ULMA Taldeak lankidetza akordio bat izenpetu du Tecnunekin — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Taldeak lankidetza akordio bat izenpetu du Tecnunekin

ULMA Taldeak akordio bat izenpetu du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin ikasleen prestakuntzan lankidetzan aritzeko, enpresaren lehiakortasuna bultzatu eta ikasleak lan mundura hurbiltzen lagunduko duten ekintzen bitartez.
ULMA Taldeak lankidetza akordio bat izenpetu du Tecnunekin
2018/12/11

ULMA Taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok eta Tecnuneko zuzendari Raul Antonek izenpetu dute hitzarmena. Hitzarmenaren helburua da ikasleen garapen pertsonalean eta profesionalean laguntzeko esparru bat ezartzea eta ikasle horien trebakuntzan laguntzea, praktikak, Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak egitea ahalbidetuta.

Hitzarmenari esker, ULMA Taldeak, bere helburu estrategikoen barruan eta bere aukeren arabera, mintegiak eta bere instalazioak eta ekoizpen plantak bisitatzeko aukera ere eskainiko dizkie ikasleei, haien prestakuntzan laguntzeko asmoarekin. Era berean, ULMA Taldeak eta Tecnunek beste lankidetza batzuk ere ezarri ahal izango dituzte, hala nola Ikerketa eta Garapenaren alorreko programen deialdi publikoak.

ULMA Taldeak Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskolarekin duen harremana sendoa da, 2018an elkarlanean egin dituzten hainbat jarduerari esker. Jarduera horien artean azpimarratzekoak dira, esaterako, Industri Ingeniaritzako Masterra egiten ari diren ikasleek Taldearen Negozioen instalazioetara egin dituzten bisitak. Eta, horrez gain, hainbat bilera ere egin dira ikusteko ea aukerarik dagoen Tecnunen ematen diren ikasgai batzuk ULMA Taldean planteatzen diren premia jakin batzuetara bideratzeko edo premia horietara egokitzeko.