• Ulma Taldea

Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko Zuzendari Nagusia.

Krisiari aurre egiteko sendagaia, elkartasuna, heldutasuna eta inplikazioa.

2012/07/01
“Erakutsi dugu krisiari aurre egiteko erabaki egokiak hartzen badakigula”

2011. urtea emaitza positiboekin amaitu dugu, azken 4 urteetako emaitza negatiboei buelta emanez eta, aldi berean, krisiaren aurreko salmenta maila berreskuratuz eta enplegu maila egonkortuz (% 7 baino gutxiago murriztu maximo historikoetatik).

4 urte baino gutxiagoan negozio internazionala ULMA Talde osoaren % 48 izatetik ia % 70era igo da, zorpetzea 100 milioi euro baino gehiagoan murriztu dugu eta, birfinantzatzeko hitzarmena sinatuz, TALDEAREN negozio planari egonkortasuna eman diogu. Oso aktibo jarraitzen dugu negozio berriak sustatzen (aldi honetan bi kooperatiba berri sortu ditugu), ULMA Taldearen antolamendua egokitzen (ULMA Orga Jasotzaileak eta ULMA Packaging banantzea edo USL ULMA Handling Systemsen integratzea), eta POGUren bi aldaketa funtsezko onartu dira (2011ko eta 2012ko batzarretan), gure iritziz garai hauek gainditzen lagunduko digutenak.

2011. urtea emaitza positiboekin amaitu dugu, azken 4 urteetako emaitza negatiboei buelta emanez eta, aldi berean, krisiaren aurreko salmenta maila berreskuratuz eta enplegu maila egonkortuz (% 7 baino gutxiago murriztu maximo historikoetatik).

Hori guztia ez da txiripaz gertatu, aitzitik, errealitatearen egoera gordina aurkeztean izandako jarrera arduratsua eta erabaki zailak baina beharrezkoak berandutu gabe hartzeko orduan izandako ausardiaren emaitza da.   Ildo horretan, negozio guztietako organoek eta kolektiboek erakutsitako heldutasun eta inplikazio maila nabarmen daiteke. Egin dugun bezala, modu kolektiboan jardun ez bagenu, orain ULMA TALDEAREN egoera askoz okerragoa litzateke, zalantzarik gabe.

Ez dezagun pentsa, ezta hurrik eman ere, dena eginda dagoela eta krisiak kolpatzeari utziko diola. Dagoeneko badakigu bidea luzea eta gogorra izango dena. 2012. urteak aurrera egin ahala enpresa giroa zailtzen ari da, eta hori oraindik TALDEAREN zifretan agertzen hasi ez bada ere, pentsatu behar dugu eragina iritsiko zaigula. Espainiako merkatuaren gainbehera erabatekoa da, gure nazioarteko bezeroek kreditua eskuratzeko dituzten zailtasunak orokortzen ari dira, eta oraindik ez dakigu bata bestearen atzetik gertatzen ari diren krisi finantzarioek non amaituko duten.

Baina ULMAren kokapena gaur egun 2008an genuena baino askoz hobea da. Orain modu kolektiboan barneratuta dugu une berezi zail baten aurrean gaudela, erakutsi dugu aurre egiteko erabaki egokiak hartzen badakigula, eta gure baliabideak eta energia lehenetsi ditugu gure negozioak nazioarteko merkatuetan lehiakorrak izan daitezen.

Ez dugu autokonplazentzian erori behar, ezta kritika etengabean ere, bi horiek ez dira-eta bidaide egokiak. Oreka mantendu behar dugu, ongi egin duguna baloratuz eta egin ditugun akatsak zuzentzeko autokritikoak izanez. Gure bermea diren palankak lantzen jarraitu behar dugu, jardunik onena lortzeko.

Eta palanka horietako bat TALDE moduan dugun jarduera da. Historiak erakutsi digu, batez ere krisi garaietan, elkarlanak mesede egin digula ULMAn partaide garen negozioei zein pertsonei.

Eta orain berdin jarraitu behar dugu, eta horretarako TALDE moduan dugun funtzionamendua ere planteatzen zaigun eszenatoki berrira egokitu beharko dugu. Panorama finantzario berriak, negozioetan gertatzen diren aldaketa gero eta azkarragoek etengabeko eraldaketa eskatzen dute, salmentak nazioartekotzea eskatzen dute, baina baita erakundeen aldaketa ere, askoz egitura konplexuagoak izango baitituzte gestionatzeko, matrizetik kanpo egongo diren gero eta pertsona gehiagorekin, etab.

Bide zuzenean goaz, baina oraindik asko dago egiteko. Eta arazoak aurkitzen jarraituko dugun arren, helmugara iristeko beharrezko osagaiak ditugu, gure ahalmen indibidualak zein taldeko guztiak aprobetxatzen baldin badakigu.  Etorkizuna dugu jokoan.