Aritz Kortabarria, ULMA Handling Systems — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Handling Systems

Aritz Kortabarria, ULMA Handling Systems

Taldeko langile eta bazkideek bateratu egiten dituzte beren ibilbide profesionala eta zaletasun zorrotz-zorrotzak; horrela erakusten dute talentuarekin eta esfortzuarekin horma guztiak botatzen direla.
Aritz Kortabarria, ULMA Handling Systems
2016/12/15

| IGERI, LASTERKA, PEDALEI EMANEZ. ESFORTZUA BIZI TERAPIA GISA.

ULMA Handling Systemseko langilea den Aritz Kortabarriak 16 urte daroa triatloia egiten.
Ura, asfaltoa, esfortzua, ihesbidea, kontrola, gogobetetasuna, hobetzea, solbentzia. Itxuraz behintzat elkarrekin inolako konexiorik ez daukaten hitz horien bidez, Aritz Kortabarria, triatloi batean lehiatzen den aldiro, zer eremu semantikotan murgiltzen den deskribatzen da.
Duela 16 urte hasi zen, eta kirol zorrotz honen praktika hain luzaroan dago bere eguneroko bizimoduan txertaturik, ezen bere bizitzan berezkoa den elementu bihurtu baita.
Lanetik, eguneroko estresetik, eguneroko martxatik ihes egiteko modu bat da. Nik ezingo nuke geldi egon lan egin ostean
“Hainbeste urte dira, ze nire bizitzaren parte da. Lanetik, eguneroko estresetik, eguneroko martxatik ihes egiteko modu bat da. Nik ezingo nuke geldi egon lan egin ostean. Nire ihesbidea da”, azaldu du orain dela hiru urtetik hona ULMA Handling Systemseko SAP departamentuan diharduen Aritzek.
Bizikletaren mundutik etorrita, ia konturatu barik hasi zen triatloian.
“Ia gura barik sartu nintzen mundu honetan”, gogoratzen du Aritzek. Astean 10 ordu entrenatzen du batez beste. Astelehenetik ostiralera igeri eta lasterka egiten du, eta asteburuak bizikletan ibiltzeko gordetzen ditu.
Aritzek besakada, pedalkada eta lasterketen bidez marraztu duen ibilbideak ohorezko postuetan egoteko balio izan dio nazioko eta nazioarteko triatloietan; gainera, 24 aldiz izan da finisher-a Ironman batean, hau da, denik eta triatloi probarik gogorrenean, non ur zabalean 3,8 km egin behar diren igerian, 180 km bizikletaz eta 42,2 km lasterka.
Ironmana, izan ere, gogortasun handiko kirol modalitatea da, eta eskatzen du sasoi bikainean egotea, kirolariak bere gaitasunak zein diren ondo-ondo jakitea eta triatloilaria, berez dauzkan mugekin tira-biran, bere erresistentziaren aurrez aurre jartzea.
16 urte hauetan, Kortabarriak hainbat txapelketatan parte hartu du Estatu Batuetan, Brasilen, Mexikon, Hungarian, Txekian, Alemanian eta, oraintsu, Munduko Ironman Txapelketan. Munduko txapelketaren hitzordua Hawaiin izaten da urtero eta World Triathlon Corporation (WTC) delakoak erregulatutako sailkapen proba gogorrak gainditu beharra dago.
Hala ere, Hawaiiko mundu mailako esperientzia horrek zapore gazi-gozoa utzi dio Aritzi.
“Ez zen nik espero nuen lasterketa izan. Bero eta hezetasun handia egiten zuen. Hidratazioa muturreraino zaindu beharra dago. Ezin izan nuen nire onena eman. Egunen batean bueltatu egingo naiz arantzatxo hori ateratzera”, gehitu du.
Kirol modalitate honek kontrol mental handia eskatzen badu ere, Aritzek oso argi dauka hobby bat baino ez dela beretzat, eguneroko zailtasunetatik ihes egiteko erabiltzen duen zaletasun bat, eta ez dela inondik inora ere karga bat, eta triatloian jarraitzeko, funtsezkoena gozatzeari inoiz ez uztea dela: “argi daukat gozatzeari uzten diodan egunean utzi egingo dudala”.
Aritzen poztasun handienetako bat kirolak eskatzen dion kontzentrazio mentala da, ingurunetik abstraitu eta beste guztia ahaztea, bere gorputzak igortzen dizkion mezuei baino beste ezeri jaramon egin barik. Arnasketa, pultsua, erritmoa…
“Lasterka zoazela, pultsuan kontzentratuta zoaz. Beste dimentsio batean zaude, sentsazio txarrak saihestu nahian. Lasterketa baten giltzarria sentsazio negatibo horiek gainditzean datza, mugak gainditzean. Lasterketan zulo psikologiko bat ondo gainditzeko gauza izan banaiz, pozik, harro eta bakean egongo naiz”, arrazoitu du Aritzek.
Proban izandako sentsazioak, Aritzentzat, lortutako emaitza baino askoz ere inportanteagoak badira ere, bere palmaresa aintzat hartzeko modukoa da: iaz hamaikagarren sailkatu zen elite mailan (MB1) Madrilgo KM0 Ironmanean; elite mailako seigarrena izan zen Ribadesellako Half Triatloian, eta elite mailako laugarrena Half Astromad Triatloian.
Kortabarriak kendu egiten die inportantzia bere kirolaren eskakizun zorrotzei, izan ere, konbentzituta dago triatloiak eragiten dion efektu terapeutikoak baduela nahikoa indar kirola uztea burutik kentzeko.
“Dena da ekitea, eta nork bere jarduera topatzea. Kirol honek nigan duen efektua beste pertsona bati arrantzan joateak eragiten diona izan daiteke”, esan du bukatzeko.