• Ulma Construction

Aitor Ayastuy ULMA Construccióneko Gerentea

23 herrialdetan presentzia zuzena dugu

2012/03/01
Heldu beharreko ekintza nagusietakoa hazteko ahalmen handia duten merkatuetan dagoeneko dauzkagun proiektuak finkatzea da, eta horiek lidergo posizioetara eramatea, jakina, garrantzitsuak izan daitezkeen beste merkatu batzuetan gure presentzia handitzeari utzi gabe, horietan oraindik ez bagaude edo presentzia oso apala bada.

Nola ari zarete bizitzen ULMA Construccionen azken urteotako egoera ekonomiko-finantzario zaila?.

Gure ustez, erabakiak hartu beharreko puntu nagusiak landuz, egoera gainditzeko helburuarekin, zuk diozun bezala, egoera zaila dator eta. Erabaki zailak hartzea eta gauzatzea egokitu zaigu, eta alderdi horiek askotan sakrifizioak eginarazi dizkigu, enpresaren kokapena indartzeko xedearekin.

Bidea zailtzea ekarri digu. Hala eta guztiz ere, etsi beharrean, bidean jarraitu dugu, urratsak egiten, egoerak berak planteatu dizkigun oztopo ugariak gainditzeko helburuarekin.

Mendebaldean eraikuntzaren arloan gertatu den doikuntza sakonak eragin erabakigarria izan du gugan: lehenengo higiezinen sektorea izan zen (etxebizitzen eraikuntza), ondoren ekonomia guztiak oro har (inbertsio proiektu pribatuak, hau da, guretzat, etxebizitza ez den eraikuntza eta industriala), eta, azkenik, “zorraren krisia” delakoaren ondorioz, estatuen inbertsioak (obra zibila). Horrek guztiak, finantzaketa lortzeko jokoaren arauen aldaketekin batera, bidea zailtzea ekarri digu.

 

Zuen Negozioaren ikuspegitik, zein dira ULMA Construccionek kontrako egoera horri aurre egiteko dituen indarguneak?.

Negozioaren ikuspegitik, gure indargune nagusia nazioartekotze maila sendoa da, presentzia zuzena baitugu 23 herrialdetan, horiek negozio zifrari ekarpen dibertsifikatua egiten diotelarik. Gure sarreren %25 Latinoamerikatik datoz (Brasil buru dela), beste %25 Europa Ekialdetik (gehienbat Poloniako ekarpenarekin), %15 Europa zaharretik (Espainia kanpo), eta %13 Ipar Amerikatik eta Asiako hainbat herrialdetatik. Gainerako %22a Espainiako merkatutik datorkigu, baina ekarpen hori azken urteetan nabarmen jaisten ari dela ikusten ari gara. Gure beste indarguneetako bat merkatu segmentuen araberako dibertsifikazioa da: bizitoki ez den obran eta obra zibilean egoteko nahi biziak bere emaitzak eman ditu, eta esan dezakegu presentzia handia dugun herrialdeetan sektore horietan liderrak ere bagarela, lehiakortasuna mugatuagoa baita, eta sartzeko hesiak handiagoak. Produktuen eskaintza ere aipatzeko modukoa da, obra batean behar den ia guztia daukagulako, aplikazio zerbitzuez eta aholkularitzaz gain, eta horiei esker gure eskaintza merkatuko osatuenetakoa da. Gai horiez gain, nire iritziz, kooperatiba izateak plus bat ematen digu lehiakideekiko, izan ere erabakirik garrantzitsuenak azkenean kolektiboak hartzen eta/edo babesten ditu, eta horrek indar berezia ematen die erabakiak inplementatzeari begira.

 

Enpresari dagokionez, etorkizunera begira zein helmuga ezarri dituzue eta horiek zein negozio estrategiatan oinarrituko dira?.

Erronka nagusia fakturazioan haztea da -epe laburrera horrek negozio bolumena mantentzea esan nahi du-, modu iraunkorrean, zerbitzuan bereiziz. Heldu beharreko ekintza nagusietakoa hazteko ahalmen handia duten merkatuetan dagoeneko dauzkagun proiektuak finkatzea da, eta horiek lidergo posizioetara eramatea, jakina, garrantzitsuak izan daitezkeen beste merkatu batzuetan gure presentzia handitzeari utzi gabe, horietan oraindik ez bagaude edo presentzia oso apala bada. Horretarako, gure iritziz, funtsezkoa da zerbitzu bereizgarria ematea, produktuaren kalitate lehiakorrarekin eta markaren irudi on batekin. 2012. urteari begira, beste hausnarketa estrategiko bat egin behar dugu, eta horren gakoetako bat izango da proiektua osatzen dugun pertsonok parte hartzea eta motibazioa bultzatzea, alderdi hori ezinbestekoa delako proiektua indartzeko eta ezarritako helburuak betetzeko.

Helmugara iristen direnak indartuta iritsiko direla, denak ez baitira iritsiko, eta lehorte handi honetan biziraun dutenek asmamena zorroztu behar izango dutelako.

Azkenik, esan behar da hau iraupen luzeko lasterketa dela, begien bistakoa dela maila guztietan ziurgabetasuna dagoela, eta helmugara iristen direnak indartuta iritsiko direla, denak ez baitira iritsiko, eta lehorte handi honetan biziraun dutenek asmamena zorroztu behar izango dutelako. Epe labur/ertainera dugun helburua, beraz, egoera zail honen amaiera ekarriko duen helmuga hipotetiko horretara iristea da, gauzak egiteko modua hobetuz eta, horrela, proiektua bideratuz, beste 50 urte bete ditzan mundu mailan sektoreko enpresarik lehiakorrenen artean egoten.

23 herrialdetan presentzia zuzena dugu

Aitor Ayastuy, ULMA Construccióneko Gerentea