• Ulma Handling Systems

Josetxo de Frutos ULMA Handling Systemseko Gerentea

Erakunde gisa, gure gogoaren oinarrian dago ingeniaritza integral moduan iraunkortasun etengabea segurtatzea

2012/07/12
Merkatuetan lehiatzeko modu berria gure lan egiteko moduan eraginkortasunik handiena bilatzera behartu gaitu, lehia horretan dugun posizioa hobetu ahal izateko eta presente gauden merkatu guztietan gure bezeroen konfiantza izaten jarraitzeko.

Nola bizi duzue ULMA HANDLING SYSTEMSen azken aldi honetako egoera ekonomiko-finantzario zaila?

Murgilduta gauden egoerak –itxura guztien arabera datozen urteetan ere hortxe jarraituko duenak– ziurgabetasun handiko giroa sortu du, eta orain arte balio zuten arauak balio gabe geratu diren. Agertoki berriak merkatuko aldagai guztiak berriz interpretatzera behartu gaitu, gure eskaintzaren bidez balio diferentziala ematen jarraitu ahal izateko.

Gure lehiakideen artean mugimendu horizontal eta bertikalak gertatzen ari dira.

Une honetan, gure merkatu tradizionaletan, proiektu berrien murrizketa gogorra gertatu da eta bezero berberetan lehiakide metaketa handia egon da: gure lehiakideen artean mugimendu horizontal eta bertikalak gertatzen ari dira; goian zeudenak jaisten ari dira, behean zeudenak igotzen, alboetan zeudenak gerturatzen, eta denok ari gara bezero berberari eskaintzak egiten, atzipenak zailduz eta gure operazioetan marjinen murrizketa nabarmenak eraginez.

Horri guztiari gehitu behar zaio gure bezeroak arazo latzak izaten ari direla finantzaketa aurkitzeko eta beren automatizazio proiektuei ekiteko. Ondorioz, erabaki asko luzatzen ari dira denboran, eta kasu batzuetan erabakiok hartu ere ez dira egiten, garai hobeen zain.

Merkatuetan lehiatzeko modu berri horrek gure lan egiteko moduan eraginkortasunik handiena bilatzera behartu gaitu, lehia horretan dugun posizioa hobetu ahal izateko eta presente gauden merkatu guztietan gure bezeroen konfiantza izaten jarraitzeko.

Negozioaren ikuspegian gehiago zentratuz, zeintzuk dira UHS-ren indarrak aurkako agertoki horri aurre egiteko?

Gure indarrek garena izatera eraman gaituzten horiek izaten jarraitzen dute: gaitasun handiz prestatutako giza talde bat, ezaugarritzat ingeniaritza logistikoa eta berrikuntza dituena, eta merkatuko beharrei erantzuteko eta bezeroa erabat gogobetetzeko gai dena.

Nazioarteko merkatuetan daukagun esperientzia ere gure indarguneetako bat da; batez ere, nabarmentzekoa da Brasilgo merkatuan.

Urteetan zehar landu dugu beste indar hau ere, alegia: gure jarduera dibertsifikatzeko kezka. Horretarako, negozio lerro txikietan oinarritutako negozio eredu bat landu dugu, hornikuntza katearen barruan merkatuko hainbat nitxo eta segmentu ustiatzeko gai dena. Garapen horren barruan, hornikuntza katerako softwareko soluzioak lantzen dituen Supply Chain Software eta halako jarduerak sortuz joan dira; horra hor, baita ere, Integrated Solutions sortu berria, banaketaren sektorerako konplexutasun eta berritasun handiko soluzioei erantzuteaz arduratzen dena. Bide horretan, Baggage Handling izeneko negozio lerroa ere landu dugu, aireportuen sektorean ekipajeak tratatu eta garraiatzeko soluzioak garatzeko.

Nazioarteko merkatuetan daukagun esperientzia ere gure indarguneetako bat da; batez ere, nabarmentzekoa da Brasilgo merkatuan 1996. urtetik dugun presentzia; izan ere, horrek halako abantaila bat ematen digu, lehiakideak geroago iritsi baitira Brasilgo eta Hego Amerikako beste merkatu batzuk lantzera.

Azkenik, aipatzekoa da hainbat merkatu eta produktutan daukagun kolaboratzaile/itun sare zabala. Sare hori urte hauetan guztietan ehunduz joan gara eta gure eskaintzari balio diferentziala ematen dio. Puntu honetan, ULMA-DAIFUKU erlazioa aipatu nahi nuke, izan ere, aurten 25 urte betetzen dira erlazio sano eta onuragarri hori hasi zenetik.

Enpresa arloari dagokionez, zeintzuk dira etorkizunera begira ezarri dituzuen helburuak eta zeintzuk izango dira helburu horiei eutsiko dieten Negozio estrategiak?

Enpresa gisa, gure helburua honetan oinarritzen da: Handling Systems Materialari buruzko Ingeniaritza Integralaren iraunkortasuna ziurtatzea, gure bezero guztien behar eta egoerei egoki erantzun ahal izateko.

Helburu horren lanketan, hausnarketa eta gestio plan desberdinen esparruan, hainbat estrategia ari gara jorratzen: batzuek kanpo inpaktu positiboa eragin nahi dute; beste batzuek, berriz, gure laneko barne prozesuak etengabe hobetzea dute xede.

Gure kanpo posizionamendua hobetzea bilatzen duten estrategien barruan, desberdintze eta merkataritza estrategiak daude; horien bidez, bezeroentzako balio proposamen berezitua sortzea dugu helburu.

Kanpo inpaktuko estrategien barruan, berriz, hazkunde eta zorro estrategiak ere baditugu, non internazionalizazioaren bidea markatu diguten produktuak eta merkatuak lehenesten ditugun.

Eta azkenik, ezin aipatu gabe utzi ULMA Handling Systemsen estrategiarik garrantzitsuena, hau da, barne prozesuak eta gure pertsonen gaitasunak hobetzeko planak ezartzean zentratzen dena eta gainerako estrategiak lortzeko bidean zuzeneko eragina duena.

Erakunde gisa, gure gogoaren oinarrian dago ingeniaritza integral moduan iraunkortasun etengabea segurtatzea

Josetxo de Frutos, ULMA Handling Systemseko Gerentea