• Ulma agrícola

Iker Larreategi ULMA Agricolako atzerriratua Mexikon

2013/07/30
“2001. urtean izan nuen lehenengo kontaktua Mexikorekin; orduko hartan, truke akademikoko ikasle gisa iritsi nintzen Monterreyko Teknologikora, Monterrey hirian.

Donostiara lanera eta karrera amaitzera hilabete batzuetarako itzuli ondoren, erabaki nuen hara itzultzeko bezainbeste gustatu zitzaidala Mexiko, beraz, haraxe eramango ninduen enplegu baten bila hasi nintzen Euskadin. Euskal Herrian lan egiteko eskaintza batzuei uko egin ostean, Mexikora itzuli nintzen, orduan Eusko Jaurlaritzako enpresa bekadun gisa eta, zeregin horretan urtebete eman eta gero, azkenean ULMA Agricolan egokitu nintzen. ULMAn nengoela, 24 urterekin, Alberto Galdosek (artean Esportazioko arduraduna eta gaur egun ULMA Agricola negozioko gerentea), Jose Irizarrek (ULMA Construccion barruan Agricola lerroa zenaren arduraduna) eta Carmelo Bilbaok (ULMA Construccioneko gerentea) nire alde egin zuten, eta 10 urtetik gora daramat erabat liluratuta naukan herrialde honetan. Hemendik, Ipar eta Erdialdeko Amerikako merkatuak lantzen ditugu eta, Mexikon ez ezik, proiektu interesgarriak burutu ditugu batez ere Guatemala, Panama eta Costa Rican ere."

Mexikoko ULMA Agricola ULMA Packagingen Mexikoko filialaren laguntzarekin sortu zen, eta urte batzuk igarota ULMA Agricolak gauza bera egin du herrialde honetan, ULMA Construccionen filialari, behar izan duenean, laguntza emanez. Hori esanda, uste dut garbi dagoela ULMA Talde barruko negozio guztiak bateratzen dituzten printzipioek eta balioek mugak zeharkatu dituztela eta atzerriko harremanak Oñatiko negozioetakoak bezain onak edo hobeak direla, zeren eta laguntza profesionala eta pertsonala ezinbestekoa baita norbaitek bestelako herrialde, kultura eta idiosinkrasia bati aurre egin behar dionean.

Nire atzerriko bizitzakez du lagunen, lankideen eta familiaren zatiketa ekarri, horien guztien ugalketa baizik

Zer esan nezake nik, mundu guztiak ez dakienik, Mexikori buruz? Laburtuz, esan nezake ikaragarrizko kontrasteak dituen herrialdea dela. Forbes zerrendaren arabera, munduko pertsonarik aberatsenetako batzuk mexikarrak dira eta herrialdeko biztanleen %50-60 pobreziaren atalasetik gertu edo azpitik bizi dira. Mexikok negozio arlorik aurreratuenetako batzuk ditu, eta liderra da horietan; era berean, gobernuaren sektorean batez ere, bizirik dirau mordida edo eskupeko famatuak. Mexiko da gerra aitorturik gabeko herrialderik bortitzena, baina mexikar arrunta noblea da, lagun ona, munduan ez baitago mexikarra bezain adiskidetsua den jenderik, ezta garagardo hotzagorik eta janari minagorik ere. Horiexek dira urtero milaka turista, batez ere “gringoak” (halaxe deitzen zaie hemen estatubatuarrei), Mexikoko hondartza, kostalde eta abarretara ekartzen dituzten kontraste erakargarriak. Zaila da Mexiko bakar batez hitz egitea, iberiar penintsula halako lau baita Mexiko, baina Mexiko Hiria (Barruti Federala) herrialdeko kontrasteen erakusgarri egokia izan daiteke.

Lan arloan, ikaragarrizko zailtasun burokratikoak dituen herrialdea da eta, bazter hauetan esaten denez, “letagina ondo zorroztuta” edukitzea komeni da. Mexikon Eusko Jaurlaritzako bekadun izan nintzen urtean, zortea alde izan nuen eta euskal enpresa askok Mexiko alde honetan izandako arrakastak eta porrotak nahiko gertutik ikusi nituen; enpresa horien artean zeuden Fagor, Danobat, Danona, Iparlat, Irizar, Gestamp, CAF, Matz-Erreka, Elay, RPK... eta hortik nahikoa oinarri atera dut jakiteko, batetik, ULMA Agricolaren filialak, bajak eta altak gorabehera, ULMA Agricola barruan garrantzitsua izaten jarraitzen duela eta, bestetik, aldi honetan izan den langile errotazioa, jendea Mexikori buruz mintzatzen denean a priori uste izaten denaren kontra, benetan txikia izan dela. Filialeko langileak zentralean daudenak bezain murgilduta daude enpresaren balio eta bizi taupadetan, nahiz eta sozietate matrizean parte hartu ez. Poliki-poliki gure matrizeko langile asko hemendik pasatu dira, eta uste dut hori hala dela egiaztatu ahal izan dutela. Kontua da hemen euskal kooperatiben atzean dauden balio berberak aplikatzea eta, horretaz gain, urteetan Euskal Herriko enpresa txiki eta familia enpresetako negozioetan osatu den sentiera eta portaerak ere txertatzea. Mexikon negozioak egiteko moduaren beste bereizgarri bat hauxe da: produktu on baten eta prezio on baten gainetik, gakoa saltzailearen eta eroslearen arteko harreman pertsonaletan dago. Gure lurraldean betidanik egon izan den hori, “europar” (iparraldeko) bihurtu garen neurrian galduz joan garela sentitzen dudan horixe.

Mexikon negozioak egiteko gakoa saltzailearen eta eroslearen arteko harreman pertsonala da

Niri dagokidanez, mexikar emakume batekin ezkondu nintzen (eta banandu) eta mexikar nazionalitatea daukat. Ez dut Donostiara bueltatzeko inolako presarik, baina Kantauri ondoan erretiratuko naizelakoan nago; beraz, esan genezake nire atzerriratze eta gizarteratze prozesua aski ona izan dela helburuko herrialdean. Oñatira, eta Donostiako nire etxera, urtean 2-3 aldiz joaten naiz, beraz, ez dut aparteko hutsunerik igartzen ohikoa denetik harago. Esan nezake nire atzerriko bizitzak ez duela lagunen, lankideen eta familiaren zatiketa ekarri, inguratzen nauen guztiaren ugalketa baizik. Horretan guztian, Mexikoko Euskal Etxeko jendearekin izan dudan etengabeko harremana ezinbestekoa izan da. Hemen, Euskal Herriko jai nagusiak ospatzeaz gainera, Txokoko afariak, frontoiko pala partidak eta, jakina, musa, ez dizkigu inork kenduko.

Ez zaituztet Mexikora etortzera animatu nahi, honezkero gehiegi gaude eta. Azken bi urteetan horrenbeste espainiar ari da etortzen, ezen gobernuak zorroztu egin baititu sartzeko neurriak, tartean lan arloko arrazoiak baldin badaude. Ni herrialde honetara iritsi nintzenean, jendea kontratuarekin etortzen zen kanpotik, baina hango krisia hain da latza, jendea bere ikasketekin etortzen ari da, goian zerua eta behean lurra, gerra zibilaren ondoren inoiz ez bezala. Alde bakarra dago: orain etortzen direnak ikasketak eginda datoz eta garai hartan goseak etortzen ziren, baina, batzuk zein besteak, lan egiteko gogoz gainezka. Nolanahi ere, hona etortzea erabakitzen baduzu, mexikarrek ondo hartuko zaituzte, halaxe izan baita lehen errepublikar erbesteratuen garaitik. Azkenik, munduan zehar dabilen jendeari zuzendutako aholku bat: NORANAHI ZOAZELA ERE, ZUK ZEUK DARAMAZUN ZORIONTASUNA AURKITUKO DUZU.

Iker Larreategi ULMA Agricolako atzerriratua Mexikon

Iker Larreategi Euskal Etxean