• Ulma Packaging

Aitor Otxoak “Pierra Menta” hamaikagarren aldiz burutu du

2013/07/30
Mendiko eskiaren munduko txapelketa estraofiziala bezala ezagutzen den proba honetan hamaika aldiz hartu du parte Aitorrek. Burututako edizioei dagokienez, “beteranoa” dela esan daiteke, estatu mailan beste batek bakarrik aurrea hartzen diolarik

Pierra Menta, Alpeetako Arâches herrian jokatzen den munduko mendiko eski txapelketa garrantzitsuena da eta, jarraitzaileek dioten bezala, mendiko eskiaren Frantziako Tourra bezala dago kontsideratuta. Inondik ere bere gogortasun eta zailtasun teknikoak bereizten dute, eta lau egunetan zehar 10.000 metroko desnibel positiboa metatzen da 20-30 kilometroko lau etapetan.

Arâches herria Rhone Alps erregioan dago, Albertville ondoan, eta urtero, bai herrikoek bai kanpotik etortzen diren hainbat laguntzailek dena ematen dute txapelketaren antolakuntzan. Txapelketa izaten den astean, parte hartzen duten 250 bikote inguru eta ikusle pila inguratzen da herri txiki honetara. Txapelketaren ospea eta erakartasuna Gran Mont (2686 m) mendiaren ertzean nabarmentzen da, non 4.000 pertsona inguru biltzen baita bertatik pasatzen diren eskiatzaileak ikusteko. Aurten Frantziako France 3 telebista publikoak zuzenean emititu du gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirol honen ikusleei eskaintzeko asmoz.

Mendian txikitatik hasi nintzen aita eta Aloña Mendi taldearekin eta domeka denetan Euskal Herriko mendietara joaten ginen. Neguan batzuetan gogorra da entrenatzea, lau eta erdietan irten lanetik eta beti frontalarekin ibili behar naiz zer edo zer ikusteko. Nire lanetik kanpora lanera tokatu daiteke joan beharra eta ordu asko sartzen dugu lanean kanpoan gaudenean; orduan entrenatzea zaila da.

Aitor Otxoak ULMA Packagingeko flow pack muntaketan egiten du lan, baina urtero hurbiltzen da Frantziako herrixka horretara eliteko beste kirolari askorekin bat eginez. Aurten Zizurkilgo Balen Tolosarekin izan da, baina aurretik, bost urtetan, Packagingen lan egiten duen beste lankide batekin joan izan da: Arkaitz Letamendi. Arkaitzekin lortu du bi aldiz aurreneko 50 postuetan sartzea. Esan beharra dago ez duela parte hartzen nahi duen guztiak, oso zaila gertatzen baita inskripzio zerrendan sartu ahal izatea eta kirolari asko gelditzen dira kanpoan parte hartu ahal ezinik. Txapelketan bertan edo beste batzuetan egindako kirol merituak hartzen dituzte kontuan antolatzaileek deritzoten zerrenda osatzeko. Bestalde, oso txapelketa teknikoa izateagatik da ezaguna, eta ibilbidea ertz, korridore eta abarrez dago osatua, eta sarritan kranpoien erabilera ere beharrezkoa izaten da.

Euskal Telebistaren kirol taldean ere ezaguna da Aitor. Bularrean eskegita eramaten duen bideokamera subjektibo batekin hainbat etapatako irudi ikusgarriak grabatzen laguntzen die. Txapelketako ETBren Mara-Mara programako bideoa ikusteko: http://bit.ly/11Yqj71

Etorkizunari begira, Aitorrek kirol proba honetan jarraitzeko asmoa erakusten du eta, bere hitzetan, 15 aldiz egitea lortuz gero pozik legoke eta, zeinek daki, ametsa dirudien 20 zenbakira ere iristea

Aitor Otxoak “Pierra Menta” hamaikagarren aldiz burutu du

Aitor Otxoa