70 artelan baino gehiago jaso dituen Eskulan Lehiaketaren sari banaketa egin da. — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

70 artelan baino gehiago jaso dituen Eskulan Lehiaketaren sari banaketa egin da.

Garai hauetan izan ohi den moduan, ULMA Taldeko egoitza bertako negozioetako bazkideen eta langileen topaleku izan zen atzo, beraien seme-alaben nortasun artistikoaz gozatu eta horiei omenaldia egiteko.
70 artelan baino gehiago jaso dituen Eskulan Lehiaketaren sari banaketa egin da.
2014/10/17

Seigarren edizio honetan, orain arteko marrazki lehiaketaren ordez; parte-hartzaileei, ahalegin handixeagoa eskatu zaie eskulanetan emandako denbora eta erabilitako baliabideei dagokienez. Eta, oraingoan ere hauen irudimena eta parte hartzea harritzekoa izan da.

Aurtengo eskulan lehiaketa, birziklapenaren eta baliabideen berrerabileraren ingurukoa izan da eta etxeko txikiek honetan ere ondo baino hobeto moldatzen direla erakutsi zuten 70 eskulan baino gehiago aurkeztuaz.  Birziklatzeko aldeko jarrerarekin eta asmamen puntu batekin, plastikoa, papera, kartoia edo txapa bezalako materialen bizi iraupena luza daitekeela erakutsi dute parte-hartzaileek benetako artelanak sortuz.

Eskulan guztien erakusketa egin zen, gurasoen gozamenarako eta harridurarako  eta egile guztiek zeramikazko itsulapikoa jaso zuten opari gisa, honekin batera emandako margoekin euren trebezia artistikoa lantzen jarrai dezaten.  Opariak egunkari paperean bilduta eman zitzaizkien guztiei eta hauetako bik bizikleta pare bat ere eskuratu zuten Raúl Garcíaren, ULMA Taldeko Lehendakariaren eskutik, Komunikazio Batzordeak kostata hartutako erabakiari kasu eginez.

Nahia Lasagabaster eta Paule Ortíz de Apodaka

Sari banaketara gerturatutako neska mutikoek esan zutenez, eskulanak egiten ederto pasatu zuten eta erabilitako materialak lortzeko orduan, etxeko guztien laguntza izan zuten. Hau guztia kontutan hartuta, datorren urterako ere Birziklapena izan liteke eskulan lehaketarako erabiliko den gaia.

Eskulanen eta sari banaketaren inguruko argazkiak

Bideoa: