Haurrentzako tailerrak urtarrilean — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Haurrentzako tailerrak urtarrilean

ULMA Fundazioak haurren tailerrak antolatu ditu urtarrilaren 2, 3 eta 4an, ULMAko 4 eta 10 urte arteko umeentzat, 14:00etatik 18:00etara, Oñatiko MU Enpresagintzan.
Haurrentzako tailerrak urtarrilean
2018/12/03

Abenduaren 20 arte izena emateko epea irekita dago. Horretarako, galdetegi hau bete beharko da edo 943 250 300 telefonora deitu dezakezue.

Gehienez 50 ume onartu ahal izango ditugu. Gehiago izanez gero, 20an zozketa egingo dugu familiaka eta egun horretan bertan jakinaraziko dizuegu emailez lekurik izango duten ala ez.

Egun horietan unibertsitateko ikasleak oporretan daudenez, MU Enpresagintzak ULMAri espazio hau utziko dio, LEINN ikastaroko ikasleekin lankidetzan antolatu baitira tailerrak. Izan ere, ikasle horiek dira begirale gisa ibiliko direnak, ekainean antolatu izan ditugun tailerretan bezala.

Horrela lanaren eta familiaren kontziliazioan lagundu nahi dizuegu. Izan ere, guraso askok ULMAn lan egin beharko duzue eta etxeko txikienak oraindik oporretan egongo dira.

Tailer hauetan azalduko diegu gai teknologiko errazak, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art y Mathematics) metodologia aplikatuz. Animatu izena ematera. Oso ondo pasatuko dugu!