Ahaztu ezinezko bidaia egiteko prest? — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Ahaztu ezinezko bidaia egiteko prest?

ULMA Fundazioak inoiz ahaztuko ez duzun bidaia bat egitera gonbidatu nahi zaitu.
Ahaztu ezinezko bidaia egiteko prest?
2017/02/23

Mundukideren eskutik, esperientzia aberasgarri eta ahaztezin bat izateko aukera daukate ULMAko bazkideek, Mundukidek berak programak garatzen dituen herrialderen batean:  Mozambike, Brasil, Bolivia, Kolonbia…

Azkenaldian buruan darabilzun ideia baldin bada, baina orain arte ausartu ez bazara, elkartasun bidaiek erakartzen bazaituzte, zure trebeziak eta ezagutzak beste pertsona batzuekin partekatu ditzakezula uste baduzu eta gurea bezain erosoak ez diren beste inguruetan moldatzeko gai zarela ikusiz gero …orduan jar zaitez ULMA Fundazioarekin harremanetan zure interesa azaltzeko: ulmafundazioa@ulma.com

Interesatutako pertsona guztiekin bilduko gara eta dauden aukeren berri emango diegu, besteak beste, noiz, non, zenbat egunetarako edo zein baldintzatan izango den azalduz. Interesatutako pertsonen profilen lehen azterketa bat egingo da, eta Mundukiderekin batera ikusiko dugu ea profil horiek aproposak diren hainbat herrialdetako programak aurrera eramateko.

Momentuz, albiste hau irakurtzeak elkartasunerako grina piztu badizu, jar zaitez gurekin harremanetan, inolako konpromisorik gabe.

Ondoren, informazio osoa eskura duzula, hausnartu eta erabakirik onena hartu ahal izango duzu.