• Ulma Taldea

IRENE ALBERDI. ULMA Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria

Mundua ez dago geldi eta gu ere ezin gara geldi egon

2012/11/29
Uste dut une ezin hobean gaudela etorkizunean egin nahi genukeenaren oinarriak jartzeko.

Ia urte eta erdi daramazu karguan, zein da zure balantze orokorra? 

Enpresa ikuspegitik, garai honetan oso gertaera garrantzitsuak jazo dira, hala nola gure 50. urteurrena eta ULMA C eta E eta ULMA Manutencion kooperatiben barruan izandako zatiketa eta bat egite prozesuak. Horrek eraman gaitu antolaketa logikoago batera eta gure Negozioen errealitatetik hurbilago egotera. Jakina, hori guztia bazkideen eta kooperatibetako organoen meritua da, izan ere, lidergorako gaitasun oso handiz burutzen ari dira proiektuak eta hori berretsi baino ez da egin azken batzarretan POGUan eta Barne Araudian onartutako aldaketa garrantzitsuekin. Ziur aski orain ez gara horretaz gehiegi jabetuko, baina erabaki horiek arrastoa utziko dute gure kooperatiben eta gure Taldearen etorkizunean. Bide horretan lan egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin eta elkarri lagunduz bizi dugun garai zaila gainditu ahal izango dugulakoan.

Ikuspegi pertsonalago batetik, balantzea oso positiboa da. Karguak aukera ematen dit gure Taldeko kooperatiben errealitatean sakontzeko, bazkide eta arduradunak ezagutu eta balioesteko eta, ahal den neurrian, taldearen esparrutik eta Departamentu Zentraletatik, laguntzen saiatzeko, gure kooperatiba batzuk bereziki bizi izaten ari diren une konplikatuotan.

Erakundeei dagokionez, POGUan adierazitako Taldearen Politika Orokorrei emandako bultzadak gure kooperatiba guztien artean kohesio handiagoa egotea ahalbidetzen du. Nola ikusten du Irene Alberdik aurrerakada hori? 

Aurrerakada mantso baina segurua da, nik uste. Hau da, azken urteotan Finantza, Gizarte eta Marka zein Komunikazio Politiketan aurreratzea lortu dugun guztia, ikusi denez, kohesiorako bide eta euskarri garrantzitsu askoa izan da gure Negozioetarako. Mailaz mailako garapenean aurrera egiten jarraitu behar dugu, goitik ezarritakoa ez baizik eta partekatutako garapenean, kooperatibek uler dezaten beti ere etorkizunerako inportantea izango den zerbait eskaintzen gabiltzala. Ildo horretan ari dira lanean Batzorde eta Organoetan eta ziur nago, pausoz pauso, azkenean Taldea gure kooperatibentzako benetako euskarri bideratzaile gisa ikusiko dugula.

Ikaragarrizko lursaila dugu lantzeko eta gizarte konpromisoa, elkartasuna eta parte hartze eredua indartzeko, horixe baita benetako erronka gure langileen kokapen geografikoaz, autonomiaz, erantzukizunaz eta abarrez arduratzeko.

Taldea, beraz, denon artean eraiki behar dugu eta, zalantza barik, taldearen esparruan, gorabeherak gorabehera, gutxien landu diren alderdietan jarri behar dugu arreta. Laneko Segurtasun eta Osasun Politikak eta Pertsonen Prestakuntza eta Garapena gehiago landu behar ditugu. Denok elkarturik, baditugu alor horietan behar diren ezagutza eta gaitasuna. Politika Orokorrak garatzea ez ezik, Talde gisa partekatzen ditugun Balioak sendotzea ere garrantzitsua da (Lankidetza, Parte hartzea, Berrikuntza eta Lehiakortasuna). Ikaragarrizko lursaila dugu lantzeko eta gizarte konpromisoa, elkartasuna eta parte hartze eredua indartzeko, horixe baita benetako erronka gure langileen kokapen geografikoaz, autonomiaz, erantzukizunaz eta abarrez arduratzeko.

Azken finean, gauza asko egin dugu baina argi ibili behar dugu, eta zertan gabiltzan etengabe aztertu. Mundua ez dago geldi, eta guk ere ez dugu geldi egon behar. Oraindik asko daukagu egiteko, denon parte hartze eta laguntzarekin.

Arlo ekonomikoa oinarri-oinarrizko eta lehentasunezko alderdia da edozein enpresa eredutan, are gehiago krisi garai honetan. Gai horri dagokionez, zer balantze egin liteke gaur egun ULMA Taldean?

Taldea, osotasunean hartuta, oso dibertsifikaturik dago eta bizi izatea tokatzen ari zaizkigun errealitateak elkarren oso desberdinak dira bolumenean eta denboran. Globalki hitz eginda, esan genezake aurreko ekitaldian, 2011koan, halako joera aldaketa bat sumatzen hasi zela, eta aurten, ekitaldiaren amaieran aldaketa handirik ez badago, hori islatu egingo dela 2012ko ekitaldia ixteko izango ditugun emaitza global positiboetan. Birfinantzaketa prozesuaren ikuspegitik, ratioak positiboak izaten ari dira baita ere; hori dela eta, une lasai xamarrean gaude alderdi horri dagokionez. Zenbakiak, baina, zenbakiak dira eta irakurketa global positibo horren barruan badira egoera, ikuspegi eta errealitate oso desberdinak. Beraz, nire ikuspegitik, nahikoa da gure kooperatiba bat hazkundearen eta emaitzen hobekuntzaren bidean ez egotea, balantzea guztiz positiboa ez izateko. Tamalez, horixe da oraingo egoera.

Ziur aski orain ez gara horretaz gehiegi jabetuko, baina erabaki horiek arrastoa utziko dute gure kooperatiben eta gure Taldearen etorkizunean. Bide horretan lan egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin eta elkarri lagunduz bizi dugun garai zaila gainditu ahal izango dugulakoan.

Gure kooperatiba batzuetan langabezia espedienteak aurkeztu behar izan dira, baina esan beharra dago Taldea laguntzen ari dela halako egoerak, ahal dela, ez daitezen horren traumatikoak izan, kontuan izanik, hasiera-hasieratik, ULMA Taldeko kooperatibetako bazkide guztiak Taldeko bazkideak direla eta, beraz, kooperatiba matrizeari nahiz Talde osoari dagokiela soluziorik onena ematea, halakorik gertatuz gero. Iragan hurbilean, kasu batzuetan oraindik behin betiko ebatzi barik dauden antzeko prozesuak izan ditugu, baina frogatuta geratu da ULMA Taldearen elkartasuna, ekonomikoa ez ezik, soziala ere badela. Eta hori lanik gabeko bazkideen hartzaile bihurtu diren kooperatibetako bazkide eta arduradunei eskertu behar diegu, egin duten ahaleginagatik eta oraindik ere egin beharko dutenagatik, errealitate ekonomikoak gure kooperatiba guztietan enplegua sortzea ahalbidetu arte.

ULMA Taldearen etorkizunari arrakastarako bermez ekiteko, ahalegin handiak egin beharko dira eta ondo prestatutako pertsonak beharko dira. Izan ere, gure pertsonak eta beren ezagutza giltzarriak dira gure etorkizuna haien gainean eraikitzeko. Zer pauso ari gara ematen gure giza kapitalaren garapena indartzeko?

Hala da, bai. Aurre egin beharreko errealitatea zein den, Negozioek aldatu egin beharko dute, baina pertsonak izango dira aldaketa horien lidergoa hartzeko prestatuta egon beharko dutenak, egokitzeko ikuspegia eta gaitasuna izango dutenak. Jakina, kooperatiba ez da zerbait egin behar duen bakarra; guztiaren oinarrian, gure pertsonek eredu kooperatiboarekiko eta Taldearekiko duten konpromisoa eta motibazioa ere egon behar dira. Gure betebeharretako bat da pertsonen ahalmena garatzeko behar diren bitartekoak sortzea, Taldeko Negozioetan karrera kurbak eta prestakuntza nahiz gaitasunak garatzeko aukerak zehaztuz. Gure Negozioak tamaina eta sektore askotarikoak izaki, irudi lezake hori oztopoa dela zenbait kasutan, baina nago plus bat dela, talentua garatzeko aprobetxatu beharreko aukera bat. Argi dago, alderdi horri dagokionez, ez gaudela ahalegin eta inbertsio handiak egiteko garairik onenean, baina uste dut une hau ezin hobea dela etorkizunean egin nahi genukeenaren oinarriak finkatzeko.  

ULMA Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria zaren aldetik eta karguan emandako denboraren ikuspegitik, zeintzuk dira, zure ustez, Talde gisa aurre egin behar ditugun erronkak? 

Nire ustez, epe ertain-luzera daukagun erronkarik handiena hauxe da: gure ingurunean enplegu kualifikatua sortzeko aukerak emango dituen enpresa eredu kooperatibo bat denboran mantentzea eta garatzea. Lehen esan dugunez, kooperatibek aurre egin beharreko errealitatean, kanpoko langiledun nazioarteko enpresak gero eta garrantzi handiagoa du. Etorkizun ez oso urrunean egin beharko dugun beste eztabaida bat hauxe da: denok eroso sentituko garen eta gure balio kooperatiboekin bat etorriko den antolaketa eta parte hartze eredu bat zehaztea.  

Azkenik, baduzu mezuren bat Taldeko kolektiboari helarazteko, pasatzen ari garen garai zail honetan? 

Mezua itxaropentsua baino ezin da izan. Uste dut lehengai ona dugula gure artean, jende konprometitua eta lidergoa hartzeko gai dena, krisi honetatik indartuta aterako gaituena. Ezin dugu ahaztu bai ekonomikoki bai sozialki gaur egungo garaia bezain garai konplikatuak edo are konplikatuagoak bizi izan zituen jendearengandik jasotako ondarea. Haiek egoerari buelta ematea lortu zuten. Haiengandik ikasi behar dugu etsipenean ez erortzen, etorkizunera begira jartzen eta horretarako lan egiten. Uste dut frogatuta geratu dela, azken 5 urteotan, gure bazkide eta langileek onura kolektiboa jartzen dutela beren helburu pertsonalen aurretik eta nago horixe izango dela hemendik indartuta aterako gaituen bidea. Hala ere, ez da nahikoa izango, eraginkortasunez gestionatu beharko ditugu, nazioarteko bokazio argiz, bidean agertuko zaizkigun negozio aukerak. Beharrezkoa izango da, halaber, elkartasunaren eta konpromisoaren bideetan lanean jarraitzea. Eskerrik asko denoi.

Mundua ez dago geldi eta gu ere ezin gara geldi egon

Irene Alberdi. ULMA Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria