“Edozein konpromiso indartzeko ez dago pertsonen motibazioa bezalakorik.” — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Forged Solutions

“Edozein konpromiso indartzeko ez dago pertsonen motibazioa bezalakorik.”

Baliteke krisi garai honetan ULMA Piping salbuespena izatea; baina egia da, baita ere, orokorturik dagoen krisi testuinguruak eragina duela, hala edo hola, gure Negozioan. Iñaki Medina lehendakariarengana jo dugu, egungo egoerari buruz egiten dituen gogoetak jaso nahian.
“Edozein konpromiso indartzeko ez dago pertsonen motibazioa bezalakorik.”
2014/12/09

Lehenik eta behin, Iñaki, enpresetan zikloak izaten direla jakinda ere, ULMA Pippingek jakin izan du orain arte krisiari aurre egiten. Zein da “sekretua”?

Sekretu gutxi dago. Nire ustez, hainbat faktore giltzarri elkartu dira.

Lehenengoa: egin beharreko inbertsioetan asmatu egin dugu eta esan dezakegu ULMA PIPINGek merkatuan hartu duen posizioa oso ona dela.
Bigarrena: gure produktuaren helburuko sektorean krisiaren ondorioak ez dira beste sektore batzuetan bezala nabaritu. Azkenik, merkatuen dibertsifikazioa aipatu behar da, arlo hori ULMA Pipingek oso ondo landu baitu, izan ere, 70 herrialdetan saltzen dugu. 3 faktore horien konbinazioari esker, Pipingen beste negozio batzuetan baino hobeto saihestu ahal izan dugu krisia.

 

Gaur egun, badirudi elkartasuna dela aurrera egiteko giltzarrietako bat; zure iritziz, kolektibo moduan kohesionatuta gaude, eta gure Negozioarekin eta Taldearekin konprometituta?

Aurrera egiteko giltzarria, denboran errentagarria izango den negozio eredu bat izatea da.

Nire ustez, aurrera egiteko giltzarria, denboran errentagarria izango den negozio eredu bat izatea da. Baina aurrera egiteaz hitz egiten dugunean, une puntualetan edo jasaten gabiltzan krisian bizirauteaz ari bagara, eta elkartasunaren printzipioa aipatzen dugunean, batetik, birkokapenen bidez enpleguari laguntzeaz, eta bestetik, birmoldaketen nahiz kooperatiba arteko maileguen bidezko laguntza ekonomikoez ari bagara, ba, argi dago elkartasuna une puntualetan aurrera egiteko giltzarrietako bat dela.

Bigarren galderari dagokionez, uste dut kolektibo gisa gure Negozioarekin bagaudela konprometituta. Kolektibo gisa ULMA Taldearekiko dugun konpromisoa, zintzo hitz eginda, konplikatuagoa delakoan nago. Kontuan hartu behar da egunerokoan ez dugula zuzeneko harremanik ez beste Negozio batzuekin ez Taldearekin, eta horrek ez duela loturak sortzen laguntzen. Gure kasuan oso agerikoa da; esate baterako, duela hilabete pare bat Taldeak (ULMA GARA) antolatutako ekitaldi batera joateko eskatu ziguten eta gure kooperatibatik ez zen jende asko bertaratu. Adibide horretan argi ikusten da Taldea urruneko zerbait iruditzen zaigula oraindik. Lehendakari gisa, eta beste organoekin batera, alor hori gehiago landu behar dugu, jakina.

 

Zure ustez, Kooperatibek/Negozioek eta Taldeak zer tresna indartu behar dituzte inplikazio hori sendotzeko?

Nik gauza bat argi daukat: edozein konpromiso indartzeko ez dago pertsonen motibazioa bezalakorik.

Taldean Zuzendaritzako bilerak, Batzordeak, Kontseilu Soziala eta Kontseilu Orokoaren bilerak izaten dira. Bertan askotariko gaiak lantzen dira, izan estrategikoak, izan eguneroko gaiei loturikoak, eta denoi eragiten diguten erabakiak hartzen dira. Baina gutxitan hitz egiten dugu Taldean dugun inplikazioaz eta inplikazio horretaz dugun ikuspegiaz. Batzorde eta bileretan, beharbada, tarte bat hartu beharko genuke aztertzeko zer egin dezakegun pertsonak gehiago motibatzeko eta inplikatzeko.

 

Gure Negozioek erronka berriei heldu eta testuinguru global batean moldatu behar dute; formula kooperatiboa hori lortzeko modurik onena dela uste duzu?

Teorian bai, eta ni ziur nago hala dela. Teorian diot, bazkideen esku dagoelako nolako kooperatibak nahi ditugun. Denok partekatzen dugun eredua dira kooperatibak, eta horrek sekulako potentziala izan beharko luke datozkigun erronkei aurre egiteko. Errealitateak erakusten duenez, ordea, badirudi gizartea aldatu egin dela eta zerbaiten kide izatearen sentimendua urrunago ikusten dela.

 

Uste duzu Kooperatibek behar besteko arintasuna dugula hain ingurune aldakorrean erreakzionatzeko? Hobetzeko zer neurri edo tresna ezarri litezke?

Betidanik esan izan da Kooperatibek, gure funtzionatzeko eredua dela-eta, arin erreakzionatu dugula ezusteko egoeren aurrean. Organoen bidez baditugu arinak izateko bitartekoak; hala ere, negozio batek neurri bat hartzeko duen arintasuna, negozio horren esku baino ez da egongo. ULMA Taldearen kasuan, nik uste bai jakin dugula halako arintasun batez erreakzionatzen, enpresaren tamaina doituz, lan aurrerakina doituz, etab. Ez da erraza izan neurri horietako asko hartzea, baina, nire iritziz, erabakiak arin hartzeaz gain, erabakiok eraginkorrak izan behar dute.

 

Azken galdera denei egiten diegun bera da. Zure ustez, ULMA Taldeak, helburu sozial bat duen Taldea den aldetik eta Fundazio bat tresna gisa edukita, bere proiektu soziala indartu eta bultzatu beharko luke?

Bai, baina mundu guztiak argi izan beharko luke zein den ULMA Taldearen Proiektu Soziala. Uste dut denok dugula argi proiektu hori zein den. Jakin badakit Taldearen Organoetan gai zehatz hori lantzen dabiltzala. Denon artean eztabaidatzeari interesgarria deritzot.