Aurrera egiten jarraitu behar dugu Talde indartsu baten eraketan — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Aurrera egiten jarraitu behar dugu Talde indartsu baten eraketan

2013ko uztailean sartu gara.
Aurrera egiten jarraitu behar dugu Talde indartsu baten eraketan
2013/07/30

Kooperatibetako eta ULMA Taldeko batzarrak izan ditugu. Aurten, aparteko gai gisa, azken ekitaldietan egin den bezala, Taldeko organoek gure kooperatiben ondarearen egoera indartzeko proposamena planteatu dugu, eta gehiengoaren erantzuna aldaketaren aldekoa izan da, jakina denez. Beste behin ere, gure bazkideek beharrezkotzat jo dute gure kooperatiben eta negozioen egonkortasuna lehenestea. Horrek balio handiagoa du kontuan hartzen badugu krisia gure negozio gehienetan izaten ari den eragina eta bazkideengan izaten ari den zuzeneko inpaktua: kasu gehienetan doikuntza gogorrak egin dira ordainsarietan, eta egoerarik konplikatuenetan, baita enpleguan ere. Testuinguru horretan, bazkideak zoriondu egin behar ditugu, kultura eta balio kooperatiboak gure artean bizirik daudela erakusteagatik.

Denbora luzea daramagu gure arauketa egokitzen, posizio indartsuago batetik abiatuz, bai gure hazteko beharrei aurre egiteko bai bizitzea tokatu zaizkigun egoera konplikatuei erantzun ahal izateko. Baina sakoneko talde eztabaida irekita dago oraindik -nolako taldea izan nahi dugun epe ertain/ luzera-, eta eztabaida horri irtenbidea eman behar zaio gure etorkizun hurbileko oinarriak jartzeko lehen-lehenik, baina batez ere epe ertain eta luzera begira.

Bazkideak zoriondu egin behar ditugu kultura eta balio kooperatiboak gure artean bizirik daudela erakusteagatik.

Nola uztartu eta partekatu Talde gisa ditugun ikuspegiak eta erronkak? Finantza beharrak, enplegu beharrak, pertsonen garapena, erantzukizun soziala, kultura kooperatiboa, etab. Erronka eta gai horiek eztabaida garrantzitsua piztu dute; ondorioz, hausnarketa talde bat eratu dugu, hasiera batean gure kooperatiba guztietako ordezkari gorenek osatua. Azken helburua: mahai gainean ditugun erronkei eta etorriko direnei Talde gisa nola erantzun zehaztea. Posizio partekatuetatik abiatuz, epe labur, ertain eta luzera izango ditugun arazoetarako irtenbide posibleen oinarriak jarriko ditugu.

Seguruenik, batzuek uste izango dute une honetan ditugun beharrizanak lotuago daudela, besteak beste, gure negozioetako eguneroko gorabeherekin eta enpleguari eusteko, eskariak lortzeko, finantzaketa lortzeko eta nazioartean gure beharrak kudeatzeko izaten ari garen zailtasunekin. Baina alderdi horietan guztietan konpromisoak eta ikuspegi partekatua izatea lortzen ez badugu, Talde honetako kide izateak berekin dakarren laguntzeko aukera, elkarri laguntzeko aukera, deseginez eta indarra galduz joango da. Desberdinak gara, izan gara eta izango gara, baina gure esku dago aniztasunetik eraikitzea, aniztasun hori aprobetxatzea eta Talde indartsu baten eraketan aurrera egiten segitzea, non negozioek elkarri lagunduko dioten erronka estrategikoak lortzeko eta etorkizuneko bideragarritasuna ziurtatzeko; non taldea osatzen duten pertsonek beren burua gauzaturik ikusiko duten taldean eskuratutako garapen profesionalari eta pertsonalari esker, ULMA Taldea deritzan proiektu hau osatuz eta bertako helburuak eta balioak partekatuz.