K-FOROA, MONDRAGON Korporazioaren lehenengo komunikazio foroa — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

K-FOROA, MONDRAGON Korporazioaren lehenengo komunikazio foroa

Martxoaren 1ean ospatuko du MONDRAGONek Olandixoko zentro korporatiboan lehenengo komunikazio foroa. Komunikazio esperientziak konpartitzeko eta adituen iritzia ezagutzeko helburuarekin sortu da K-FOROA.
K-FOROA, MONDRAGON Korporazioaren lehenengo komunikazio foroa
2018/02/28

"Enpresen komunikazioa eta ospea" izenburupean egingo da datorren martxoaren 1ean MONDRAGON Komunikazio Foroa. K-FOROA goizeko 9:30ean hasiko da, Iñigo Ucin MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakariaren ongietorriarekin. Ondoren, Angel Allozak hartuko du hitza eta "Enpresa ospearen joera" izango du hizpide. Corporate Excellence ospea lideratzeko zentroko zuzendari nagusia da Alloza.

Kafearen ondoren "Enpresak, komunikazioa eta ospea" izeneko mahai ingurua egingo da, eta bertan parte-hartuko dute, besteak beste; Silvia Agulló, DKV Taldeko Negozio Arduratsuaren eta Ospearen zuzendaria; Ana Antolín, IBERDROLAko Interes Taldeen eta Ospearen arduraduna; eta Patricia Rodriguez, SD Eibar kirol elkarteko zuzendari nagusia. Mahai ingurua Eroskiko komunikazio zuzendari den Oscar Gonzalezek dinamizatuko du.

K-FOROA zuzenean emitituko da streaming bitartez, www.tulankide.com webgunean. Era berean, gonbidatu guztiek ere zuzeneko seinalea jasoko dute zentro korporatiboko areto nagusian. Asmoa da parte-hartzaileek euren komentarioak eta ekarpenak #kforoa hashtag-aren bitartez konpartitzea, eta hala datozen urteetarako eskaintza hobea egitea.