• Ulma Taldea

Euskaraldiak utzitakoa

2020/12/09
Gaitz guztien gainetik euskararen unibertsoan denontzat dago tokia eta hori berriki amaitu den aurtengo Euskaraldia ekitaldian ikusi dugu. Azkenean, 734 pertsonek hartu dute parte ULMA Talde osoan, 118 belarriprestek eta 616 ahobizik. Parte hartu duten %34 izan dira emakumeak, %65 gizonezkoak eta %1 ez binarioak.

2020ko berrikuntza ariguneen bidetik etorri da, euskaraz lasai eta eroso egin daitekeela aitortu eta agerian jarri duten guneak. ULMA Taldean 34 arigune osatu dira aurtengoan eta horiekin egin da hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa.

Aurtengo egoera berezian moldatu gara Euskararen Egunari kolore pixka bat jartzen eta galdera-erantzunen jolas parte-hartzaile bat antolatu da. Lehiaketak oihartzuna izan du; izan ere, 380 lagunek parte hartu du negozio guztietan eta Errigorako saskiak zein liburu eta diskoak parte hartzaileen artean banatu dira.

Pello Jauregi ikerlariak dioen bezala, “entrenamendu bat da Euskaraldia. Euskararen erabileraren benetako partida denok euskaraz ulertzen dugunean hasiko da.” ULMA ere norabide horretan doa. Hau esanda, erronka eder bat dugu parez pare: egun hauetan probatu duguna ez dadila alferrikako ahalegina izan eta geure ahalen arabera entrenatzen segi dezagun, gogor bezain gozo!