• Ulma Orga Jasotzaileak

ULMA Orga Jasotzaileak, 30 urte lanean

2014/07/21
1984ko ekainean, orain dela 30 urte dagoeneko, OINAKAR S. Coop. sortu zen, Euskadiko Kutxaren Enpresa Dibisioaren ekimenez, merkatu azterketa bat egin eta gero, orduan logistikaren eta mantentze lanen sektorean negozio aukera bat zegoela identifikatu baitzen.

Ingurunearentzat oso garai zailak zirelarik, orga jasotzaileak fabrikatu eta banatzeko proiektua egiazko alternatiba izan zen Loyola Txokolateak ixteagatik arriskuan zeuden lanpostuak salbatzeko. Egoera hartan, Jose Maria Ormaetxeak eta Javier Reteguik Jose Maria Loiti proposatu zuten sustapen berriaren arduradun gisa eta, hasieran Loyola Txokolateetan hutsik geratzen ziren lanpostuak salbatzeko aukeratzat hartu bazen ere, azkenean helburua nabarmen gainditu zen, inguruko beste enpresetan sobera zeuden lanpostuak ere xurgatzeko balio izan baitzuen. Horrenbestez, 80ko hamarkadaren amaieran, 1.600 milioi pezeta fakturatzen ari ziren, eta bi negozio lerro sortuta zeuden.

Artean, orga jasotzaileak fabrikatu eta banatzeko merkatuak arazo handiak zituen: kapital nazionaleko fabrikatzaile bakar eta merkatuan liderra zen Fenwik Alemaniako etxe batek xurgatu zuen, eta sektorean zegoen euskal enpresa bakarra desagertu egin zen. Japoniako MITSUBISHI enpresarekin sinatu zen lankidetza hitzarmenak jardueran hastea eta enpresa martxan jartzea ekarri zuen. 1987an, Oiñakar OÑALAN Taldean sartu zen, gerora ULMA izango zenean, eta 1988tik aurrera kooperatibak ULMA Manutencion S. Coop. izena hartu zuen, bi jarduera negozio aski bereizirekin: Orga Jasotzaileak eta Handling Systems.

Hainbat hamarkadaz egoitza sozial bera partekatu eta gero, 2010eko azaroaren 2an egin zen Ezohiko Batzar Nagusian, gehiengo zabal batez, ULMA Manutencion S. Coop,en bereizketa partziala egitea erabaki zen, eta ULMA Orga Jasotzaileen negozioa ULMA Servicios de Manutención S. Coop. izeneko sozietate berrian sartzea.

ULMA Orga Jasotzaileen jarduera orga jasotzaileen gama oso-oso zabal baten banaketan zentratuta dago, bateko eta besteko bezero eta sektoreetatik datozen beharrei egoki erantzuteko, guztia ala guztia Bezeroaren Arreta Zerbitzu bikainarekin, eta estatuaren %100 estaltzen duen Sare Komertzial eta Saldu Osteko Zerbitzu zabalarekin.

Enpresak dituen kalitate ziurtagiri desberdinek argi eta garbi erakusten dute ULMA Orga Jasotzaileetan bezeroekin dagoen konpromiso eta inplikazio maila.

Orain dela 30 urte lanpostu asko arriskuan jarri zituen egoera ekonomikoa –gaur egungoa bezalakoa– arintzeko sortu zen proiektua, egun, estatu mailan erreferentzia den enpresa errealitate bihurtu da, bere parte izan diren pertsona guztien esfortzuaren eta ilusioari esker.

ULMA Orga Jasotzaileak, 30 urte lanean