• Ulma Taldea

Bukatu dira Enplegagarritasun Planaren lehen Ikastaroak

2020/07/10
ULMAko hainbat negoziotako 18 bazkidek bukatu dituzte ULMA Profila eskuratzeko Prestakuntza Planaren lehen ikastaroak. Makineria eta Industri Ekipamendua, Mekatronika eta Materialak, eta Soldadura espezialitateetako profiletarako ikastaroak izan dira.

Ikastaroak Miguel Altuna Institutuan eman dira, institutuak Bergaran dituen instalazioetan, eta irailean programatutako gainerako ikastaroak ematen jarraituko da.

Teknologietan, kudeaketan eta ingurunean bertan gertatzen ari diren eta datozen urteerako lan guneak eraldatuko dituzten etengabeko aldaketek eraginda eta krisi egoerei aurre egiteko ULMA Taldeko bazkideen enplegagarritasuna handitu beharra zegoela ikusita sortu zen “Bazkideen Enplegagarritasuna” izeneko proiektua.

2017ko irailaren 7an hasi zen programa hau, eta ULMA taldean goi mailako lanbide prestakuntzarik ez duten 50 urtetik beherako bazkide mugagabeei zuzenduta dago, gure merkatuen ondorioz ekoizpenean gaur egun egin behar diren aldaketei eta etorkizunean egin beharko direnei erantzuna emateko behar den prestakuntza hori ez duten bazkideen mugikortasuna errazteko.