• Ulma Handling Systems

Juanan Aretxaga - ULMA Taldeko beste talentuak

2016/04/08
Taldeko langile eta bazkideek bateratu egiten dituzte beren ibilbide profesionala eta zaletasun oso zorrotzak, eta erakusten dute talentuarekin eta esfortzuarekin horma guztiak botatzen direla.

| EGUZKIA IRTEN AURREKO BIZIMODUA

Juananek ULMA Handling Systemsen lan egiten du, Arabako sagardogileen elkarteko lehendakaria da, eta baserriarekiko eta naturarekiko grinarekin uztartzen du bere lanbidea.

Edozein egunetan, eguzkia oraindik laino artean bere lekutxoa egiten hasi barik dagoela, Juanan Aretxaga ohetik jaikitzen da eta artaldeari egiten dio bisita. Ardiak jetzi eta baserria zelan dagoen begiratu ostean, ULMA Handlingera joaten da. Orain dela zazpi urte hasi zen ULMA Handling Systemsen.

“Arabako herritxo batean jaio nintzen eta baserri batean bizi naiz. Betidanik izan dut baserrirako joera handia. Sagardogintzan gogor lan egiten dugu, baina badauzkagu ardiak, zaldiak... eta gaztagintzan ere badihardugu”, dio Juan Antoniok.

Baserria Aramaion dauka, eta beretzat poztasun iturria da, batez ere naturarekin kontaktuan dagoelako.

Baserrian bizi naiz. Egun batzuetan, goizean jaiki, ardiak jetzi eta gero lanera joaten naiz
“Lanak, batzuetan, estresa eragin dezake. Bada ni, etxeratzen naizenean, ardiekin egoten naiz. Horrek lasaitu egiten nau. Baserrian beti dago zer egin, beti dago lana; beraz, gustatu egin behar zaizu. Bildotsekin hasten gara, gero datoz gaztak, ondoren fruituak, sagardoa eta negua, txerri hiltzea”, erantsi du.
Naturarekin bat egiteak bakea dakarkio Juanani, eta ez dio muzin egiten goizean goiz jaiki behar izateari eta egunari lo orduak kentzeari.

“Lankideok txantxetan ibiltzen gara. Nik esaten diet: `Hara, heu be goizean goiz jaikitzen haiz eskiatzera joateko, ezta? Ba nik, jaiki eta ardiak jezten jittuat lanera etorri aurretik”, ekarri du gogora.

Animaliak zaintzeaz gainera, Juananek oso gogoko ditu bere fruta arbolak. Arbola ekologikoak dira; hori dela eta, ezin du produktu kimikorik erabili haiek tratatzeko.

“Inausketaren ostean, kontuz ibili behar da sagarrondo zorriarekin. Guk potasa xaboiarekin egiten diogu aurre”, zehaztu du.



Bai ULMA Handling Systemseko lana bai baserriko lanak Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkarteko lehendakari zereginarekin uztartzen ditu; baita Euskadiko Sagardogileen Federazioko idazkari karguarekin ere.

Gaur egun bertako sagar barietateak berreskuratzeko proiektu batean dihardute lanean. Zeregin horren bidez, nekazaritza aniztasuna eta laborantza ekologikoa sustatzen dira, ekosistemara ondo egokituta dauden espezieez ari baikara, hau da, izurriekiko erresistenteak diren espezieez.
Juanan Aretxaga - ULMA Taldeko beste talentuak

Juanan Aretxaga artaldea gidatzen