• Ulma Construction

German Rodriguez, ULMA Constructioneko atzerriratua Brasilen

2014/03/31
Joan den urtean, ULMA Constructioneko lan karga nabarmen urritu zen eta, txiripaz, nire Negozioan jende bila zebiltzala jakin nuen, Brasilera lanera joateko; animatu egin nintzen, Giza Baliabideetan galdetu nuen, eta eskatzen zituzten profilen berri eman zidaten eta tartean nirea bazegoela ikusi nuen. Etxean lanera kanpora joateko aukera aipatu eta, hemen zetorkigun egoera ikusita, aukera han zegoela ikusi genuen.

“ULMA Constructionen Brasilera lanera joateko jende bila zebiltzala jakin nuenean, Giza baliabideetan informazio gehiago eskatu nuen Belo Horizonteko Logistikako ikuskatzaile postuari eta baldintzei buruz, eta erronkari heldu nion: 8.000 metroko azalera duen depositu baten eraikuntza amaitzen ari da, filialak gaur egun arte lortu duen eta etorkizun hurbilean izango duela espero dugun hazkundean laguntzeko, Minas Gerais estatuan.

Joan den urteko martxoaren 2an iritsi nintzen Sao Pauloko Guarulhosko aireportura, gauez ia 12 orduko bidaia baten ondoren, lo egin gabe, eta etxean, espero bagenuen ere, azkenean atsekabez bete gintuen egoera bat izan eta gero, gure koinatua Brasilera joateko abioia hartu nuen egun berean hil baitzen.

Jendeak egin zigun harrera zoragarria izan zen, oso babestuta sentitu nintzen eta, gainera, brasildarrak, oro har, oso jende alaia dira, eta alaitasun hori kutsatu egiten zaizu

Hasieran ni bakarrik etorri nintzen, Brasilgo bizimodua ezagutu nahi nuen, gurea ez bezalakoa baita, alderdi guztietatik, eta hilabete batzuen buruan Begoña iritsi zen eta oraindik egokitzen ari da; bi alaba ditugu, baina dagoeneko etxean bakarrik geratzeko moduko adina dute eta, gainera, beren bizitza antolatuta dute.

Sao Paulora iritsi eta, nork bere buruari galdetzen dion lehenengo gauza da zer arraio egiten duen hemen, hilabete batez portugeseko eskoletara joanda, Brasilgo kultura ezagutu gabe, horri buruz imajinatzen duzun gauza bakarra dena samba eta lanetik gutxi dela izanik, ostatu hartutako hoteleko bideari begira, eta gurean ohituta ez gauden (eta espero ez ohitzea) paisaia urbanoa eta humanoa zein diferentea den pentsatzen.

Sao Paulo hiri kosmopolita da, ahal izanez gero saihestu beharreko auto ilarekin (nahiz eta ia ezinezkoa den baten batek ez harrapatzea), eta “segurtasun faltaren kezka” handi samarrarekin, egia bada ere hemen, Belo Horizonten, hori ez dela hainbeste sumatzen.

Martxoaren 4an hasi nintzen lanean Sao Pauloko filialean, Belenekin eta gure brasildar anaia Damascenorekin, bertako patioan zein administrazioan lanerako ezarrita dituzten prozesuak eta prozedurak ezagutzen.

Jendeak egin zigun harrera zoragarria izan zen, oso babestuta sentitu nintzen eta, gainera, brasildarrak, oro har, oso jende alaia dira, eta alaitasun hori kutsatu egiten zaizu. Hori Sao Paulon izan zen, eta Belo Horizonten, aurtengo urtarrilaren erdialdetik nagoen lekuan ere, gauza berdina esan dezaket, harrera ezin hobea egin baitzidaten.

Martxoko arratsalde eta asteburuak Sao Paulo pixka bat gehiago ezagutzen ematen nituen, ia urte bat lehenago bertara iritsi zen Belen Ibañezen eskutik; ondoren beste bi kide iritsi ziren, Mikel Gonzalez eta Luis Parrilla, eta hain gertu bizi ginenez, ba, aisialdia eta zaletasunak partekatzen genituen, esate baterako sukaldaritza, eguneroko beharra izatez gain gustatu ere gustatzen zaigulako.

Pixkana-pixkana jende gehiago ezagutzen joan ginen, beste sektore eta enpresa batzuetako atzerriratuak, tartean ULMA Polimeroko Monica Casado, LKSko Javier Alonso, etab. Koadrila handi samarra osatu genuen, eta asteburu eta jaiegunetan hainbat momentu eta esperientzia konpartitu genituen.

Barueri inguruak bisitatu genituen –hotela bertan dago–, bertako bizimodu eta ohituretara egokitzen joan ginen, nahiz eta oraindik ere ordutegira ohitzea kostatzen ari zaidan. Goizeko 11:30ean jendea dagoeneko bazkaltzera joaten da. Jatetxeak, oro har, buffet modukoak dira, jenero guztia plater berean jaten da, eta bertan jarri duzunagatik ordaintzen da: pisatu egiten dute, eta janariaren pisuagatik ordaintzen duzu, edariak aparte. Tira, hori Sao Paulotik kanpo gertatzen da, hirian aukera gastronomikoa ikaragarria baita; gure arraina besterik ez dute falta.

Urtebete bat daramat hemen, eta zalantzarik gabe esan dezaket esperientzia oso-oso atsegina gertatzen ari dela, bai maila profesionalean, bai pertsonalean, bere gorabeherekin jakina, baina etxeko “dena” utzi eta abenturan irteteko esfortzua merezi duelakoan”.

German Rodriguez, ULMA Constructioneko atzerriratua Brasilen

German Rodriguez eta emazte Begoña