• Ulma Handling Systems

ULMA Handling Systems osasunaren sektorean sartu da

2014/07/21
Osasun sektorera bideratutako logistika gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da ULMA Handling Systemsen, eta gaur egun osasun sektorera bideratutako ingeniaritzaren eta teknologia berrien konbinazioa merkatuko nitxo interesgarria da.

Testuinguru horretan, negozio lerro berri bat jaio da osasun sektorera bideratuta, nagusiki ospitale barrurako soluzio logistikoak eskaintzeko asmoarekin. Gaur egun, lankidetza hitzarmenak ditu hainbat enpresarekin, esaterako Oppent, Pharmathek eta Omnicell enpresekin, eta horiekin batera sistema pneumatikoak/AGVak eta dispentsadore robotizatuak eskaintzen dituzte, hurrenez hurren, Latinoamerikako merkaturako.
Negozio lerroko Azterketa eta Eskaintzen arduradun Aitor Elorzak adierazi duenez, “osasun sektoreak gaur egun duen erronka nagusia da sistema eraginkor bat aurkitzea ospitaleetan materialak gordetzeko eta kudeatzeko, kontuan hartuta produktuaren segurtasuna eta trazabilitatea, funtsezko parametroak baitira”.
Azken urteetan hartutako esperientziak eta eskuratutako ezagutzek beren kontzeptualizazio eta diseinuagatik erreferente diren hainbat proiektu garatzea ekarri dute.
Txileko Santiagon dagoen La Florida Ospitalerako garatu den proiektua mugarri garrantzitsua izan da bai ULMArako bai Txileko herrialderako, Txilen erabat automatizatuta dagoen lehen ospitalea izango baita.
Proiektuak biltegiratze automatikorako sistema bat dauka, ULMA etxeko 2 karrusel horizontalek kudeatuta, eta biltegian gordetakoa kudeatzeko sistema bat ere badu, baita Pick to Light Systems gailuen bitartez eskariak multzoka prestatzeko sistema bat ere. Automatizazio logistikoari esker posible izango da botiken trazabilitate osoa kudeatzea: ospitalearen biltegian jasotzen den unetik pazienteari eman eta hark kontsumitu arteraino.
Gainera, azpimarratzekoa da Kolonbiako Imbanaco Zentro Medikorako proiektuaren garapena, ULMAk ospitaleetako jarduera logistikorako izango duen erreferentzia garrantzitsua izango baita. Proiektu logistikoak bi karrusel horizontal eta karrusel bertikal bat edukiko ditu. Horrez gain, armairuak edukiko ditu medikamentuak automatikoki emateko, baita Pick to Light gailuak eta IK Health softwarea ere.
Testuinguru horretan sartzen da ULMA Handling Systemsen filial berria Txileko Santiagon, osasun sektorera bideratutako azterlanetarako eta proiektuen garapenerako izango dena. Filialean osasunaren sektorean ibilbide ezaguna duten profesionalek egingo dute lan, eta profesional horiek Zentralaren laguntza izango dute sektorera bideratutako proiektuak zuzentzeko eta garatzeko.

“Logistika sanitarioa: erronkak eta joera berriak”

ULMA Handling Systemsek, GLOBOPE Research and Consulting aholkularitza eta ikerketa enpresarekin elkarlanean, “Logistika sanitarioa: erronkak eta joera berriak”("Logística Sanitaria: retos y nuevas tendencias”) izeneko liburua argitaratu du, materialen prozesu logistikoaren errepaso zabala, eguneratua eta zehatza egiteko asmoarekin, gaur egun egiten diren praktika logistikoen adibide ugari eskainita.
Liburua jarraitzen errazak diren kapitulutan banatuta dago, eta bertan materialek hornitzailearengandik pazientearengana heldu arteko fluxuaren faseak aztertzen dira, baita fluxu horri lotutako informazioa eta erosketa prozesuaren kudeaketa ere. Era berean, ospitaleetako logistika kudeatzeko eredu batzuk berrikusten ditu, eskaerak aurreikusteko teknikak, stockak kudeatzeko estrategiak, biltegien lokalizazioa, dimentsionamendua eta diseinua, materialen fluxuari lotutako azpiprozesuak (harrera, kokapena, eskariak prestatzea, etab.), berriz hornitzea, eta alderantzizko fluxua ere bai.

ULMA Handling Systems osasunaren sektorean sartu da