• ULMA Manutentzio Zerbitzuak

Haurtzaindegi Bat Maskor Biltzaileen Umeentzat: Hezkuntza proiektu bat baino gehiago

2013/12/27
ULMA Orga Jasotzaileetako Laguntza Teknikoko Zerbitzuan diharduen taldeko kidea den Jose Manuel Bernardo eta Henar Adrian Lasarteko senar-emazte gazteak dira. Biak Ekuadorko Muisnetik itzuli berriak dira, “Hegolan” GKEak Esmeraldasko probintzian duen proiektuetako bat bukatutzat eman ondoren.

ULMA Orga Jasotzaileak negozioak, bikote gazte honek 3 urte baino gehiagoan izandako esperientziaren eta burututako proiektuen berri izan ostean, elkartasun abentura baten partaide egin nahi izan ditu Begiraren irakurle guztiak.

Iraganean geratu da 2010eko iraila. Orduan, Esmeraldasko probintziako Muisnen 6 hileko esperientzia ahaztezina izan ondoren, berriz itzultzeko erabakia hartu zuten Josek eta Henarrek, hezkuntza proiektu bat abiarazteko asmoz; ez zekiten, ordea, hango egonaldiak beren bizitzako esperientziarik zoragarri eta aberasgarriena izan dena oparituko zienik, alegia: hasiera-hasieratik bihotza ukitu zien Britany izeneko neskatila adoptatzea.

«Betidanik gustatu izan zaigu bidaiatzea, eta halako esperientzia bat bizitzea oinarrizkoa iruditzen zitzaigun komunitate batean integratzeko, zeren eta hori baita modurik onena haien kultura eta ohiturak ezagutzeko», esan digu ASPACEn lan egiten duen eta “DOA” – Denok Osasunaren Alde Elkarteko kide aktiboa den Henarrek.

Bikotearentzat oso garrantzitsua zen esperientzia elkarrekin bizitzea eta Zarauzko Hegolan GKEaren bidez sortu zen proiektua garatzeko aukera. Kontua zera zen: inolako babesik gabe abandonatutako berrogeita hamar neskatila eta mutikori laguntza ematea; baita egoerak ukatua zien duintasuna ematea ere.

Muisneko emakume maskorbiltzaileak.

Ekuadorko eskualde horretan dauden behar guztiak zein diren ulertzeko, inportantea da hango familia sistema nolakoa den jakitea, izan ere, berezi xamarra da, gehien errepikatzen den eredua, normalean, familia oso ugari eta gurasobakarraren eredua baita, non amak hartzen duen familiaren ardura osoa, eta hori hala izaten da zeren eta haien bikotekideek abandonatu egiten baitituzte haurdun gelditzen direnean, gizonok arazo gisa ikusten baitute umeak izatea.

Ama horiek lehen mailako ikasketak ozta-ozta eginak dituzten neskatilak izaten dira, beren seme-alabak mantentzeko 12 edo 13 urterekin lan egitera behartuak.

«Bizi diren etxeak oso egoera higieniko kaskarrean daude, ez dago ur gezarik, komunak lurrean egindako zulo bat baino ez dira, eta oso familia behartsuak dira» komentatu digu Jose lagunak.

Maskorrak ataratzea oso lan gogorra denez, emakumezkoak baino ez dira horretan aritzen.

Emakumeok, bizirauteko, egunero joaten dira mangladietara maskorrak biltzera, gero miseria bat kobratzeko. «Maskorrak biltzea “emakumeen” lana da, oso lan gogorra baita. Eskuak mintzen zaizkigu, lokatz eta zuztar artean aztarrika ibili behar dugu. Oso lan gogorra da, horregatik ez dabil hemen gizonik. Oso lan gogorra da, emakumeentzako bakarrik», esaten dute Muisneko maskor biltzaileek.

Gainera, maskorrak biltzean mangladian ibiltzen diren zapoek edo pakek hozka egiteko arriskua dago. Eta aukera asko izaten da, baita ere, lokatzetan ibiltzeagatik erreumatismoa izateko, edo azaleko gaixotasunen bat harrapatzeko.

Seme-alabak non utzi ez daukatenez, maskor biltzaileek bi aukera baino ez dute: edo beraiekin mangladira eraman, non lanaldiak 12 ordukoak izan daitezkeen, edo umeak kalean alderrai ibiltzen utzi.

Eguneroko bizimodua zentroan.

Zentroan izena emana duten haurren kopurua berrogeita hamarretik gorakoa bada ere, denak ez dira egunero joaten, baina joaten direnak jateko orduan joaten dira batez ere.

Helburu nagusia haurrak egunero zentrora joatea da eta horretarako janaria da erakargarririk onena; zentrora joaten diren haurrak, gainera, babestuta daude eta haien oinarrizko beharrak aseta egotea bermatzen da.

7:30 inguruan jaikitzen gara. Zaintzaileak etortzen dira, eta gero haurrak, pitinka-pitinka. 9:00ak inguruan, gosaria ematen zaie eta, ondoren, jarduerak hasten dira: abestu, ipuinak kontatu, eskulanak egin arkatza, papera eta guraizeak erabiliz etab. Bazkaldu eta gero, aisialdia izaten dute. Arratsaldean, haur guztiak bainatu egiten dira. Arropa aldatzen zaie eta garbi-garbi eta pixoihalekin joaten dira, etorri, asko pixoihalik gabe etortzen direlako, etxean pixoihalak erosteko dirurik ez eta. Bizkarroiak ere kentzen zaizkie, inguruan zorri dezente egoten baita, eta zaharrenei etxeko lanak egiten laguntzen zaie, haien etxean, gehientsuenetan, ez baita egoten alfabetatutako inor.

Haur gehienak La Florida auzokoak dira, baina gainerako guneetako kaleetan ere haur abandonatuak zebiltzala ikusita, haien bila joateko garraiobide bat kontratatu zen: orgatxo bat loturik daraman motor antzeko bat.

Zaintza eta segurtasuna ez ezik, maitasuna ere ematen zaie.

Josek eta Henarrek azpimarratu dutenez, zentroan, haurrak elikatu eta zaintzeaz gainera, maitasuna ere ematen zaie «haurrok oso irekiak daude maitasunera. Iristen direnean ez dakite zer den samurtasuna, afektua, inoiz ez baitute halakorik jaso, eta, denboraren poderioz, zugana sentitzen duten atxikipena hain da nabarmena, hain da handia, ze zentroan denbora gehien daramatenek aita edo ama deitzen baitizute batzuetan».

Muisnen igarotako urteotan, Josek eta Henarrek denetariko zereginak egin dituzte. Josek, zentroan mantentze eta eraikuntza lanak egiteaz gainera, ur gezaz hornitzeko putzuak ere egin ditu, uraren arazoa oso handia baita eta putzu barik hangoek euri ura baino ez baitute bizirauteko. Henar, egonaldiaren azken zatian, alde pedagogikoaz arduratu da besteak beste. Hala, honako gauza hauek irakasten saiatu da zentroan gelditu diren langileei: planifikazioak, astean zehar egiteko moduko jarduerak, ipuin kontalarien tailerrak (haur guztiek, baita irakurtzen ez dakitenek ere, ipuinak ulertu ahal izateko), abesti berriak eta han aplikatzen ez diren oinarrizko jarduerak, esaterako, haur elikaduraz hitz egitea.

Oso garrantzitsua da proiektua sendotzea.

Oraindik ere asko dago egiteko, baina garrantzitsuena, bikotearen ustez, hauxe da: «dagoeneko martxan dagoen guztia sendotu ahal izatea. Kasurik egiten ez bazaio, galdu egin daiteke. Gure lanari jarraipena ematen gelditu direnekin etengabeko harremanean gaude, ez dadin ezer egin gabe geratu, izan ere, hango kultura oso bestelakoa da eta etengabe gainbegiratu behar da gauzek funtzionatzen jarrai dezaten».

Zentroak etorkizun oparoa izan dezan eta funtzionatzen jarrai dezan, funtsezkoa da Esmeraldasko agintariek eta erakundeek kolaboratzea eta konpromisoak hartzea, baita herritarrek laguntzea ere. Pertsona pribatuen eskuzabaltasuna eta konpromisoa etorkizun oparo bihur bitez Muisneko haurrentzat.

Haurtzaindegi Bat Maskor Biltzaileen Umeentzat: Hezkuntza proiektu bat baino gehiago

José Manuel Bernardo eta Britany