• Ulma Architectural Solutions

Monica Casado, ULMA Architectural Solutionsetik Brasilera atzerriratua.

2013/04/08
“Brasildarrek esango luketen moduan, O tempo voa; izan ere, jada urte eta erdi da Sao Paulora heldu nintzela” Nire ikuspuntutik, egunetik egunera atzerriratu zaren sentimendua gero eta txikiagoa bada, horrek berak erakusten dizu atzerriratze prozesua esperientzia positiboa izaten ari dela. Jakina, puntu horretara ez da gauetik goizera heltzen, prozesu oso bat da eta hainbat etapatan gertatzen da.

Lehenengo faseak bi aste-edo irauten du; hiri berri bat, proiektu berri bat, kultura berri bat, hizkuntza berri bat, egun guztietan berritasunen bat eta aurkikuntzaren bat, milaka emozio denbora labur horretan pilatuta. Lehen etapa hori igarota, konturatzen hasten zara non zauden, eta hiria lehen pertsonan bizitzen hasten zara, une horretara arte hauxe esateko baino ez duzu deitu etxera: Hau bai handia!!

Egunetik egunera atzerriratu zaren sentimendua gero eta txikiagoa bada, horrek berak erakusten dizu atzerriratze prozesua esperientzia positiboa izaten ari dela.

Brasil esan eta Rio de Janeiro, bere hondartzak, karnabala, eguzkia etortzen zaizkigu burura, eta horregatik paradisuaren irudi idilikoa esportatu duen herria dela esan daiteke. Baina Sao Paulok ez dauka elementu horietako bat ere ez. Egia esanda, Sao Paulora heltzean hiri ikaragarri bat ikusten duzu, ikaragarri dinamikoa, etxe-orratz ikaragarriekin, dimentsio ikaragarriekin, hiribide ikaragarriekin.

Paulotarrak harro daude metropoli horrekin, Brasilgo eta Latinoamerikako bihotz ekonomikoa eta komertziala delako; “Hegoaldeko New York” esaten diote. Baina, eguneroko gauzetan, ordea, hiriak gainezka egiten dizu, daukan trafikoagatik eta etengabeko auto pilaketengatik (erraz 3 ordu egin ditzakezu autoan 25 km-ra dagoen hiriko aireportuetako batera joateko), jendea oso azkar bizi delako; ohitu behar zara Europan baino segurtasun maila askoz txikiagoarekin bizitzera, eta zerbitzu eta produktuen prezio altuek, hiriko eta herrialdeko hazkunde ekonomiko azkarrak eragindakoek, harrituta utziko zaituzte.

Etapa horretan ere bizileku baimena lortzeko tramiteak egiten hasi behar zara, baimen hori ezinbestekoa baita edozein zerbitzu eskuratzeko, esaterako bankuko kontu bat edo kreditu txartel bat, baita telefono linea bat kontratatzeko edo etxebizitza bat bilatzeko ere. Hitz batean, etapa honetan agertzen dira aparteko ardurak ematen dizkizuten gai hauek eta zure lan berrian bete-betean sartuta zaudenez ez daukazu behar besteko astirik horretarako.

Ingurune profesionalari dagokionez, denbora tarte honetan konturatzen zara zein konplexua den Brasil, zein berezia den zergen aldetik (zergen kudeaketa, Brasilen, mundua dagoen zailenetako bat da) eta administrazioaren aldetik (herrialde honetan ematen dute denbora gehien enpresek dokumentazioak izapidetzen eta kudeatzen), eta zein efizientzia gutxikoa den bere logistika (Santoseko portuan da materialak deskargatzeko eta entregatzeko gehien itxaron behar denetako bat munduan).

Onartu behar dut etapa honetan Mondragon Brasilen eta ULMA Taldearen negozioen laguntza izan dudala, horiek denbora daramate-eta hementxe, Brasilen. Laguntza hori sekulakoa izan zen niretzat, berari esker filialaren eraketa formalerako prozesuei ekitea errazago izan nuelako, eta inguru ekonomiko eta fiskala, lan ingurunea, araudiak, inportazio eta esportazioarekin lotutako legeak ulertzen eta Brasilen irabazitako lehen proiektuetan ordainketa eta kobrantza prozesuak egituratzen lagundu zidatelako. Bigarren etapa honetan, etxera egindako deietan hauxe esaten nien etxekoei: hau handiegia da!

Mondragon Brasilen eta ULMA taldetik hementxe denbora daramaten negozioen laguntza ikaragarria izan zen niretzat, laguntza horri esker filialaren eraketa formalerako prozesuei ekitea errazago egin zitzaidalako.

6 hilabete igaro ondoren, ia konturatu gabe, hirugarren etapan sartuta zaude, eta orduan hiriarekin, jendearekin ohitzen hasten zara, gero eta erosoago zaude lanean, hizkuntza pixka bat gehiago ulertzen duzu, jada beste pertsona batzuk ezagutu dituzu, zu moduan Sao Paulon atzerriratuta daudenak zein bertakoak direnak, eta horiek lagunak dituzu, egunaren bukaeran beraiekin partekatzen dituzu-eta interesak, kezkak, leku berriak ezagutzeko gogoak, eta beraiek laguntzen dizute-eta egunerokoak diren arren zuretzat beharrezkoak diren zereginetan. Eta oso garrantzitsua den beste zerbait, zure itxaropenak aldatu egin dira eta hiria beste modu batean ikusten duzu, hiria den moduan ikusten duzu, ez nahiko zenukeen moduan, eta horrela hiriaz goza dezakezu.

Hitz batean, ULMA Architecturalen erronka zaila baina zoragarria dugu aurrean, bai Kanalen lerroan bai Fatxada eta Itxituren lerroan. Zaila da gure produktuak eta gure marka oraindik ezagutzen ez dituen merkatu itzel honetan berriak garelako. Eta zoragarria da, lortu ditugun lehenengo obrekin (Shopping Riomar, Shopping Salvador, Merkataritzako Federaziorako Eraikina) konfiantza eta erreferentzia lokalak lortu ditugulako, Brasilgo merkatuan erakusteko. izan ere, lantalde bat dugu, 3 gerente komertzial eta arduradun tekniko bat, denak proiektua aurrera ateratzeko gogoarekin, eta beste merkatu batzuetan esperientzia handia dugulako eta konfiantza gure produktuen kalitatean.

Laburbilduz, Brasilen atzerriratuta bizitzea esperientzia pertsonala izaten ari da niretzat, une zailekin eta une zoragarriekin, baita egundoko erronka profesionala ere erakunde osoarentzat, baina konfiantza dugu erronka horren aurrean saiatuta eta arlo komertzialean bultzada handia emanda aurrera ateratzeko gai izango garela.

Etxera deitzeko unea da: Brasil o país mais grande do mundo!!!

Monica Casado, ULMA Architectural Solutionsetik Brasilera atzerriratua.

Monica Casado, hiriaren gaueko panoramika batekin.