• Ulma Construction

Raúl García ULMA Constructioneko Lehendakaria

“Sustatu behar dugun oinarrizko indargunea pertsona bakoitzarena da. Gainerako indarguneak hortik jaiotzen edo eratortzen dira”.

2014/03/31
Eredu kooperatiboa oso indartsua da erakundearen erdigunean pertsonak jartzen dituelako, eta beraien ahalmen guztia erakundearen zerbitzura.

Egun dugun testuinguru zail honetan, zeinean badirudien aurrera egiteko giltzarrietako bat elkartasuna izango dela, zure iritziz, kolektibo moduan kohesionatuta gaude, eta Negozioarekin eta Taldearekin konprometituta?

Ez dut esango kohesiorik eta konpromisorik ez dagoela, bai ordea ildo horretan egoera hobetu egin daitekeela. Paradoxikoki, burura datorkidan lehendabiziko gauza da Oñatitik zenbat eta gehiago urrundu orduan eta konpromiso handiagoa hautematen dela ULMA Construccioneko jendearengan. Hori da behintzat nik hautematen dudana. Bitxia da ikustea nola bizi duten enpresa filial eta ordezkaritzetako zenbait enplegatuk, eta parte izateagatik zein harro dauden. Ez da gauden leku guzti-guztietan gertatzen den zerbait, eta egia da halaber herrialdearen garapen mailak eta lan duina aurkitzeko arazoek ere eragina dutela, baina bai da bidaian joaten naizenean itzultzean ekartzen dudan sentsazio orokorra. Hori esanda, benetan uste dut pertsonen motibazioa, konpromisoa eta kohesioa hor daudela, praktikan jartzeko unearen zain, batez ere bazkideen artean. Horretarako, kudeaketan erantzukizuna dugunoi giro egokia sortzea dagokigu, eta alderdi horiek bultzatuko dituen lidergo estilo bat sustatzea. Horrez gain, guztion aldetik borondaterik onena gehitu behar zaio, baita bazkideen aldetik ere, bereziki.

Zure ustez, Kooperatibetatik/Negozioetatik eta Taldetik zer tresna hauspotu behar dira inplikazio hori indartzeko?

Bere negozioa duen autonomo bat inplikatuta dago? Kooperatibetan, zenbat eta handiagoa izan enpresa, orduan eta gehiago urruntzen gara ideal horretatik, baina pentsatzen dut beti gogoan izan beharko genukeela, eta gure ahaleginak horretara bideratu. Horretarako, niri iritziz, bazkide bakoitzak erantzukizun hori barneratu behar du, eta mentalitate hori bere lan eremuan aplikatu. Gainera, aurreko galderan aipatu dudan bezala, lidergo egokia lortzea funtsezkoa dela uste dut. Ez da soilik funtsezkoa jendearen inplikazioa lortzeko, beste alderdi garrantzitsu askotarako ere ezinbestekoa da, esaterako, garapen profesionalerako, taldeak garatzeko, pertsonak gogobetetzeko, proiektu konpartitua lortzeko, garapen kooperatiborako, erakundearen girorako… Eta horrek guztiak, pertsonari eragiteaz gain, eragin nabarmena du enpresaren errendimenduan ere.

Gure Negozioek erronka berriei heldu eta testuinguru global batean moldatu behar dute; formula kooperatiboa hori lortzeko modurik onena dela uste duzu? Zure iritziz, zein dira bultzatu beharko genukeen ereduaren indarguneak?

Bai, horrela uste dut. Berez, eredu kooperatiboa oso indartsua da, erakundearen erdigunean pertsonak jartzen dituelako, eta beraien ahalmen guztia erakundearen zerbitzura. Nekez irudikatu dezaket ahalmen handiago duen eredurik. Beste gauza bat da gaur egun kooperatibak zenbat aldendu garen eredu teorikotik, eta hor hainbat arrazoi daude, hala nola bizi garen gizarte mota, oparotasun ekonomikoko garaiak, izan ditugun lidergo estiloak, eredua beste herrialde batzuetara esportatzeko zailtasunak…

Gure muinean pertsonak eta euren garapena daude, baina gizartearekin integratzeko modu bat ere badago, gizartean gustuko ez ditugun hainbat alderdi eraldatzeko nahia.

Sustatu behar dugun oinarrizko indargunea pertsona bakoitzarena da. Gainerako indarguneak hortik jaiotzen edo eratortzen dira. Etengabe hazten ari den pertsona bat, motibatuta, baloratuta dagoena, enpresa baten parte delako kontzientea, bere mesedetan baina baita besteen mesedetan ere lan egiten duena, hori da edozein proiektu eraikitzeko oinarririk onena. Uste dut hori zela hasierako kooperatibista aitzindarien espiritua, baina gerora galduz joan dela. Uste dut hori berreskuratzeko eta zaintzeko ordua dela. Premia handia dugu.

Uste duzu kooperatibek behar besteko arintasuna dugula hain ingurune aldakorrean erreakzionatzeko? Hobetzeko zer neurri edo tresna ezarri litezke?

Egia da arintasunaren eta bazkideen parte hartzearen arteko oreka lortzen zaila dela, are gehiago kooperatiba handiei dagokienez, eta are gehiago Taldeari dagokionez. Denok ezin dugu denean jardun, baina, hala eta guztiz ere, parte hartzea kooperatiben berezko elementua izan beharko litzateke. Lehenik eta behin, uste dut parte hartzeko eredu bat diseinatu beharko genukeela, oreka hori bilatzen saiatuko dena, zeinean guztiok eroso sentituko garen. Ereduak adieraziko  luke nork eta zein mailatan parte hartzen duen enpresaren bateko eta besteko eremuetan. Eredu horrekin, pertsonen parte hartzea bideratzeko eta sistematizatzeko mekanismoak definitu beharko lirateke, eremu bakoitzerako definitutakoaren arabera. Kontua ez da erraza, baina konbentziturik nago garatzea interesgarria litzatekeela.

ULMA Taldeak, xede Soziala duen taldea den heinean, Fundazio bat dauka.  Nola uste duzu ULMA Fundazioaren proiektua sustatu eta bultzatu genezakeela?

Alde batetik, argi daukat orain arte egindako lana ona izan dela, Fundazioari irudi modernoa eta dinamikoa eman zaion heinean. Hainbat jarduera interesgarri antolatu dira, eta gero publizitatea eman zaie horiei, komunikatzeko garatutako tresnen bitartez. Horrek guztiak aitortu beharreko balioa dauka, eta guretzat euskarri izan behar du, beste eszenatoki bateranzko jauzi kualitatiboa egiteko. Nire iritziz, beharrezkoa da ULMA Taldeko Kontseilu Orokorrak Fundazioaren gaineko ardura hartzea eta, organo horren lidergoarekin, kooperatibetako organoek hausnarketa egin dezagun eman nahi diogun zentzuari eta norabideari buruz. Etxe barrura begira, behintzat, enpresa erantzukizun soziala edo erantzukizun sozial korporatiboa alde batera utzi beharko genituzke –orain modan daude, eta bereziki erantzukizun sozialaren adibiderik onena ez diren zenbait enpresa handik erabiltzen dituzte–, eta gure esentzia kooperatiboari hobeto egokituko zaion zentzua bilatu. Gure muinean pertsonak eta euren garapena daude, baina gizartearekin integratzeko modu bat ere badago, gizartean gustuko ez ditugun hainbat alderdi eraldatzeko nahia. Fundazioa, bazkideak eta organoak zuzeneko protagonista ez garen heinean, kooperatiba ez den beste edozein enpresak egin dezakeen zerbait dela uste dut. Guri dagokigunez, Fundazioaren jarduerak bat etorri behar luke aipatutako kontzeptuekin eta, hortik aurrera, gure irudia hedatzen lagundu, sozialki konprometituta dagoen enpresa moduan, eta hori, zergatik, tresna promozional gisa ere erabili daiteke.

“Sustatu behar dugun oinarrizko indargunea pertsona bakoitzarena da. Gainerako indarguneak hortik jaiotzen edo eratortzen dira”.

Raúl García, ULMA Constructioneko lehendakaria