• Ulma Taldea

ULMA Construction-eko Ainhoa Osak jaso du bertso onenaren saria euskara planeko bertso lehiaketan

2017/12/19
Guztira 41 lan aurkeztu dira lehiaketan, eta bertsoen ‘maila ona‘ nabarmendu dute epaimahaikideek. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren amaierarekin batera, aurten estreinakoz bertso lehiaketa antolatu du ULMAko Motibazio Taldeak. Hauxe izan da bertsoa egiteko jarri den gaia: “ULMA Gara, Euskara Gara: 2018an, zu zertarako prest zaude?”

Gai horren inguruan bertsoa osatzera animatu dira ULMAko 40 langiletik gora. Epaile lanak Oñatiko Txinparta bertso eskolak egin ditu, eta epaimahaiaren arabera Ainhoa Osaren bertsoak merezi izan du sari nagusia. Errigorako saski eder bat eta kultur saskia irabazi ditu saridunak, eta parte hartu duten kideen artean beste 4 saski zotz egin dira eta hauek izan dira irabazleak:

Irati Eguren Bengoa (Ulma Piping)

Itsaso Mediavilla Perez de Arenaza (Ulma Construction)

Mikel Etxeberria Agiriano (Ulma Packaging)

Iñigo Mugarza (Ulma Construction)

Zorionak irabazleei, eta eskerrik asko parte hartzaile guztioi.

 

Bulegoan ring eta ring

telefonoak jotzean

“ULMA gara, kaixo, egun on?”

esango dut hotz-hotzean,

hileko fakturazio

eta nominak lotzean,

kafea hartzeko dugun

atseden tarte motzean,

tailerretako makinen

arteko arrabotsean,

lankideen foro eta

hausnarketa zorrotzean,

euskara gailenduko da

beti nire ahotsean,

ULMAk sentimendu bera

duelako bihotzean.

Egilea: Ainhoa Osa (ULMA Construction)

Doinua: Habanera