Aldaketa aurkera gisa — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Aldaketa aurkera gisa

Aldaketa aurkera gisa
2014/01/28

 

Ez nuen “krisi” hitza aipatuz hasi nahi, baina egungo egoeran eta mugitzen garen inguru honetan, ia ezinezkoa da hitza ez aipatzea. Krisia, normalean, txarra den edo desiragarria ez den zerbaiti lotzen zaio, baina, ekonomiaren alorrean batez ere, baditu bestelako adiera batzuk ere, aldaketaren eta aukeraren kontzeptutik hurbilago dabiltzanak eta interesgarriagoak iruditzen zaizkidanak. Krisia: gauzen ordenan gertatzen diren “aldaketa bat-bateko, sakon eta bortitz” moduan ulertua, erabat garrantzizkoak diren eta egoera berriari erantzuten laguntzen duten ondorioak dakartzana. Hori dela eta, krisiak, edo egungo paradigmaren lekuan paradigma berri bat jarri beharrak, baditu bi alde; batetik, alde negatiboa, eskuratutako estatusa galtzeko arriskua ikusten duenarena, eta, bestetik, alde positiboa, “aldaketa”, egoera hobetzeko “aukera” gisa ikusten duenarena.

“Egungo krisiaren” arazoa zera da: behin eta berriro mutatzen dela, eta errealitate berriaren aurrean gure lekua hartzen ere uzten ez diguten “aldaketa” berriak gertatzen ari direla bata bestearen atzetik, atergabe. Higiezinen krisitik, bat-batean bankuen krisi finantzariora pasatu gara, eta hortik herrialdeen zor subiranoaren krisira, eta ondoren herrialde jakin batzuetako krisi politikoetara, eta likidezi krisira… etab. Aldaketak lurrikaren antzera ari dira gertatzen eta ez dakigu ez noiz ez non izango diren erreplikak, ezta haien intentsitatea ere.

“Halako egoera konplikatu baten aurrean dugu, inoiz baino beharrezkoago, bide orri bat”

Ziurgabetasunez beteriko giro honetan tokatu zaigu gure negozioak kudeatzea, eta oso konplikatua da etorkizunera begirako edozein aurreikuspen edo jarduketa egitea. Baina halako egoera baten aurrean dugu, inoiz baino beharrezkoago, bide orri bat. Orain, urtearen bukaera gerturatzen dela, datorren urteko Kudeaketa Planaren oinarriak prestatzea tokatzen zaigu eta, horretarako, joan doan urtea nolakoa izan den ikusi behar dugu lehenik. Urteak ekarri duena baloratzeko -bai 2013ak bai aurrekoek-, funtsezkoa da, batetik, emaitza ekonomikoetan zentratzea, hau da, analisi kuantitatiboa egitea; bestetik, negozioek lortutako kokapenean arretagunea jarri eta analisi kualitatiboa egin behar da, horixe baita etorkizuneko emaitzen oinarria. Bi elementuon arteko oreka neurritsua lortzea giltzarria da epe-laburkerian edo “ilusio paralizatzailean” ez erortzeko, izan ere, etorkizunak dena konpontzeko duen indarrean lar fidatzeak moteldu eta atzeratu egiten du negozioaren iraunkortasunerako beharrezkoak diren erabaki zailak hartzea.

Eta ikuspegi bikoitz horretatik abiatuta, garbi dago ULMA Taldea hobeto dagoela 2013. urte bukaeran 2012aren amaieran baino, eta 2008an hasitako krisi honen hastapenetan baino askoz ere hobeto. Egia da arazoak dituzten merkatuen eraginpean jarraitzen dugula; likidezi krisiak kalte egin digula eta horrek berekin ekarri duela interes handiak dauzkagun herrialdeetako dibisek -Brasil, Peru eta Hegoafrikan, besteak beste- debaluazio handia izatea; kreditu murrizketa jasaten ari garela oraindik, etab. Baina alde positiboa ere aipatu behar da, izan ere, hazteko aukera gutxi ikusten zaien ekonomien eragina gero eta txikiagoa da gureganako; gure esportazioak ia %7 igo dira aurreko urtearekiko eta seguruenik 500 milioitik gora gabiltza, hau da, 2009ko 323 milioiak baino hagitzez gorago; gure lehiakortasunak hobera egiten jarraitzen du eta hori islatu egin da balio erantsiaren hazkundean negozio gehienetan; Talde gisa, oreka finantzarioa lortu dugu eta zorra asko murriztu da, etab.

ULMAren egiturazko egoeraren hobekuntzaren atzean, Negozioetan egindako lan handia dago, betiere lehiakortasunean gora egitea bilatuz, bai neurri mingarri baina beharrezkoen bitartez, bai etorkizunera begirako eta gure negozioetarako lerro eta merkatu berrietara bideratutako inbertsioen bitartez; horrekin guztiarekin batera, Taldean negozioen arteko finantza laguntzarako eta kolektiboen arteko elkartasuna bultzatzeko politika egin da, eta horrek berebiziko garrantzia izan du gaur egun gehien sufritzen ari diren eta, hori dela eta, errealitate berrira egokitzeko denbora gehien beharko duten negozioentzat.

Horixe da bide zuzena, utzi behar ez dugun bidea. Beraz, hel diezaiogun 2014ko Kudeaketa Planari errealismotik, zein testuingurutan gabiltzan jakinda, baina, era berean, gure erantzunetan anbizio handikoak eta positiboak izanda, datorren urteko data hauetan, ULMA Taldea, osotara hartuta eta negozioak banan bana hartuta, gero eta posizio hobea hartzen ari dela esan ahal izateko.

Bide luzeko lasterketa da hau, eta garrantzi handikoa da denok batera eta zorroztasunez, energiaz, malgutasunez eta elkarri lagunduz lan egitea. Bizi ditugun aldaketek eta egoerek mundu kooperatiboan jarraitzen diren dinamikei eta funtzionamendu egiturei buruzko hausnarketa sakona egitera behartuko gaituzte. Denok egin behar dugu hausnarketa, baita ULMA Taldeak ere, eta aldaketa aukera bihurtzen jakitean egongo da etorkizuneko arrakastaren giltza.

Aukera hau aprobetxatu nahi dut denoi jai zoriontsuak opatzeko, eta gaindi bitza 2014. urteak gure aurreikuspen guztiak.