bakarrik lortu bere negozioen barruan; izan ere, krisiaren inpaktua gogortasun handienarekin jasan duten MONDRAGON Korporazioko beste kooperatiba batzuetatik iritsitako bazkideentzako harreragune ere bihurtu da.

Zortzi negozioen arteko lankidetzari esker, Taldea erreferente bihurtu da MONDRAGON Korporazioko bazkideak jasotzeko garaian.

Joan den urteko lehen hiruhilekoan, ULMAk MONDRAGON Korporazioko kooperatibetatik iritsitako 56 bazkide birkokatu zituen, egoeraren arabera. Gaur egun, kopuru hori 100era igo da, eta horrek agerian uzten du Taldea krisiaren eragina sufritu duten pertsona askoren etxe berri bihurtu dela.

MONDRAGON Korporazio osoari dagokionez, 2013aren amaieran, langabezia estrukturaleko espedienteen eragina jasandakoak 1.806 ziren guztira, baina datu hori gutxitzea lortu da, Korporazioa osatzen duten kooperatibek beren gain hartutako konpromisoari eta LagunArok eta langileen mugimenduak kudeatzeko modu espezifikoan eratutako Enplegu Bulegoak egindako lanari esker.

Uneotan, egoera horretan 1.189 pertsona daude. Horietako 967 Korporazioko kooperatibaren batean birkokatu dituzte, eta 148k lehengo kooperatiba berean jarraitzen dute lanean behin betiko irtenbidearen zain.

“Birkokapenen bolumena kooperatiba guztien elkartasun eta konpromiso mailaren erakusgarri argia da, baina baita lan hori egitea erraztu duten pertsona guztiena ere. Eskerrik asko guztiei, birkokatu diren pertsonei zuzendutako irribarre eta hitz atsegin bakoitzagatik. Keinu txiki horiek dira garrantzi handiena dutenak. Enpleguaren arazoa konpontzen laguntzen dugu gure balioetan dagoelako, halakoak garelako eta ULMA garelako”.