Mainak, haserraldiak eta mugak — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Mainak, haserraldiak eta mugak

Urriaren 18an, osteguna, ULMA Fundazioak antolatuta Oñatin, 17:00etatik 19:00ak arte, egingo den Gurasoen Eskolaren lehen gaia
Mainak, haserraldiak eta mugak
2018/09/25

Rafael Cristobal izango da hizlaria: Medikuntzan, Neurologian eta Haur Psikiatrian doktorea, HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) Haurren Psikologia Ebolutiboko irakaslea, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.

Gurasoentzako lehen informazio bilera izango da, eta bertan haurren eta gazteen garunaren funtzionamenduari eta garapenari buruzko funtsezko nozioak entzuteko aukera izango dugu, bai eta haurren berezko joerak ezagutu eta joera horiek zer adinarekin agertzen diren ere. Emozioak kontrolatzeko gaitasuna; mainak, kasketak, haserraldiak eta mugak: nortasunaren garapenean duten garrantzia.

Askotan gustatuko litzaiguke haurrak instrukzio liburu batekin etortzea mundura, heziketari buruzko aholkuak kontsultatu ahal izateko, eta egoera zailetan, esaterako haurrak haserretzen direnean eta ulertu eragin ezin diegunean edo beren mainekin pazientzia galarazten digutenean, aita edo ama moduan ahalik eta hoberen jarduteko. Ez dago, ordea, batere instrukzio libururik, eta horregatik antolatzen ditugu bilera hauek. Galderak egin ahal izateko, gure esperientziak konpartitu ahal izateko eta gure zalantzak argitu ahal izateko.

Gutxi gorabehera bi ordu iraungo dute bilerek, eta oraingo hau lehena izango da. Bileraren gainean egiten dugun balorazioaren arabera, asmoa da bilera gehiago egitea, maiztasun bat ezartzea eta gurasoentzako interesgarriak diren hainbat gairi heltzen joatea.

Bilerara etortzea errazago eduki dezazuen, haurtzaindegi zerbitzua antolatu dugu; beraz, zuen haurrekin etor zaitezkete lasai-lasai.

Etortzea erabaki baduzu, mesedez erregistratu zaitez hemen, bilera eta haurtzainde zerbitzua egoki antolatu ahal izateko: https://goo.gl/forms/wbdhX2wW2hBBKK2y1

ULMA Taldearen bulegoetan itxarongo zaitugu, Garagaltza auzoko 51n.

Oraindik zerbait gehiago argitu nahi bazenu, jarri gurekin harremanetan beti bezala: email bat ulmafundazioa@ulma.com helbidera idatzita edo 943 250 300 zenbakira deituta.